Berriro saiatuko da. Espainiako Gobernuak urteko azken Ministroen Kontseilua egin du gaur, eta amaieran, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ezinezko oreka jokoa irudikatu du. Kontseiluak lege dekretu bidez onartu du argindar konpainia handien gaineko zerga beste urtebetez luzatzea. Alta, azaroaren 20an egiaztatu bezala, ez du gehiengorik neurri hori aurrera ateratzeko Espainiako Kongresuan. Izan ere, haren inbestidura babestu zutenetako bi alderdik, EAJk eta Juntsek, ez dute bat egin.
Azken Ministroen Kontseiluaren ostean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak azken hamabi hilabeteetako azterketa politikoa egin du. Ordubete baino gehiago iraun duen mintzaldian, gobernuak onartutako neurrietako batzuk aipatu ditu.
Dena den, aparkatuta geratu dira beste batzuk. Adibidez, espero zen dieselaren gaineko zerga gasolinarekin parekatzea. Gobernuak nahiago izan du igoera hori atzeratu, eta denbora irabazi bere bazkideekin negoziatzeko. Alta, ez du ere denbora askorik. Bruselak exijitzen du dieselari ezarritako zerga onura kentzea, Europako funtsen hurrengo ordainketa kobratu ahal izateko. Martxoaren 31ra arteko epea eman dio.
Jarraian onartutako neurri nagusiak:
1
Argindar konpainien zerga
Iaz sartu zen indarren argindar konpainien gaineko zerga, aurten luzatu egin da, eta orain Madrilek onartu du beste urtebetez luzatzea. Sanchezen arabera, «berritasun nagusia» izango da trantsizio energetikorako inbertsioak egiten dituztenentzako pizgarriak jasoko direla bertan. Era berean, gaineratu du gobernuak bazkideekin zuen «konpromisoa bete» duela.
Denbora apur bat irabazi du. Orain, dekretuak hilabete bateko epea izango du Espainiako Kongresuak onar dezan. Alta, han ez du gehiengorik ziurtatua. Azaroaren 20an, azken unean erretiratu zuen neurri hori, bazkideen arteko desadostasunak ikusita. Pakete horren barruan zeuden beste zergen onarpena arriskuan egon zitekeen eta, horri loturik, Europako funtseko dirua iritsi ahal izatea.
Podemosek argindar konpainien gaineko zerga hori iraunkorra izatea nahi du. EH Bilduk, ERCk eta BNGk urtebetez luzatzea onetsi zuten azaroan. Juntsek zerga kentzea nahi du, eta EAJk esan du «Kontzertu Ekonomikoaren aurkakoa» dela. Negoziazio talde bat osatu zen, baina oraingoz ez du emaitzarik ekarri. Hala, dekretuak bat egingo du aurrekontuen negoziazioarekin.
EAJko Aitor Estebanek gaur goizean elkarrizketa batean adierazi du zerga hori EAEko erakundeen gain uztea nahi dutela. «Gobernuak badaki ez dela aurrera aterako», gaineratu du.
EH Bilduk, berriz, ohar bidez jakinarazi du Espainiako Gobernuarekin hitzartu duela energia enpresen irabazien gaineko zerga onartuz gero euskal erakundeekin hitzartuko duela haren diru sarrerak biltzea eta kudeatzea. Koalizioak erantzun dio EAJri ez dagoela aitzakiarik lege dekretu horren aurka bozkatzeko.
2
Moves plana eta RED mekanismoa
Ibigailu elektrikoen erosketa bultzatzeko eta haien kargaleku azpiegiturak sustatzeko laguntzek sei hilabete gehiago iraungo dute. Mugikortasun elektrikorako Moves III plana ekainaren 30era arte egongo da indarrean.
Autogintza sektoreko enpresa ekoizleen eta haien hornitzaileen enplegua bermatzeko malgutasun eta egonkortze neurriak onartu dituzte. Egun, ibilgailu elektrikoen ekoizpenerako autogile askok egin behar duten egiturazko aldaketak kontuan hartuta, RED mekanismoaren aktibazioarekin enplegua babestu nahi dutela argudiatu du Espainiako Gobernuak.
Epe jakin baterako izan ohi da, eta mekanismo horrek behin-behinean kontratua eten edo lanaldia murrizteko aukera ematen die enpresei. Mekanismo hori eskatzen duten enpresek langileek kualifikazioa hobetzeko plan bat aurkeztu beharko dute. Besteak beste, langileen formakuntza hobetzeko neurriak hartu beharko dituzte.
3
Gutxieneko soldata eta pentsioak
Lanbide arteko gutxieneko soldataren indarraldia luzatzea onartu du Ministroen Kontseiluak. Egun, hilean 1.134 eurokoa da. Oraindik ez da finkatu zein izango den 2025eko gutxieneko soldata, eta, behin hori onartzen denean, indarrean sartuko da atzerako eraginarekin.
Halaber, kotizaziopeko pentsioak %2,8 handituko dira. Hala zegoen aurreikusita, eta igoera hori onetsi du Ministroen Kontseiluak. Urtarriletik aurrera, batez beste 43 euro inguru igoko da pentsioen batezbestekoa Hego Euskal Herrian. 726.000 pentsiodun ingururi eragingo die igoerak. Gutxieneko pentsioek igoera handiagoa izango dute: %6 kotizaziopekoek eta %9 kotizazio gabekoek. Gaur egun, Hegoaldeko hamar pentsiodunetik batek (79.300) gutxieneko kopurua eskuratzen du. Nafarroan, 1.035 euroko pentsioa bermatuko zaie, errenta zergako kenkari bidez.
4
Elikagaien BEZa
Azken bi urteetan elikagaien gain ezarritako BEZ murriztuak edo salbuespenak kendu egingo dira. Oinarrizko elikagaien BEZa kendu egin zen duela bi urte eta orain %4ra itzuliko da —ogiak, esneak, frutak, barazkiek, patatek, zerealek, gaztak eta irinak—; gainerako elikagai produktuena, berriz, %10era itzuliko da —prozesatuak eta pastak, kasurako—. Esperotako neurria da, igoera mailakatua izan baita irailaz geroztik —%2koa oinarrizkoan eta %7,5ekoa besteetan—.
5
Garraioa
2022ko irailetik indarrean diren garraioko beherapenei eutsi egingo die Espainiako Gobernuak beste sei hilabetez. Gobernu barruan aztertzen ari ziren laguntza horiek kendu eta soilik kolektibo jakin batzuentzako laguntzak onartzea. Alta, Podemosekin hitzartu du beherapenak orokorrak izatea.
Hala, udalek eta erkidegoek kudeatutako garraio publikoko zerbitzuek erabiltzaileei eskainitako beherapenen %50 finantzatuko du Espainiako Gobernuak. Renferen kasuan, aldiriko eta distantzia ertaineko tren zerbitzuetan ohiko bezeroei eskainitako abonuak doakoak izango dira —hogei euroko bermea ordaintzen da, baina lau hilabetera itzultzen zaio bezeroari—.