Arrakasta bideraezina

Hiriko auto elektrikoan aritu zen ingeniari batek adierazi du epaiketan «nekez pentsa zitekeela» halako proiektu batek aurrera egingo zuela

Hiriko auziko lehen bista Merkataritza alorreko epaiketan, Gasteizen, iragan irailaren 15ean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bertsio kontrajarriak eman zituzten lekukoek Hiriko kasuko epaiketaren laugarren saioan. Batzuen ustez bideraezina zena sekulako arrakasta izan zen beste batzuentzat. Merkataritza arloko epaiketa aurrera doa, motel. Atzo, esaterako, hamar lekuko deituta zituen Maria Teresa Trinidad Santos epaileak, baina lau baino ez ziren agertu deklaratzera.

Alvaro Lopetegi ingeniaria ibilgailu elektrikoa garatu zuen lantaldean aritu zen, eta, haren ustez, hasieratik «oso zaila» zen autoa sortzea, garapen teknologiko «itzela» eskatzen zuelako. Harekin batera Epsilonetik Hiriko-ra pasatu ziren beste ingeniari batzuek proiektua utzi zuten, ez zutelako bideragarri ikusten. «Nekez pentsa zitekeen aurrera egingo zuela», zehaztu zuen.

Puntako teknologia berritzailea garatu nahi zen Hiriko-ren bidez. Esaterako, gurpil robotikoak izango zituen ibilgailuak, bira oso bat lekutik mugitu gabe egitea ahalbidetu behar zutenak. Arazo asko eman zituzten, ibilgailuak pisu gehiegi pilatzen zuelako. Bruselan aurkeztu zen prototiporako entregatu ziren, baina erabilgarriak izango zirenak «ez ziren inoiz iritsi». Jakinarazi zuen Sapa eta Maser hornitzaileek—enpresaren porrotean laguntzaile izateaz akusatuta dauden enpresak— ez zituztela enkargatuak zituzten lan guztiak egin. Momentu jakin batean, ibilgailuaren elementu bereizgarrienetako batzuk erretiratu zituzten —tartean, gurpilak—, proiektu «errealago» bat egiteko asmoz.

Defentsek galdetuta, Lopetegik azaldu zuen ingeniaritza taldeak zuzendaritza batzorde baten aginduak jasotzen zituela. «Ez genituen batere argi ikusten bilera horietan erabakitzen zituztenkontuak», ziurtatu zuen. Egunez egun lanean ari ziren ingeniarien iritziari ere ez zitzaiola kasurik egiten ohartarazi zuen. Porrotaren akusatuek, Afypaida elkarteko lau buruek, halako proiektu bat gidatzeko zuten gaitasuna zalantzan jarri izan dute fiskaltzak, Estatuaren abokatuak eta administrazio konkurtsalak. Ibilgailu elektrikoa sortzeko egitasmoak ia 19 milioi eskuratu zituen laguntza publikoetan, erori zen arte.

«Emaitzak daude»

Ibilgailuarekin lanean ari zirenekin alderatuta, bestelako bertsio bat aurkeztu zion epaileari Juan Antonio Martin Prado Denokinn elkarteko kideak. Proiektu berritzaileak sustatzeko elkarte publiko gisa abiatu zen Denokinn, Luis Miguel Macias Eusko Jaurlaritzako sailburuordearen gidaritzapean. Porrotean bidelagun izatea leporatzen diote akusazioak elkarteari. Proiektu arrakastatsua izan zela adierazi zuen. «Emaitzak daude», justifikatu zuen. Besteak beste, proiekturako laguntza ekonomikoak eskatzeko memoria teknikoak prestatzen zituen Martin Pradok.

Ibilgailu proiektuaren berri MIT unibertsitatean jaso zuten Denokinnekoek —babesle ziren, eta horrek aukera ematen zien proiektuen berri izateko—, eta Afypaida sortu zenean, Araban garatzeko aukera ikusi zuten. Ideia zen proiektua hastapenetatik abiatzea eta merkaturatzeko atariraino garatzea.

2013. urtean Europatik bi diru laguntza eskatzeko tramitea bideratu zuen, eta 800.000 euro lortu zituen. Ez hartzea erabaki zuen Afypaidak. «Harritu ninduen erabakiak, pentsatu nuen erabakia zutela ordurako enpresa ixtea», zehaztu zuen. Defentsari erantzunez, zehaztu zuen diru hori ezin izango zela erabili hornitzaileei zorra ordaintzeko. Porrota okertu izana leporatzeko, besteak beste, konkurtsora jotzeko atzerapena erabili dute akusazioek, 2015 arte ez zelako egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.