Argindarra eta berogailua duela urtebete baino %14 garestiagoak dira

Energiaren prezioa garestitu arren, inflazioak ia ez du gora egin urtarrilean Hegoaldean. Olioa %20 merkatu da urtebetean; azukrea, %16; eta zapatak eta jantziak, %12.

Oliba olioaren apala, supermerkatu batean. JAVIER GUILLEN / EFE
Oliba olioaren apala, supermerkatu batean. JAVIER GUILLEN / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko otsailaren 14a
13:50
Entzun

Prezioek igoera oso txikia izan zuten urtarrilean Hego Euskal Herrian. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, inflazioa %0,034 handitu zen joan den hilabetean. Urtarrilean ohikoa izaten da prezioak ez igotzea, besteak beste beherapenen eraginarengatik. Esaterako, iazko urtarrilean tasa ez zen mugitu; 2023koan, %0,3 jaitsi zen; eta 2022koan, %0,5. Urte arteko aldeari erreparatuz gero, KPIa %3,4 handitu zen. Iazko abenduko datuaren oso antzekoa da hori. 

Gaikako entresaka eginda, deigarria da etxeko gastuek izandako gorakada nabarmena. Espainiako Gobernuak bere zergen inguruan onarturiko hainbat salbuespen neurri amaitu ziren urtarrilean, eta arrastoa utzi dute fakturetan. Horren eraginez, esaterako, argindar eta berogailu gastuak %8,3 garestitu ziren. Urte arteko bilakaerari erreparatuz gero, garestitzea %14,1ekoa izan da —abenduan alde hori %8,2koa zen, ia sei puntu txikiagoa—. Erregaiei bakarrik erreparatuz gero, %3,8 egin zuten gora urtarrilean, eta duela urtebete baino %1,5 garestiagoak dira. 

Hainbat produkturen BEZak gora egin zuen urtarrilean. Horren eraginez, esaterako, esnea %4,8 garestitu zen hilabete bakarrean

Energia eta elikagai elaboratuak ekuaziotik kanpo utzi eta azpiko inflazioari erreparatuz gero, %0,7 egin zuen behera urtarrilean. Hori bai, iaz baino %2,8 gorago dago tasa hori. Eta elikagaiak? 0,6 garestitu ziren urtarrilean, eta duela urtebete baino %3 garestiagoak dira orain. Alderaketa hori abendukoa baino xumeagoa da, orduan %3,3koa baitzen aldea. 

Kafesnea garesti

Erosketa saskian joera oso ezberdinak daude, baina deigarria da olio eta koipeen prezioak izan duen bilakaera. Urtarrilean %5,7 merkatu ziren, eta duela urtebete baino %20,4 merkeago daude. Azukrea da gehien merkatu diren jakien arteko bigarrena: %16,1 urte batean. Dena den, Ukrainako krisia hasi aurreko prezioetatik urrun daude oraindik. Aldiz, gehien garestitu direnak behi haragia (%9,8), kafea eta kakaoa (%8,4), barazki prestatuak (%7,3) eta ardikia dira (%6,1).

Hilabete bakarreko aldeari begiratuz gero, deigarria da esnea %4,8 garestitu zela urtarrilean. Haren BEZa %0tik %2ra igaro zen. Horiek hala, esnea 2024ko urtarrilean baino %2,7 garestiagoa da egun. Elikagaien saskia aparte utzita, jantziak eta oinetakoak dira gehien merkatu diren salgaiak. Iazko urtarrilarekin alderatuta, batez besteko prezioek %12 egin dute behera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.