Argindarra garestituta ere, %3,2ra jaitsi da inflazioa

Urtarrilean baino bi hamarren gutxiago da. Elikagai freskoen prezioek ere gora egin dute, baina BEZaren igoera ez dute horrenbeste nabaritu.

Pertsona bat argindar faktura bat begiratzen. BERRIA
Pertsona bat argindar faktura bat begiratzen. BERRIA
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 14a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Energien eta bereziki elektrizitatearen prezioek gora egin duten arren, otsailean inflazioak bi hamarren egin du behera urtarrilekoarekin alderatuta, eta %3,2an kokatu da Hego Euskal Herrian, ostiral honetan INE Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazitako datuen arabera. Bestela esanda, kontsumorako produktuak oro har iazko otsailean baino garestiago daude, baina igoera apaldu egin da. Urtarriletik otsailera KPIak %0,4 egin du gora.

Indize orokorrak apur bat behera egin izanaren arrazoi nagusia azpiko indizean bilatu behar da. Horrek ez ditu kontuan hartzen elikagai freskoen eta energien prezioak, aldakorrenak izaten direlako. Multzo horretan dauden produktuek garestitzen jarraitzen dute, %2,4 urte arteko tasan, baina urtarrilean baino lau hamarren gutxiago da hori, eta igoerarik txikiena da iazko irailetik.

Gorabehera txiki horiek, halere, ez dute joera aldaketa esanguratsurik erakusten. Inflazioa %3aren bueltan kokatu da urte hasiera honetan. Iaz, hortik behera egon zen bigarren seihilekoan, baina urte amaieran Espainiako Gobernuak energien eta oinarrizko elikagaien BEZari ezarritako murrizketak kendu izanak igoarazi du. Aurreikuspenen arabera, denbora batez behintzat maila horretan iraungo du.

Inguruko herrialdeetan, antzera

Europako Batasunean ere apur bat egin du gora inflazioak urte hasieran, eta %2,5ean kokatu zen urtarrilean. Otsailean Espainiak izan du tasarik handienetarikoa (%3), eta Frantziak txikienetarikoa (%0,8); Alemanian, %2,3 da.

Gutxika-gutxika izan bada ere, Europako Banku Zentralaren helburura hurbiltzen ari da inflazioa, %2 ingurura. Interes tasak jaistea izan da EBZk hartu duen neurria pandemiaren ondorenak eta, bereziki, Ukrainako gerrak eragin zuen inflazio handiari aurre egiteko. Martxo hasiera honetan beste puntu laurden jaitsi ditu interes tasa ofizialak, %2,5eraino, baina Christine Lagardek aitortu du hurrengo urratsei buruzko zalantzak areagotu zaizkiela, giro politiko eta ekonomiko nahasiagatik.

Leku guztietan, igoeraren faktore nagusiak energien prezioarekin dauka zerikusia, eta, bereziki, argindarraren garestitzearekin. Hego Euskal Herrian otsailean %18,6 egin dute gora etxeetako elektrizitate, gas eta ur fakturek. Igoerarik handiena da 2022. urtetik. Urte hartako otsailean berrekin zioten Ukrainako gerrari, eta izugarri garestitu ziren gasaren prezioa eta, horrekin batera, argindarrarena. Horrek kontsumoko gainerako produktuei eragin zien.

Gasari eta petrolioari adi

Ereakundeek igoera horiei eusteko hainbat neurri hartu zituzten, bereziki zergak jaistea. Hego Euskal Herrian iazko abendura arte egon ziren indarrean Espainiako Gobernuak ezarritako beherapenak. Hala ere, hori ez da etxeetako energiek urte hasiera honetan izan duten garestitzearen arrazoi nagusi bakarra. Gogoratu behar da iazko otsailean argindarraren prezioa asko jaitsi zela, gas naturalaren kotizazioak behera egin zuelako, eta energia berriztagarrien ekoizpen handia izan zelako, bereziki eolikoa eta hidroelektrikoa. Horren ondorioz, argindarraren megawatt-ordua 40 euro ingurukoa izan zen handizkako merkatuetan. Kopuru hori halako bi da gaur egun.

Bestelakoa da erregaien kasua. Gasolinaren eta gasolioaren prezioak jaitsi egin dira Hego Euskal Herrian, eta iazko otsailean baino -%0,7 merkeago daude.

Datozen hilabeteetan erabakigarria izango da gasaren eta petrolioaren prezioaren bilakaera. Etorkizuneko merkatuek adierazten dute gasak 2024an baino garestiago jarraituko duela, eta horrek epe laburrean prezioak nabarmen jaistea eragotziko du. Gainera, nazioarteko egoera kontra dago. Europak 2023ko mailatik beherako inbentarioekin itxi zuen iaz, eta AEBetako gas natural likidotuaren (GNL) eskaintzak ere behera egin du.

Petrolioari dagokionez, berriz, prezioen beheranzko joera aurreratzen dute merkatuek. Bereziki, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundekoak ez diren herrialdeak, tartean AEBak, produkzioa handitzen ari direlako. Horez gain, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerraren bilakaeraren arabera, Kremlini zigorrak kendu edo malgutu daitezke, eta horrek petrolioaren eskaintza globala handitu dezake.

Jakiak ere garestiago

Erosketa saskian ere igoera izan da iaztik, %2,9koa oro har. Horretan ere eragina izan du Espainiako Gobernuak oinarrizko elikagaiei ezarritako BEZ murrizketa kendu izanak.

INEk neurtzen dituen 23 produktuetatik hiru baino ez dira merkatu iazko otsaileko prezioekin alderatuta: olioa (-%24,4), azukrea (-%19,8) eta txerri haragia (-%0,3). Aurreneko bietan jaitsiera oso handiak dira, baina kontuan hartu behar da aurreko urteetan izugarri garestitu zirela. Olioaren kasuan, produkzioan izandako arazoengatik; besteak beste, klimaren eraginagatik; eta bigarrenarenean, energia krisiak produkzio kostuak handitu zituelako.

Badirudi bi produktu horien prezioak normaltzen ari direla. Olioaren kasuan, gainera, BEZa %2tik %4 igo izanak ez du ia eraginik izan. Hor mantenduko du Espainiako Gobernuak; lehen %10ean zegoen.

Baina, esan bezala, olioa eta azukrea salbuespena dira, gainerako elikagaiak garestitu egin baitira. Bi bereziki. Behi haragiaren prezioa handitu da gehien iazko urteko prezioarekin alderatuta: %9,8. Halaber, kafea, kakaoa eta infusioak daude, zeinak %9,2 garestiago dauden duela urtebete baino.

Oinarrizko beste elikagai batzuetan ere igoera deigarri batzuk daude. Arrain fresko eta izoztuak  %7,5 garestiago daude; lekale eta barazki freskoak, %7,5; eta frutak, %4,6.

datuak

 

+%9,3

 

Aseguruak Gehien garestitu diren produktu edo zerbitzuen artean aseguruak daude: %9,3 iazko otsaileko prezioekin alderatuta. Tabakoa ere garestitu da: %4,2. Eta aisialdia: turismo eta ostalaritza prezioak, %4,1, eta kultura jarduerak, %1,8.

-%11,5

Garraio publikoa Hego Euskal Herriko garraio publikoaren iazko deskontuei eutsi diete; hala ere, behera egin du garraio publikoaren prezioak: %11,5 hiri barrukoetan, eta %3,95 hiri artekoetan. Telefonoak ere nabarmen merkatu dira: %9,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.