Espainiako Gobernuak debekatu egingo die argi eta gas konpainiei telefonoz kontratuak egitea

Deia egiteko aukera edukiko dute, soilik erabiltzaileek espresuki onespena ematen dutenean.

Argindar faktura bat. EDUARDO OYANA / EFE
Argindar faktura bat. EDUARDO OYANA / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko abuztuaren 20a
15:00
Entzun

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioak argi eta gas konpainien publizitate eta kontratazio deiak mugatu nahi ditu. CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak kexa asko jaso ditu horren inguruan, eta «lege zorrotzago» bat eskatu dio. Gobernuak hala egingo du, baina ez ditu dei denak mugatuko: erabiltzaileak hasten dituenean edo onespena ematen duenean, argi eta gas konpainiek aukera izango dute telefono bidez kontratu bat egiteko edo beren zerbitzuen berri emateko, baina elkarrizketa osorik grabatu beharko dute erabiltzaileari ematen zaion informazioa zein izan den jakiteko.

Ez da lehenengo aldia Espainiako Gobernuak telefono bidezko salmentak mugatzen dituena. 2022ko Telekomunikazioko Lege Orokorrak dio erabiltzaileak eskubidea duela «helburu komertziala duten deiak ez jasotzeko». Baina argi eta gas konpainiek orain arte argudiatu dute araudi horrek ez duela berariaz debekatzen telefono bidezko kontratazioak egitea, eta horregatik jarraitu dute halako deiak egiten. 

Energia zerbitzuen kontratazioei buruzko dekretu baten barruan joango da puntu hori, beste batzuekin batera. Adibidez, bezero batek konpainia batean bonu soziala jasotzeko aukera baldin badu, horri buruz informatu beharko zaio. Araudi berriak, halaber, konpainiaz aldatzeko mugak malgutuko ditu eta prozedurak bizkortuko.

Sektoreko enpresa nagusiek iragarri dute alegazioak jarriko dituztela dekretuaren aurka. Egitasmoa kontsulta fasean dago; gero, Espainiako Gorteetara bidaliko du gobernuak, eta haren onespena jaso beharko du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.