Argindarraren BEZa jaistea «adabaki» bat dela salatu dute

EAJk eta EH Bilduk uste dute erreforma sakon bat behar dela prezioak egonkortzeko. Neurria bihar sartuko da indarrean, urtea amaitu bitarte

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Argindarraren faktura merkatzeko BEZa jaisteak ez du oinarrian dagoen arazoa konpontzen. Hala uste dute Espainiako Gobernua babesten duten talde parlamentarioek, besteak beste, EAJk eta EH Bilduk, eta pentsatzen dute elektrizitatearen merkatuak erreforma sakon bat behar duela. Gobernuak atzo onartu zuen argindarraren BEZa %21etik % 10era jaisteko dekretua, eta bihartik aurrera egongo da indarrean, urtea amaitu bitarte.

Madrilek neurri hori hartu behar izan du argindarraren fakturan izaten ari diren gorakadei eusteko. Erabakia, halere, baldintzatua izango da: kontratatutako potentzia hamar kilowattekoa baino txikiagoa dutenei eragingo die soilik, eta handizkako merkatuaren hileko prezioa orduko megawatt bakoitzeko 45 eurotik gorakoa den hilabeteetan -aste honetan 86 eurotan egon da batez beste-. Neurri horrekin, kontsumitzaile arrunt batek sei euro inguru aurreztuko ditu hilean; horri gehitu behar zaio elektrizitatea sortzeko zergan egingo den murrizketa (%3-5ekoa), hiru hilabetez: beste hiru euro inguru.

Gogoz kontra

Argindarraren prezioaren igoeraren atzean hainbat faktore daude: funtsean, osasun krisiak hobera egitearekin batera, jarduera ekonomikoa suspertu egin da, eta horrek eta egunotako beroaldiak argindar gehiagoren beharra eragin du. Horretarako, konpainiek sortzeko garestiagoak diren energiak erabili behar izan dituzte, gasa erabiltzen duten ziklo konbinatuko plantetakoa, adibidez, eta horrek igo egin du merkaturatzen duten argindarraren prezioa, eta, ondorioz, baita kontsumitzaileen faktura ere. Gobernuak bi lege egitasmo aurkeztu ditu elektrizitatearen merkatuan aldaketa batzuk egiteko, baina, egungo egoerak behartuta, BEZa jaistearen bidea hartu behar izan du, gogoz kontra, diru sarrerak nabarmen murriztuko zaizkiolako.

Aitor Esteban EAJren bozeramailearen ustez, erabaki «azkar» bat da, urte amaieran berrikusi beharko den «adabaki bat», eta, gainera, administrazioen diru bilketan okerreko eragina izango duena: 1.200 milioi euro inguru, gobernuak berak aitortu duenez. Diputatu jeltzalearen ustez, sistema elektrikoaren erreformari heldu beharko litzaioke, berriztagarrietarako trantsizioa indartzeko eta argindarraren faktura garestitzen duten energien erabilera gutxitzeko. Halaber, uste du hori bateragarria dela beste neurri batzuekin: gasa merkeagoa den garaietan biltegiratzeko aukerak erraztearekin, adibidez.

EH Bilduko Oskar Matuteren ustez, BEZa jaitsita «tiratxo bat jarri du zaurian» Madrilgo gobernuak: «Ezer baino hobea da, baina plazebo bat da; koalizio gobernuak ausardia handiagoz jokatu beharko luke». Haren esanetan, merkatu elektrikoan «esku hartu» beharko luke, konpainien oligopolioa amaitzeko.

Horren harira, Ruben Sanchez Facuako idazkari nagusiak salatu duenez, helburu hori duten egitasmoak «geldiarazten» ari da PSOE: «Edo ez ditu martxan jarri nahi, edo ez da ausartzen». BEZaren jaitsieraren inguruan, azpimarratu du hilabete batzuetarako bakarrik egongo dela indarrean, eta, gainera, baldintzatuta. Eta gogorarazi du enpresa elektrikoak ere onuradun izango direla, gobernuak haiei ere «barkatu» egin dielako energia sortzeko zerga. Facuak «egiturazko neurriak» galdegin ditu, besteak beste, energien handizkako merkatuaren eredua aldatzeko, «espekulazioa eta konpainia batzuek bidegabeki jasotzen dituzten onurak amaitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.