Arrakasta edo porrota

Europan oraindik ez dago onarturik hegazti gripearen aurkako txertoa jartzea, kasu bakan batzuetan izan ezik. Beste herrialde batzuetan, urteak daramatzate erabiltzen.

Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hegazti influentzaren aldaerarik ezagunena (H5N1) 1996an atzeman zuten lehenbizikoz, Txina hego-ekialdeko Guangdong probintzian. Milurteko hasieratik, hainbat herrialdek ekin zioten txertaketari, hura amaitzeko asmoz. Urte ugari igaro dira, eta, hainbat herrialdetan, txertoak erabilgarri izan dira; beste batzuetan, ez. Atzera begira, badira kontuan hartu beharreko zenbait faktore Europak ziztatzeari ekin aurretik.

Egipton, esaterako, 2006an agertu zen gripea. Bi urte geroago, gaitza enzootikotzat jo zuten; hau da, eremu batean denbora luzez animaliei etengabe erasaten zien gripeak. Hasieran, Egiptoko Gobernuak neurri jakin batzuk aplikatu zituen: arriskuaz jabetzea, kutsatutako hegaztiak hiltzea, mugimenduak murriztea, eta larrialdiko txertaketa egitea eskorta handienetan.

Birusa ez zen apaldu, eta autoritateek eskorta guztietara zabaldu zuten txertaketa. Azkenean, utzikeriaz, txertoa bihurtu zen gaitza kontrolatzeko neurri bakar. Egiptoko Osasun eta Biztanleria Ministerioak beste hainbat eragilerekin egindako ikerketa baten arabera, «estrategiak porrot egin zuen», agerraldiak ez baitziren baretu. Gainera, orduan erabilitako txertoa ez zetorren guztiz bat ezabatu nahi zen hegazti gripearen azpimotarekin.

Bateragarritasuna

Horrela, ikerketako arduradunek kontuan izateko argibideak ere eman zituzten: txertoa zirkulazioan dagoen aldaera genetikoarekin bat etortzea; txertatze maila handia izatea; horien eraginkortasuna laborategietan ez ezik eskortetan ere ziurtatzea, eta efikazia urtero ebaluatzea.

Beste herrialde batzuetan, Vietnamen, Txinan eta Hong Kongen, influentzaren intzidentzia apaltzea lortu dute prebentzio neurriekin, txertaketa kanpainarekin eta haren jarraipenarekin.

Hala ere, hainbat herrialdetan txertoa debekatua dago oraindik. Zenbaitetan, zaila da kutsatutako eta txertatutako hegaztiak bereiztea, eta herrialdeak gaitza inportatuko ote duten beldur dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.