Garbigailua gauez jartzeko edo arropa goizaldean lisatzeko gomendiorik ez da aditzen ia. Duela zenbait astetik hona, gero eta ohikoagoa bihurtu da elektrizitatea zero eurotan egotea eguneko ordu askotan, edo prezio negatiboetan. Horrek ez du esan nahi etxeko lanak egiteagatik energia konpainiek beren bezeroei dirua emango dietenik, argindarraren fakturan, kontsumitutakoaz gain, beste hainbat kontu ordaintzen baitira —zergak, araututako kostuak...—. Baina tarifa arautua edo indexatua dutenek jada nabarituko zuten nabarmen murriztu zaiela hileko faktura, %44 martxoan, eta, orain arte bezala jarraituz gero, are gehiago apirilean.
Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatu elektrikoan aurrez oso gutxitan izandako fenomeno bat da. Otsail amaieratik apirilaren erdira arte, handizkako merkatuan, argindarraren eguneko batez besteko prezioa hamalau eurokoa izan da megawatt-orduko. Eta eguneko ordu askotan zero eurotan edo zero azpitik egon da. Iaz, epe berean eguneko 89 eurotan egon zen. Arrazoi bat dago horren atzean: argindar eskaintza oso handia da dagoen eskarirako, eta argindarra produzitzea merkeagoa da, nagusiki energia berriztagarrien bidez sortzen delako.
Peru Muniain EHUko irakasle eta BERT Basque Energy Research Team ikerketa taldeko kideak azaldu duenez, gertatzen ari dena «ezohikoa» da, baina ez berria. Urteko bigarren hiruhilekoetan normala izaten da prezioek behera egitea, negua pasatuta kontsumoa nabarmen murrizten baita. Besteak beste, tenperaturak epelagoak izaten direlako, berogailua gutxiago jartzen delako, eta Aste Santuko opor egunak direla-eta industriaren kontsumoa ere apaltzen delako. Baina gogoratu du ekain aldera joera hori aldatzen dela, tenperaturak berotzen eta aire girotuak funtzionatzen hasten direnean, batez ere Espainian, kontsumoa berriro igotzen baita eta berriztagarriak ez baitira aski izaten eskaria asetzeko. «Orduan, gas gehiago erreko da argindarra sortzeko, eta prezioak berriz garestituko dira».
Dena den, oraingo jaitsiera ez du soilik kontsumoaren beherakadak azaltzen. Badago beste gako bat: energia berriztagarrien produkzioa izugarri handitu da, bereziki hidroelektrikoarena. Mendietako izotza urtzearekin batera, euri zaparrada ugari egon dira. Horren ondorioz, urtegiak gainezka daude, horietako askok ura askatu behar dute, eta planta hidroelektrikoak gelditu gabe ari dira. Horri gehitu behar zaio eguzkiak eta haizeak ere gogor jo dutela egun askotan.
Gainprodukzioa arazo
Energia fotovoltaikoak eta eolikoak, gainera, badute berezitasun bat: ekoizten duten guztia sartu behar dute merkatuan. Ezin dute gorde, biltegiratzeko teknologiak ez baitaude behar bezain garatuak. Eta horrek ondorio batzuk dakartza, Muniainek azaldu duenez. «Desabantaila bat daukate: ziurgabetasuna sartzen dute merkatuan. Prezioak jaisten dira, baina ezegonkorragoak dira, unean uneko eguraldiaren araberakoak».
Hidroelektrikoarekin ez da halakorik gertatzen. Ekoizleek urtegien biltegiratze ahalmenarekin joka baitezakete, edo, bestela esanda, euren interesen arabera txorrota ireki ala itxi. Hala egin izan dute maiz. «Baina orain ez, urtegiak gainezka daudelako».
«Berriztagarriek ziurgabetasuna sartzen dute merkatuan. Prezioak jaisten dira, baina ezegonkorragoak dira, eguraldiaren araberakoak».
PERU MUNIAIN EHUko irakaslea
Eta zer gertatzen ari da argindarra sortzeko beste teknologiekin? Haien beharra txikiagoa da orain. «Zentral nuklearrak gelditzea garestiago ateratzen denez, zentral termikoak ohi baino gehiagotan itzaltzen ari dira, eta gas gutxiago erretzen». Eta hori da, hain justu, argindarra sortzeko teknologiarik garestiena.
Laburbilduz, azkeneko asteetan, teknologia berriztagarrien «gainprodukzio» bat egon da. Hala dio Iker Txaskok, Enercluster Nafarroan energia berriztagarrien klusterreko kudeatzaileak. Nabarmendu duenez, aurrera begira, halako egoerak gero eta ohikoagoak izango dira, berriztagarriak zabaltzearekin batera. «Horregatik, berriztagarrien hazkundearekin batera energia elektrikoaren kontsumoa handitzeko neurriak ezinbestekoak izango dira. Kontsumoa handitzen ez bada, horrelako gorabeherak ohikoak izango dira handizkako merkatuan, eta hori ez zaio inori komeni».
Inbertsioak jokoan
Txaskoren arabera, argindar merkeak alde on bat du: «lagungarria» da trantsizio energetikoa egiteko. Eta uste du prozesu horrek aurrera egin ahala merkatua «orekatu» egingo dela, «eskaera handituko delako, eta horrek gainprodukzioa murriztu eta prezioak egonkortu».
Baina prezio merkeek arazo bat ere badakarte, Txaskoren irudiko: energia berriztagarrietako inbertsioak gelditzeko arriskua. «Energia garbia sortzeko proiektuek errentagarriak izateari uzten badiote, ez da inbertituko edo ez da finantzaketarik emango proiektu horiek gauzatzeko». Hark, hala ere, ez du uste hori gertatuko denik.
Berdin pentsatzen du Muniainek. Gogoratu duenez, Hego Euskal Herriko eta Espainiako argindar merkatuan ezohikoa izan arren, Europako beste toki batzuetan aspalditik ari dira gertatzen halakoak. «Alemanian edo Frantzian urteak daramatzate prezio negatiboekin. Garai jakin batzuetako fenomenoa izaten da, eta ez da ezer gertatzen; enpresek ez dute arazorik izaten, eta ez dituzte inbertsioak eteten».
Iberiar penintsulako merkatura itzuliz, gaur egun ekoizlek askok, txikiek bereziki, prima bat jasotzen dute, baina, ez badute produzitzen, sari hori kendu egiten diete. Horrek paradoxa bat sortzen du: saria jasotzeko ezin dute produkzioa geratu, baina produzitzen dutenak ez die irabazirik ematen.
«Proiektu berriztagarri baten bizitza 25-40 urtekoa da. Inbertsioa errentagarria izan dadin, batez besteko prezioetan pentsatu behar da, eta ez epe laburrera begira».
IKER TXASKO Enerclusterreko kudeatzailea
Ekoizleen arabera, handizkako merkatuetan argindarraren megawatt-orduaren prezioak 30 eta 40 euro artean egon behar du inbertsioa errentagarria izan dadin. Martxoan hogei eurotan egon zen batez beste, eta apirileko lehenengo bi asteetan, sei eurotan. Azkenengo hamabi hilabeteetan, 71 eurotan. «Inbertsio baten errentagarritasuna neurtzeko, gutxienez, urte osoa hartu behar da kontuan. Ekoizleek badakite urtearen zati handi batean, batez ere udaberrian, gutxiago irabaziko dutela, baina beste garai batzuetan konpentsatuko dutela hori. Ez dut uste oraingo egoerak berriztagarrien inbertsioei kalte egingo dienik», berretsi du Muniainek.
Hala espero du Txaskok ere. «Proiektu berriztagarri baten bizitza 25-40 urtekoa da. Batez besteko prezioetan pentsatu behar da, eta ez epe laburrera begira». Egun aurreratuta dauden proiektuei dagokienez, uste du «okerra» litzatekeela oraingo egoeragatik etetea. «Asko dago jokoan. Instalatutako gaitasun horren behar handia izango dugu elektrifikazio eta deskarbonizazio estrategian».
Biltegiratzea da gakoa
Muniainen arabera, energia berriztagarrien errentagarritasuna ez dago zalantzan. «Errentagarriak izaten jarraituko dute, atzean beti izango dutelako beste energia edo teknologia bat. Gaur egun, zentral termikoek gasa erabiltzen dute, haizerik edo eguzkirik ez dagoenean energia beharra betetzeko azkarren itzali eta piztu daitekeen teknologia baita».
Baina Muniainen eta Txaskoren iritzian, epe ertainera begira, beste bat izango da gakoa: berriztagarriak biltegiratzeko ahalmena handitzea, modu masiboan egin ahal izateko plantak garatuz edo garraioaren elektrifikazioaren bidez. «Ibilgailu elektrikoen kopurua handitzean, energia berriztagarriaren biltegiratzea ere handituko da, autoen baterien bitartez, eta prezioa igoko da, eskaria handituko delako. Horrek oreka bat ekarriko du merkatura», azaldu du Muniainek.
Energia berriztagarrien errentagarritasuna ziurtatzeko beste bide bat partikularren arteko luzerako kontratuak (PPA) dira. Gobernuaren enkanteen alternatiba gisa sortu ziren, eta gero eta zabalduago daude. Ekoizleek beren produkzioa bezeroei saltzen diete zuzenean —bereziki kontsumitzaile handiei, industriei—, aurrez ezarritako prezio finko batean. «Halakoetan, prezioen fluktuazioak txikiagoak dira», azaldu du Txaskok. Megawatt-ordua 40-50 eurotan ordaindu izan da, baina kontratu berrietan prezioak behera egiten ari dira, egungo egoera dela eta.
«Energia ekoizleok arazo bat daukagu»
Goiener, energia merkaturatzaileetako bat izateaz gain, energia berriztagarrien ekoizlea ere bada. Leire Astigarraga merkatu teknikariak dioenez, proiektuak garatzeko arazoak izaten ari dira, egungo salmenta prezio txikiak direla eta. Haien egoera, hala ere, beste batzuena baino hobea da, PPA edo alde biko kontratu finkoen bidez saltzen dutelako ekoizten duten energia. Baina, ziurtasun handiagoa izan arren, kontratu mota horietako prezioak ere behera egiten ari direla gogoratu du.
Energia kooperatiban, gainera, badute beste arazo bat. Bezero «askok» Goiener utzi dute merkaturatzaile handietara joateko, haiek bakarrik eskaintzen baitituzte tarifa arautuak, eguneko argindar merkatuari lotutakoak; edo merkatu libreko tarifa indexatuak eskaintzen dituzten enpresetara joan dira —Goienerrek ez du halakorik—.
Goienerren, tarifa finkoak dituzte, eta hiru hilean behin berrikusten dituzte. Astigarragak azaldu duenez, gaur egun ezinezkoa dute tarifa arautuko prezioekin lehiatzea. «Eboluzioa ikusita, guk ere prezioak jaitsi beharko ditugu. Baina arazo bat da guretzat. Gure helburua da merkatutik kanpora independenteak izatea, baina, aldi berean, kontziente gara merkatutik kanpo gure instalazioak garatzeko eta gure prezio propioak jartzeko arazoak ditugula, eta asko galtzen dugula lehiakortasunari dagokionez».