Koronabirusa. Javier Arrieta Idiakez. Lanaren eta Gizarte Segurantzaren irakasle titularra Deustuko Unibertsitatean

«Argiro bereizi behar dira osasuna, intimitatea eta datu pertsonalak»

COVID-19aren inguruko testekin Hego Euskal Herrian indarrean dagoen legediak enpresei zer ahalbidetzen dien eta zer ez, xehetasun guztiak azaldu ditu Javier Arrietak, idatziz egindako elkarrizketan.

BERRIA.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Enpresek ba al dute eskubiderik langileei COVID-19aren immunitate testak egiteko?

Bai, LAPL lan arriskuen prebentzioari buruzko legean oinarrituta. Izan ere, enpresaburuak bere langileei osasuna zaintzea bermatu behar die, lanarekin zerikusia duten arriskuak aintzat hartuta. Halaber, ez da ahaztu behar Espainiako Gobernuak lan istripuarekin berdinetsi dituela COVID-19ak langileei begira eragindako bakartze eta kutsatze aldiak, aldi baterako ezgaitasunak eratorritako prestazioei dagokienez. Bada, horrek enpresaburuaren kostuak gehitzen ditu, gaixo baimenaren laugarren egunetik hamabostera arteko prestazioak bere gain hartu beharko dituelako. Hori horrela izanda, are zorrotzago jokatuko dute enpresaburuek, langileen artean gaitza heda ez dadin.

Frantziako Gobernuak ezetz dio, ezin dituztela egin. Frantziako Lan ministroak dio sekretu medikoa dagoela hor.

Kontuan hartu behar da Europako Batasunaren 89/391/EEE zuzentarauak estatu kide bakoitzaren legeriaren esku utzi dituela langileen osasuna behar den moduan zaintzeko neurriak. Orobat, zuzentarauak dio estatu bakoitzak hartu beharreko neurriok ahalbidetu behar dutela langile bakoitzak duen eskubidea bere osasuna denbora tarte erregularretan zaindua izan dadin. Halatan, erregela orokorra langileen borondatearen aldekoa da. Baina posible da estatu bakoitzaren legediak erregela horri salbuespenak ezartzea, langileen osasuna eta segurtasuna bermatze aldera. Esaterako, hori gertatzen da Espainian. Intimitatearena beste kontu bat da. Egin-eginean ere, argiro bereizi behar dira osasun zaintza, langilearen intimitatea eta osasun zaintzaren ondoriozko datu pertsonalak tratatzea.

Orduan, posible da oniritzirik gabe testak egitea?

Bai, baldin eta legeriaren baldintzak betetzen badira. LAPLak enpresaburuei ahalbidetzen die zenbait kasutan nahitaezko azterketak egitea, betiere, aldez aurretik langileen ordezkariek txostena eginda —nahiz eta azken hori loteslea ez izan—. Kasu horien artean dago, ulerbidez, bizi dugun egoerarekin bat datorrena, alegia, langile baten osasun egoera langile horrentzat, gainerakoentzat eta enpresari lotutako beste pertsona batzuentzat arriskutsua den egiaztatzeari buruzkoa.

Zein dira bermeak intimitatea, datu pertsonalak babesteko?

Lehendabizi, langileen osasuna zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak bete behar ditu egiaztatutako eskumen teknikoa, prestakuntza eta gaitasuna dituzten osasun langileek. Bigarrenez, lortutako informazioak izaera pertsonala du, eta horren berri izan dezakete soil-soilik osasun langileek eta langileen osasunaren zaintzaz arduratzen den osasun agintaritzak. Gainera, informazio horren berri ezin zaie eman enpresaburuari eta beste pertsonei, langilearen esanbidezko adostasunik gabe. Hirugarrenez, langileei gauzatutako azterketen ondorioak jasoko dituzte soil-soilik enpresaburuak eta enpresako prebentzio arloan ardurak dituzten pertsonek eta organoek. Ondorio horien xede bakarra izan behar da jakitea langileak zenbaterainoko gaitasuna duen lanpostuan aritzeko eta, hala denean, lanpostua langileari egokitzea posible ote den, babes zein prebentzio neurriak ezarrita edo hobetuta. Laugarrenez, osasunari buruzko datuek kategoria bereziaren izaera dute datu pertsonalak tratatzeari dagokionez. Horrek esan nahi du xede jakin batzuetarako eta zorrotz araututako irizpideekin bat etorriz bakarrik baliatu ahal izango direla. Adibidez, posible da osasun agintaritzek azterketa zientifikoak gauzatzea, ukitutakoen adostasunik gabe, osasun publikorako garrantzi handiko eta larrialdiko salbuespeneko egoeretan.

Enpresek langileen segurtasuna bermatu behar dute.

Langile guztiei testak egitea ere neurri kolektibo moduan har daiteke, eta neurri kolektiboek lehentasuna dute beti banakako neurriei begira, babeserako jantziei eta maskarei begira, kasurako. Telelangileei ere testak egitea beharrezkoa litzateke, lan egiten jarraitzen dutelako. Bada, enpresaburuak horien segurtasuna eta osasuna babesteaz gain, telelangileak bere etxekoak kutsatzea saihestu behar du, bizi dugun egoeran lantokia eta bizilekua uztartuta baitoaz.

Ez da logikoagoa testak soilik osasun zerbitzuek egitea?

Espainiako Gobernuak lan istripuarekin berdinetsi badituCOVID-19ak jotako edo isolatutako langileen egoerak, zentzuzkoa da enpresaburuek testak egitea, osasun-zaintzako neurri gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.