Espainiako Gobernuak jada iragarri du zein izango den datorren larunbateko ministroen kontseilu berezian onartuko duen lehen neurria: argindarraren gaineko BEZa %10etik %5era jaitsiko du. Duela ia urtebete %21eko tasa arruntetik %10eko tasa murriztura jaitsi zuen BEZa, baina orduz gero are gehiago garestitu da argindarra, eta horregatik txikitu du orain berriro ere. Ez du, ordea, tasa supermurriztuarekin parekatu (%4).
Joan den martxoan, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak arintzeko plan bat onartu zuen, baina hiru hilabeterako soilik zen, eta datorren ostegunean beteko da epe hori. Besterik gabe dekretu hori luzatu beharrean, aldaketa batzuk egingo dizkio orain Espainiako Gobernuak.
Horien artean egongo da argindar konpainien irabazien gaineko zerga berezi bat ezartzea, Italiak eta beste herrialde batzuek egin duten moduan. Zerga horren xehetasunei buruzko eztabaida handia izan dute gobernuko bi aldeek, PSOEk eta Unidas Podemosek.
Ikusteko dago zer gertatuko den gasolinaren eta gasolioaren prezioaren hogei zentimoko deskontuarekin. Garraiolarien elkarteek 40 zentimoko deskontua eskatu dute, eta grebara jotzeko mehatxua egin dute.