EAEko eraikuntza alorreko eragileak biltzen ditu Build:Inn klusterrak. Duela urtebete inguru hartu zuen izendapen berria; ordura arte, Eraikune zuen izena. Klusterrak 160 bazkide ditu, publikoak eta pribatuak: eraikuntza alorreko enpresak daude, baina baita ingeniaritza eta arkitektura esparruko eragileak, mantentze lanak egiten dituztenak, eta beste zenbait ere. Alor publikoari dagokionez, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalak, Bilboko Udala eta beste elkarte eta erakunde batzuk bazkide dira.
«Gure helburu nagusia da lehiakortasuna bultzatzea sektorean, eta, horretarako, proiektuetan oinarritutako jarduera garatzen dugu; ia 40 milioi euro daude proiektu berrietan», azaldu du klusterreko zuzendari nagusi Jon Ansoleaga Ugartek (Bilbo, 1983). «Gure ekosisteman garrantzi handia dugu».
Zuen azken txosten sozioekonomikoan adierazi duzue eraikuntza sektorea «eraldaketa prozesu bete-betean» sartuta dagoela. Zertan datza eraldaketa hori?
Eraldaketa horren oinarria industrializazioa da, eta hor, batez ere, jasangarritasuna eta digitalizazioa dira ardatzak. Pandemiaren krisiak prozesu hori areagotu du: duela bost urte antzeko ikerketa bat egin genuen, eta emaitza izan zen eraikuntzaren pisua EAEko ekonomian %11koa zela, eta enpleguan, %12koa. 2024an azterketa hori egin genuen berriro, eta ikusi dugu jarduera ekonomikoan duen pisua %11tik %13ra igaro dela, eta enpleguan, %12tik %12,4ra.
Zer esan nahi du horrek?
Produktibitatea igo dela. Jarduera ekonomikoa igo da, eta enplegua ere bai, baina ez horrenbeste, hau da, gehiago egiten da lanordu gutxiagorekin. Horrek esan nahi du sektorea aldatu dela, prozesuak aldatu direla eta produktiboagoak garela.
EAEko BPG barne produktu gordinaren %13 da eraikuntza sektorea, baina horren hazkundea %41ekoa izan da; denbora tarte horretan, ekonomiaren hazkundea %15ekoa baino ez da izan. Zuek gehiago hazi zarete.
Bai, eta horrek esan nahi du pandemiaren ostean gure industrian egindako aldaketek areagotu dituztela beste sektore batzuekin alderatuta ditugun desberdintasunak. Produktiboagoak gara, lanpostu gehiago sortu ditugu, eta jarduera ekonomikoa areagotu da.
Sektoreak asko sufritu zuen pandemiaren garaian?
Beste sektore batzuek baino gutxiago; baina Ukrainako gerrak ere ondorioak izan zituen, lehengaien prezioa asko igo zen, eta abar. Hala ere, ikusten da sektoreak aurrera egin duela.
Ascobik aurtengo martxoan emandako datuen arabera, 2023an 5.527 etxebizitza berri hasi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022an baino %3,6 gutxiago. Geldialdi baten zantzuak daude, patronalak iradokitzen duen moduan?
Guk, etxebizitza berrien eraikuntzaz gain, beste arlo batzuk ere aintzat hartzen ditugu: etxe zaharren birgaitzea eta azpiegiturak, esaterako. Ascobiren datuak zuzenak dira, baina beste bi arloek lagundu dute etxebizitza berrien eraikuntzan izandako beherakada txiki hori orekatzen.
«Etxebizitza berrien eskaria gora doa, herritarrek nahi eta behar dituztelako, baina badaude zenbait faktore, eskaintza handitzen uzten ez dutenak»
Etxebizitza berri gutxiago eraikitzen dira, baina, diotenez, merkatura ateratzen diren guztiak saldu egiten dira.
Bai, eta horrek esan nahi du desoreka bat dagoela eskariaren eta eskaintzaren artean. Eskaria gora doa, herritarrek etxebizitzak nahi eta behar dituztelako, baina badaude zenbait faktore, eskaintza handitzen uzten ez dutenak, eta hori nabaria da.
Etxebizitza berriak eraikitzen direnean, zati bat babes ofizialerako etxebizitzetarako gordetzen da. Zuen ustez, kopuru hori egokia da?
Gu, kluster moduan, ez gara ehuneko zehatzei buruzko eztabaida horretan sartzen; patronalak negoziatzen du Jaurlaritzarekin horren inguruan. Guk diogu gaur egungo eskari maila kontuan hartu behar dela, eta legeak, arautegiak eta abar aztertu behar direla eskaintza bizkortzeko.
Zuen ustez, etxebizitza gehiago eraikitzea alor horretan dagoen arazoari irtenbidea emateko modua da? Badakizu horren inguruan iritzi kontrajarriak daudela.
Herritar moduan, nik uste dut argi dagoela etxebizitza gehiago eraikitzeko beharra. Gure inguruan ikusten dugu prezioak gora joan direla mila arrazoirengatik, eta uste dut aukerak badaudela eskaintza areagotzeko. Baina arazo bat daukagu administrazio prozesuekin. Prozesuak luzeak dira, eta, kluster moduan, uste dut guri badagokigula alor horretan erantzukizuna dutenei laguntzea; udalentzat, adibidez, prozesu horiek zailak izaten dira.
Eta ba al dago lurzoru nahikorik etxebizitza berri gehiago eraikitzeko?
Egia da Euskadin lurra ez dela oso ondasun ugaria. Beraz, hausnarketa sakon bat egin behar da, arazo horri zelan heldu ikusteko. Guk uste dugu arazoa sakon aztertu behar dela. Eraikuntza sektorean askotan datu falta egoten da horrelako hausnarketak garatzeko, baina azterketa hori egin egin behar da: eraikitzeko modua ematen duten zenbat lurzoru dauden, etorkizunean zelako beharrak egongo diren... eta, horren arabera, erabakiak hartu. Maila askotan: etxebizitza ez da soilik gobernuaren auzia, eta udalak eta aldundiak ere hor sartzen dira. Erantzukizuna denona da.
«Ekonomia garatu bat gara, eta beharrak badaude, azpiegitura berriak egiteko eta eginda daudenen mantentze lanetarako»
Azken hamarkadetan azpiegitura publiko handi ugari egin dira. Alor horrek ez al du goia jo?
Bizkaian, adibidez, ikusten dugu azpiegitura oso garrantzitsuak egiten ari direla eta egingo direla etorkizunean ere. Ekonomia garatu bat gara, eta beharrak badaude, azpiegitura berriak egiteko eta eginda daudenen mantentze lanetarako. Uste dugu datozen urteetan garrantzitsua izango dela alor horretan inbertsioak egitea.
Adibidez, Getxo eta Portugalete itsasadarraren azpitik lotzeko subflubiala deritzoten proiektu horretaz zer iritzi duzue?
Uste dut Uribe Kosta eskualdea nabarmen aldatuko dela inbertsio honekin, eta beharrezkoa dela.
Eraikuntzan aritzen diren langileen batez besteko adina igotzen ari da. Etorkizunean egon daiteke langile faltak eragindako arazo bat?
Gaur egun badago langile falta nabarmena; urteak dira gabezia hori pairatzen ari garela, eta hori ez da aldatuko. Azken urteotan jendea beste sektore batzuetara joan da, eta gure erronka da industriaren eraldaketa horri begira profesional berriak erakartzea. Etorkizunean, sektorea industrializatuago egongo da, eta horrek abantaila nabarmenak ekarriko ditu: lan kalitatea, ordutegia, etxebizitzetako eta azpiegituretako zati batzuk lantegian egingo dira, eta abar. Lanpostuen behar hori asetzeko ere beharrezkoa da industrializazioa.
Prestakuntza garrantzitsua al da horri heltzeko?
Gauza asko aldatuko dira sektorearen eraldaketa horrekin. Kaleko lana ez da desagertuko, baina gaur egun kalean egiten diren lan asko lantegian egingo dira. Horrek eragina izango du kalitatean, eta emakumeak sektorean sartzea erraztuko du. Behar berri horietara egokitzeko prestakuntza ere aldatuko da, eta aldatzen ari da jada.
Txostenean beste datu bat eman duzue: EAEko etxebizitzen erdiek 50 urte baino gehiago dituzte. Zer ondorio dakar horrek?
Datozen urteetan, etxebizitzen birgaitzearen alor horren jarduerak gora egin beharko du. Jaurlaritzak horretarako egindako pizgarriak ez dira nahikoak izan, herritarrek ez dutelako nabaritzen inbertsio horrek daukan garrantzia. Mantenuaren ostean, etxebizitza da herritarrek bizitzan egiten duten gasturik handiena, eta oraindik ez gara jabetu etxebizitzaren egoerak daukan garrantziaz. Europako hegoaldeko etxebizitzarik zaharkituenak dira gureak.
Nola ikusten duzue zuen sektorearen geroa?
Badirudi azkenengo lau urteetan egindako aldaketa ez dela hain sakona izan, baina datuek kontrakoa adierazten dute; ekonomiaren batezbestekoa baino produktiboak gara, hazkundea handiagoa izan da, eta horrek esan nahi du eraldaketa prozesua hasi dela jada. Hurrengo urteetan horrek jarraipena izango du: digitalizazioa handiagoa izango da, gero eta jasangarriagoak izango gara, material berriak garatuko ditugu eta lanpostu gehiago sortuko. Horretarako, denon arteko lankidetza beharko dugu: sektore publikoarena, pribatuarena, profesionalena eta herritarrena ere bai.