Argindarraren gaineko zergak berrikusteko aukera zabaldu du Madrilek

Prezioen igoera dela eta, zerga batzuk denbora batez etetea aurreikusten du, baina ez du iragarri BEZa jaisteko asmorik. Inoizko garestien dago elektrizitatea

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa eta Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoarena, Diputatuen Kongresuan, atzo. CHEMA MOYA / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Garbigailua gauetan edo asteburuetan jartzea martxan: asko laburbilduta, Espainiako Gobernuak irtenbide hori proposatu zuen duela bi aste etxeko argindarraren fakturan aurrezteko. Hilaren hasieran indarrean jarritako orduen araberako tarifikazioak, baina, ez du eragin hori lortu, eta argiaren prezioa historiako garestienen artean dago oraindik ere. Gobernuaren kontrako kritikak ugaritzen hasi dira, eta konponbide bat bilatzeko eskaerak ere bai. Argindarraren prezioa faktore askoren menpe dago, eta oso gorabeheratsua izaten da. PSOE eta Unidas Podemosen gobernu akordioan jasotzen da faktura murrizteko helburua, baina, neurri batzuk iragarri badituzte ere, zezena adarretatik heldu ezinda dabiltza.

HIRU EUROTIK BAT, ZERGAK

Gakoetako bat zergak dira. Fakturaren kostuaren heren bat dira zergak. Gobernuarentzat tabu moduko bat izan da orain arte ate hori zabaltzea, baina atzo Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak adierazi zuen lanean ari direla «egitasmo serio» bat aurkezteko, eta gogorarazi zuen Europako Batasuneko errekuperazio funtserako igorritako planean jasota dagoela asmo hori. Hala ere, ez zuen epeei buruzko zehaztasunik eman, eta are gutxiago edukiez: adibidez, fakturako zein zerga aldatu nahi dituzten, aldatuko badituzte.

Aukera zabaldu zuen, hori bai, energiaren produkzioari ezarritakoa (%7koa) denbora batez eteteko, Sanchezen gobernuak 2018an egin zuen bezala, sei hilabetez. Zerga nagusiaren inguruan, BEZari buruz (%21), berriz, aipamenik ez zuen egin Riberak. Gobernua diru sarreren beharrean izango da etorkizun hurbil batean, eta kolpe gogorra izango litzateke argindarraren moduko zerga bat murriztea.

Espainiak du, haatik, Europa osoan BEZik altuenetako bat: %21ekoa. Gainera, ez du, beste herrialde batzuetan bezala, bereizketarik egiten kontsumitzaileen artean. Portugalen, esaterako, %23koa da, baina kontsumo apalagoak dituztenen kasuan, %13koa. Gauza bera Italian: %22tik %10ra. Alemanian %19koa da denentzat, eta Frantzian, %17,5ekoa.

PREZIOEN GURPIL ZOROA

Atzo beste errekor historiko bat ezarri zen argindarraren prezioan. Handizkako merkatuan eguneko batezbestekoa 94,63 euro megawatt/ordukoa (Mwh) izan zen. Aurretik, bitan baino ez da egon gainetik: 94,99 euro Mwh aurtengo urtarrilaren 8an, eta 103,76 euro Mwh 2002ko urtarrilaren 11n. Europako handizkako merkatuetan Espainiak du argindarraren preziorik altuena.

Hainbat faktore daude horren atzean, baina, bereziki, hiru. Batetik, sektorearen antolaketa eta energia iturrien mixa: funtsean, hiru enpresa handiren esku dago produkzioa, eta, azken batean, handizkako merkatuko prezioa ere bai. Izan ere, oligopolio bat osatzea leporatzen diete Iberdrolari, Endesari eta Naturgyri, konpetentziarik ez dutelako ia, energiaren %60tik gora ekoizten baitute haiek, eta haien esku daudelako kontsumitzaileen kontratuen %60tik gora ere. Bestetik, horri bide ematen dion legedia dago. Eta horri guztiari gehitu behar zaizkio gasaren eta CO2 emisio eskubideen nazioarteko merkatuak, zeinak duela sei hilabeteko prezioa halako bi garestiago dauden. Testuinguru horrek eta egungo egoerak eragin dute prezioak igotzea.

Izan ere, osasun krisiak hobera egitearekin batera, jarduera ekonomikoa suspertu egin da, eta horrek eta egunotako beroaldiak argindar gehiagoren beharra eragin du. Hori asetzeko, produktoreek ez dute nahikoa energia iturri merke eta garbi (berriztagarriak eta nuklearrak), eta zikinagoak direnak jarri behar izan dituzte martxan, edo gehiago erabili behar izan dituzte: ziklo konbinatuko plantak edo termikoak. Horiek gasa behar dute funtzionatzeko, eta CO2 gehiago isurtzen dute. Espainiako merkatua, Europakoa bezala, marjinalista denez, ekoizteko garestiena den energiak ezartzen du beste guztien prezioa edo azken prezioa.

MOZKINAK MURRIZTU

BEZari heldu beharrean, enpresen mozkinei heldu die gobernuak, oraingoz, hortik fakturaren prezioa murrizteko aukera badagoelakoan: %15 inguru bost urtean. Ekainaren hasieran bi neurri iragarri zituen. Batetik, nahi du energia konpainiek gobernuari ematea nuklearren eta berriztagarrien irabazien parte bat, «zerutik eroritako mozkinak» edo windfall profit deiturikoak. Hala esaten zaio konpainiek energia iturri horietatik merkaturatzen duten argindarrari ezartzen dioten CO2aren gainkostuari, nahiz eta isuririk ez eragin.

Gobernuaren arabera, urtero 1.000 milioi euro bildu ditzake horrela, eta berea asmoa litzateke eskuratutako diruaren %90 berriztagarriak sustatzeko erregimena finantzatzeko erabiltzea, eta %10, gizarte-bazterketa arriskuan dauden kontsumitzaileentzako bonu sozialetarako. Horrekin batera, murriztu egin nahi du kontsumitzaile arrunten fakturetan berriztagarrien sarietarako bideratzen den fakturaren zatia, petrolio konpainien eta erregai fosilak erabiltzen dituzten sektoreen kaltetan, haiek jarri beharko bailukete gehiago.

Bi egitasmoek, dena den, ez dute ibilbide erraza izango. Lege aurreproiektuak dira; tramitazio luzea izango dute Gorteetan, eta han PSOEk eta Unidas Podemosek ez dute gehiengo osorik. Gainera, litekeena da energia konpainiek auzitara jotzea eta prozesua luzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.