Inflazioaren goraldi handiari aurre egiteko babes sozialerako neurri batzuk desagertuz joango dira Hego Euskal Herrian urte berriarekin, eta, besteak beste, datozen sei hilabeteetan modu mailakatuan handituz joango dira argindarraren gaineko BEZa eta beste zergak. Gasarekin gauzak arinago joango dira. %5era murriztuta zegoen gasaren BEZa, %10ean egongo da urteko lehen hiru hilabeteetan eta %21era itzuliko da apiriletik aurrera.
Aldiz, garraiorako laguntzak beste sei hilabetez luzatuko dira, eta baita oinarrizko elikagaien gaineko BEZaren ezeztatzea ere. Bonu sozialarentzako gehieneko deskontuek ere indarrean segituko dute.
Espainiako Gobernuak urteko azken Ministroen Kontseiluan hartu ditu erabakiok, gaur, krisiari aurre egiteko neurri gehienak urtearekin batera iraungitzear zeudela.
Argindarra
Energiari lotutakoak izan dira luzatu ala ez buruhauste gehien eman duten neurriak, eta horien artean aipagarriena argindarraren BEZa izan da. Murriztuta egon da %5era, baina urte berriarekin %10era igoko da, eta igarriko da herritarren energia fakturetan.
Sanchezen gobernuak erdibidea aukeratu du azkenean. Batetik, Bruselaren ohartarazpena bete behar du —energiaren inguruko laguntzak kentzekoa—, eta horri gehitu behar zaio zerga horietan biltzeari utzitako dirua behar duela Europako arau fiskalak eta defizit helburuak betetzeko.
Baina, bestetik, inflazioaren kezka ere hor dauka, eta kontu publikoetan horrek dauzkan ondorio guztiak —adibidez, erretiro pentsioetan—. Horregatik, argindarraren gaineko BEZa ez da oraindik berezko %21era iritsiko.
Argindarraren gaineko zerga bereziaren murrizketa ere desagertuz joango da modu mailakatuan, ohiko %5,1eko tasa iristeko. Orain %0,5eko gutxienekoan badago ere, 2024ko lehen hiruhilekoan %2,5era igoko da, eta %3,8rako bigarrenean. Argindar konpainientzako sorkuntza zergak ere ezeztatuta egoteari utziko dio eta mailaka handituz joango da.
Gasa
Gasaren gaineko BEZa, berriz, apiriletik aurrera leheneratuko da, egungo %5etik %21era, sasoirik hotzena igarotakoan.
Aldiz, bonu sozialen deskontuek ere gehienekoan jarraituko dute, baita gasaren tarifa arautuaren gehieneko prezioak ere. Butano bonbonaren gehieneko prezioak ere izoztuta jarraituko du, baina bonbona prezio horretatik dezente behera egon da azken urtean.
Garraiorako laguntzak
Nahiz eta Sanchezek bere inbestidura hitzaldian iragarri zuen garraio publikoa doan izango zela adin txikikoentzat, gazteentzat eta langabeentzat, azkenean ez da halakorik, eta orain arteko laguntza neurriak luzatuko dira beste urtebetez. Horrela, Renferen aldirikoetako bonuek doakoak izaten jarraituko dute, eta gainerako garraio publikoak erdi prezioan geratuko dira, Espainiako Gobernuak lagunduko baitu txartelaren %30, betiere erkidegoek beste %20 jartzen badute.
Oinarrizko elikagaiak
Jakina zen bezala, oinarrizko elikagaien gaineko BEZa ezeztatuta edo murriztuta egongo da beste sei hilabete. Beraz, %4ko BEZik gabe jarraituko dute elikagai hauek: eguneroko ogia; irina; esne naturala, pasteurizatua, kontzentratua, gaingabetua, esterilizatua, UHT esnea, lurrundua eta esne hautsa; eta Elikagaien Kodearen arabera naturalak diren gaztak, arrautzak, frutak, barazkiak, lekaleak, tuberkuluak eta zerealak. Era berean, pastaren eta olioaren gaineko BEZa %10etik %5era apalduta egongo da ekainera arte.
Banku eta energia konpainien gaineko zergak
Bere horretan jarraituko dute bi zerga berezik ere, bankuen eta energia konpainien ezohiko irabazien gainekoak. Dirudienez, gobernu koalizioko bi alderdiek —PSOEk eta Sumarrek— ez dute adostasunik lortu horren gainean, Sumarrek jarraitzea nahi baitzuen eta PSOEk jada amortizatutzat ematen baitzuen. Irtenbidea izan da zergekin jarraitzea, baina jasoaz hurrengo aurrekontuetan kenkariak izango direla energia konpainientzat, deskarbonizaziorako industria inbertsio estrategikoetarako.
EAJk jakinarazi du berekin adostu duela hori Sanchezen gobernuak. Horrez gain, adostu du bi zergak kontzertatzea EAErekin eta Nafarroarekin.
Fortuna handien gaineko elkartasunezko zerga ere beste urte batez luzatuko da.
Hipotekak eta etxegabetzeak
Indarrean segituko duten beste neurri batzuek etxebizitzarekin zerikusia dute, zeinek apenas duten kosturik Espainiako Gobernuarentzat. Joan den astean, Nadia Calviño Ekonomia ministroak bankuekin hitzartu zuen beste urtebete luzatzea hipoteka maileguen jardunbide egokien kodeen eragina. Ondorioz, 2024an ere dohainik izango da hipoteka aldakorretik finkora edo mistora pasatzea.
Babes protokolorako aukera ere beste urtebetez luzatuko da, eta hura eskatu ahal izateko errenta muga handiagoa izango da familientzat, urtean gehienez 29.400 eurotik 37.000 eurora igo baita. Protokoloak aukera ematen die familiei tasen igoera hamabi hilabetez izozteko, edo amortizazio epea handitzeko. Dena den, bankuek diote halakoak euren kabuz ere eskaintzen dituztela, eskaerak kasuz kasu aztertuta.
Etxebizitzen neurriei gehitu behar zaie 2025era arte luzatuko dela pertsona zaurgarriak etxegabetzeko debekua. EH Bilduk atzo iragarri zuen koalizioak Sanchezen gobernuarekin iritsitako akordio baten ondorioa dela luzapen hori.