Arrakala kronifikatu egin da

LABek lan sektore feminizatuen egoera aztertu du, eta emakumeak oraindik ere «bigarren mailako» langileak direla ondorioztatu. Batez beste, gizonen soldata %29,4 handiagoa da

Arrakala kronifikatu egin da.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Emakume langileen behin-behinekotasun tasa gizonezkoena baino zortzi puntu handiagoa da, eta partzialitate tasan hogei punturaino zabaltzen da alde hori. Emakume langileen %27,2k aldi baterako kontratua dute; egoera horretan dauden gizonak, berriz, %19,3 dira. Esan bezala, aldea handiagoa da jardunaldi osoa ez dutenen langileen kasuan: emakumeen %26 eta gizonen %5,8. Bi alderaketa horiek LAB sindikatuak sektore feminizatuen egoeraren inguruan eginiko ikerketako emaitzetako bi dira, eta emakumeak «bigarren mailako» langile direla oraindik ere.

Ipar Hegoa fundazioak eta sindikatuaren idazkaritza feministak txosten bat argitaratu dute 183 lan hitzarmen aztertu ondoren. Haien iritziz, gutxieneko legezko soldata 1.400 euro gordinekoa beharko luke —1.135 euro garbi hilean, hamalau ordain- sarirekin—; bada, azterturiko hitzarmen horietatik 23k bakarrik dituzte maila guztiak soldata horren gainetik. Hitzarmen guztiak batuz gero, 2.300 maila ezberdin bildu dituzte, eta %52,17 erreferentziazko soldata horretatik behera daude. Lagina sektore feminizatuetara mugatuz gero —langile gehienak emakumeak dituztenak—, 45 lan hitzarmen guztira, 840 kategorietatik %71,42tan dute 1.400 euro gordinetik beherako soldata.

Zahar etxeetako egoeran jarri du arreta LABek. «Zerbitzu horiek, etxeko laguntza eta halakoak azpikontratatzeak eta pribatizatzeak langileen prekarizazioa eragiten du, eta zaintzaren inguruan dagoen negozioa elikatzen», azaldu du Eli Etxeberria sindikatuko idazkaritza feministako kideak. Izan ere, zahar etxeetako langile batzuen soldata ez da iristen hileko 900 euro gordinera. Hauek dira 1.400 eurotik behera dabiltzan beste sektoreak: ileapaindegiak, elikagai merkataritza, merkataritza orokorra, eraikin eta areto garbiketa, eta Espainiako hitzarmena duten merkataritza gune handiak.

«Eta hori hitzarmena duten postuetan, langileen %8,3k inoiz ez baitute hitzarmenik izan, eta horien hiru laurdenak emakumeak dira», nabarmendu du Oihana Lopetegi Ipar Hegoako azterketa arduradunak. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 55.000 langile daude egoera horretan, eta %51,9 etxeko langileak dira. Hego Euskal Herrian ia 35.000 etxeko langile daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Egoera aldatzen hasteko, Etxeberriak ezinbestekotzat jo du etxeko langileentzako lan hitzarmena adostea.

Pentsiodunak, okerrago

Eta soldata arrakala? «Ez du aldaketa zantzurik», laburbildu du Etxeberriak: «Sexuaren araberako lan banaketak irauten duen bitartean, oso zaila izango dela arrakala amaiaraztea». Izan ere, gizonezkoen batez besteko soldata emakumeen baino %29,4 handiagoa da, eta azken hamar urteetan aldaketa gutxi egon da. Egun, gizonek 31.417 euro gordin irabazten dituzte batez beste —1.696 euro garbi hilabetean, gutxi gorabehera—; emakumeek, berriz,24.278 euro —1.367 garbi hilabetean—. Aldea, beraz, 7.139 eurokoa da. Datu hori 2018koa da. Hamar urte lehenago, 2008an, arrakala 6.690 eurokoa zen. Datu horiek, dena den, badute hutsa. Espainiako Estatistika Institutuak aldi baterako kontratuen soldatak urte osora estrapolatzen ditu emaitza konparagarriak jasotzeko. Hori ez da egoera erreala, eta emakumeen behin-behinekotasun handiagoa denez, logikoa da pentsatzea arrakala are handiagoa dela.

Arrakala ez da soldaten ingurukoa bakarrik, erretiroan handitu egiten delako. Gizonen pentsioak emakumeenak baino %68,4 handiagoak dira. Gizonen batez besteko pentsioa 1.482 eurokoa da; emakumezkoena, berriz, 880koa. Gauzak hala, emakume pentsiodunen %55,55 pobreziaren arriskuaren azpitik bizi dira —839 euro hilabetean—; gizonezkoen kasuan, berriz, %19,47 dira pobreak. «Sistemak zaintza lanengatik emakumeekin duen zor patriarkala onartu ezean ezingo da aldatu», iragarri du Etxeberriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.