Batetik, argindar tarifak beherantz presio egin du, baina, bestetik, erregaiak eta elikagaiek gorantz egiten dute. Sokatirahorretan, argindarrak bultzaturik, puntu eta erdi (zehazki, 1,6 puntu) apaldu da urrian Hego Euskal Herriko inflazioa. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, hirugarren hilabetez behera egin du KPI kontsumo prezioen indizeak, baina oraindik ere oso goian dago, %7,2an baitago.
Azken hilabeteko beherakadaren eragile nagusia argindar tarifaren merkatzea izan da. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan. eta Nafarroan, batez beste, %15 inguru merkatu da argindarra, iragan urteko datuarekin alderatuta eta %22 irailetik hona. INEk merkatuko tarifa arautua hartzen du aintzat; horri gasarena gehituz gero, batez beste, argindarra eta gasa %15,7 merkatu dira urtebetean.
Herritarren eguneroko erosketen saskian, elikagaiak eta edariak batez beste %15,7 garestitu dira urte batean, eta %1,9 irailetik urrira. Erregaiaren prezioak ere gora egin du urrian: %1,1 garestitu da irailetik urrira, eta %18,1 azken hamabi hilabeteetan.
Azukreak igoerarik handiena
Elikagai freskoei begira, azukrearen salneurria igo da gehien: %62,8 urtebetean; eta, batik bat ,urrian (%37,04). Lekale eta barazkiak azken hilabetean %9,9 garestitu dira batez beste, eta fruta, %6,6. Azken urteari begira, azukreaz gain, egunerokoan asko erosi ohi diren elikagaiak daude %10etik gorako igoera izan duten gaien artean: hala nola ogia (%15,9), fruta (%11,4), txerrikia (%13,7), txahal haragia (%15,3), hegazti haragia (%14,7), olioa (%22,1), zerealak (%21), esnea (%24,3), lekale eta barazkiak (%27,5) eta arrautzak (%28,5).
Hain zuzen ere, berehalako eragina dutenez, energiaren kostuek eta elikagaiek bultzatu dute gorantz inflazioa azken hamabi hilabeteetan, eta, apurka, eragina izan du bizimoduaren garestitzean. Izan ere, energia eta elikagaiak aintzat hartu gabe kalkulatzen da azpiko inflazioa, eta etenik gabe igo da azken urtean: iazko azaroan, %1,6an zegoen, eta irailean %6,6ra heldu zen. Urrian, lehen aldiz behera egin du, oso neurri apalean bada ere —bi hamarren baino ez da jaitsi—. Azpiko inflazioak balio du neurtzeko prezioen sakoneko joera, eta, horregatik, interesgarria izango da jakitea ea datozen hilabeteetan ere jaitsi egingo den edo zerbait puntuala izan den.
Arroparen eragina
Hilabeteko datuari begira, irailetik urrira %0,3 igo da KPIa. Irailean, esaterako, %0,7 jaitsi zen. Elikagaiak salbuetsita, nabari da beste hainbat artikulu garestitu direla. Adibidez, urrian, gizonen eta emakumeen arropa %11 inguru garestitu zen Hego Euskal Herrian, eta haurrena, %14,5. Dena den, urtebeteko prezioak aintzat hartuz gero, arropak eta zapatak inflazioaren azpitik garestitu dira, eta KPIaren joeran beherantz bultzatzen lagundu dute —argindarrak baino indar txikiagoz, baina eragina izan du—: gizonen arropa %1,4 garestitu da, eta emakumeena %0,6; gizonezkoen zapaten prezioak %1,6 igo dira, eta emakumeenak, %4,9.
Era berean, urtebetean, ostalaritzaren salneurriak %,7,9 igo dira. Kontsumitzaileentzat inbertso handiagoa eskatzen duten artikuluen artean, batik bat altzariak garestitu dira azken urtean: oro har %10,2; etxeko tresna elektrikoak, berriz, %6,3 garestitu dira.