«Trantsizioak ez du zentzu handirik Europan erabiliko ditugun energia errotetako turbinak ez baditugu Europan ekoizten. Baina hori ez da arazo bat: gaur-gaurkoz, ekoizpen ahalmena ez da arazo bat Europan». Dennis Rendschmidt VDMA Power Systems Alemaniako konpainiaren zuzendariaren esaldia da, eta Wind Europe kongresuan antolaturiko Hornidura kate sendoa Europan trantsizio bat egiteko mahai inguruan esan du. Orduan, zein da arazoa? Hark erantzun du: «Bidezko lehia bat izatea ezinbestekoa da, lehia justu bat. Hornitzaile guztiei gauza berak eskatu behar zaizkie, bertakoak zein kanpokoak izan».
Bederatzi hizlarik hartu dute parte mahai inguruan, eta, ñabardurak ñabardura, denek bat egin dute Europak baduela energia errotak egiteko ahalmena. Baina ñabardura horietan azaleratu dira «oztopoak»; besteak beste, finantzaketa, araudi aldaketak, logistika eta langile trebatuen gabezia. Horiei aurre egiteko, baina, legedi berezia eskatu dute Europako ekoizpena babesteko, eta nabarmendu dute prezioa ezin dela beti lehentasuna izan. Are gehiago orain, urte gutxian eskaria asko handituko dela espero den honetan.
«Trantsizioak ez du zentzu handirik Europan erabiliko ditugun argindar errotetako turbinak ez baditugu Europan ekoizten».
DENNIS RENDSSCHMIDTVDMA Power Systems
Logistikaz mintzatu da, esaterako, Phillippe Kavafyan offshore sistemetan aditua —itsaso barnekoak dira offshore errotak—. Iragarri du erronka erraldoia izango dela lur gaineko errotetatik itsasokoetara pasatzea, sorgailuen tamaina eta pisua asko handitzen delako —2.000 tonako zutoinak aipatu ditu—. «Gaur egun sorgailuak garraiatzeko ditugun itsasontziekin, asko jota 2030erako beharko genituzkeen erroten %40 jar ditzakegu bakarrik. Ekoizpena izan dezakegu, baina garraioa behar dugu», zehaztu du. «Ahalmen guztietan inbertitu behar dugu; horregatik ari gara ziri handiak Txinatik ekartzen».
Jose Luis Blanco Nordex turbina ekoizlearen zuzendari nagusia da, eta hark plazaratu ditu mahai inguruko hausnarketarik interesgarrienetako batzuk. Azaldu du Europako industria eolikoa bere ekoizpen ahalmen osotik urrun dagoela, baina azken bi urteak oso gogorrak izan direla lehengai batzuen botila lepoen eta legedi aldaketen eraginez. Botila lepoen harira, esan du oso garrantzitsua dela hornitzaile ezberdinak izatea, eta inoiz ez dela ona «herrialde, hornitzaile edo konpainia» bakar baten menpe egotea.
«Talentu gazteei bost urterako egitasmo bat eskaintzeko kapaz ez bagara, Teslara joango dira lanera».
HANIF MASHALLM Windpower
Alde horretatik, Blancok gogoratu du Europak haizearen bidez sorturiko argindar askoz gehiago behar duela bere buruari 2030erako jarritako helburuak beteko baditu. Kanpoko presio handiak nabarmendu ditu, «eta ez bakarrik Txinakoa», AEBak eta India ere aipatu ditu. Europatik kanpoko herrialdeak aipatzean, tentu handiz mintzatu dira guztiak, baina beren ekoizpen kostuak eta zerga sistemak aipatu dituzte. Dena den, urrutiko intxaurrekin ez fidatzeko esan du Blancok: «Merkeagoa ez da beti hobea».
«Erresilientzia» hitza izan da errepikatuenetakoa, eta Rendschmidtek iritziz «Errusia bezalako» herrialdeekiko menpekotasunik ez izatea da erresilientzia. Mitja Schulz Gurit turbina hornitzaileko zuzendari nagusia da, eta onartu du ez dela protekzionismoaren oso aldekoa, baina zera onartu du: «Laguntza mekanismo zentzuzkoak dira gure kate egokiari eusteko eta bereziki hornitzeko». Protekzionismoa ez, baina babesa bai. Gai berean, gehitu du sorgailu eolikoen lehengaien birziklapena sektore oso garrantzitsua izan daitekeela etorkizunean.
Finantzaketa ere aipatu dute arazo moduan. Aditu bat baino gehiago kexu agertu da sektorean egin beharreko inbertsioak oso handiak direla eta beti ez dela erraza iturri pribatuetatik aurkitzea. Dena den, nabarmendu dute Europako Gobernu gehienak eskuzabalak izan direla, eta Alemania izan da lore gehien jaso duena. Sektorean sortzen den enpleguaren kalitatea ere nabarmendu du Maive Rute Europako Batasuneko Industria Saileko zuzendari nagusi albokoak.
Enplegu ona izateko, baina, langileak behar dira, eta Hanif Mashal LM Windpower turbina enpresako presidenteordeak gehitu du eskulan trebatuaren falta dela ekoizpen ahal osoa ez probestearen arrazoietako bat . Batez ere industria ingeniariak behar dituztela azaldu du, eta pasadizo bat kontatu: «Ingeniari batek esan zidan nahiago zuela Teslan lan egin gurean turbinak egiten baino, teknologia berdeetan sinesten zuelako. Eta nik esan nion: ‘Baina Teslak gure argindarra behar du’. Hurrengo egunean itzuli zen, eta beste argudio bat eman zidan: 'Nik lan egonkor bat nahi dut, eta entzun dut zuek bi urtez behin berregituraketak egiten dituzuela». Ipuinaren irakaspena ondo laburbildu du gero: «Talentu gazteei bost urterako egitasmo bat eskaintzeko kapaz ez bagara, Teslara joango dira lanera».
Haizeak eraman du euskara BEC-etik
Wind Europe azoka BEC Barakaldoko erakustazokan antolatzen den hirugarren aldia da aurtengoa. Energia eolikoaren inguruko Europako azokarik handienetakoa da, eta hiru egunean 12.000 bisitari eta 500 enpresatako ordezkariak elkartzea espero da. Hori bai, deigarria da euskarak duen presentzia urria. Ia ikusezina da: BECen berezko seinaleetan ageri da bakarrik. Azokako hizkuntza ingelesa da, eta gaztelania pixka bat ikus daiteke, batez ere Iberdrolaren afixetan. Hura da bultzatzaile nagusia. Solasaldietan ere gaztelania entzun daiteke, baina euskarak ez du tarterik. Bestalde, Euskal Herria Bizirik plataformak protestaldia egin du erakustazokaren aurrean, parke eolikoen «proiektu erraldoiak» salatzeko.