Argi biharko prezio igoerekin

Bihartik, prezio berrietara ohitu beharko dute herritarrek; argindarra izango da gehien garestituko den zerbitzuetako batBilboko eta Iruñeko udalek zerga guztiak izoztea erabaki dute bigarren urtez jarraian

Donostia
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Duela hilabete eskas tabakoaren gaineko zerga igo zuen Espainiako Gobernuak, eta harrezkero paketea 40 zentimo garestiagoa da. Autoko depositua erregaiz betetzea duela urtebete baino %20 gehiago kostatzen da orain. Euriborra, poliki bada ere, gorantz hasia da; datozen egunetan hipoteka berritzea tokatzen zaionak iaz baino 30 euro gehiago pagatu beharko ditu hilean. Eta horiei guztiei urte berriak ekarriko dituen prezio igoerak gehitu beharko zaizkie. Hona hemen batzuk:

1. Argindarra

Bihartik aurrera argindarra %9,8 garestiagoa izango da Azken Aukerako Tarifa dutenentzat, hamar hego euskal herritarretatik zortzi baino gehiagorentzat, hain zuzen. Horrela esanda, pentsa liteke merkatu librera jauzia egina duten erabiltzaileei ez diela eragingo igoerak. Baina hori ez da zuzena. Izan ere, merkatu libreko eskaintza gehienak tarifa arautua dute oinarrian. Adibidez, enpresa merkaturatzaile batek argindarrean %10eko beherapena eskaintzen duenean, beherapen hori tarifa arautuarekiko izaten da. Beraz, tarifa arautua dutenei argindarra %9,8 garestitzen zaienean, merkatu librean dauden erabiltzaileei ere portzentaje berean garestituko zaie.

Biharkoa azken 28 urteetako garestitzerik handiena izango da. Baina Espainiako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan dio, familia bakoitzak hilean 3,2 euro gehiago besterik ez duela ordaindu beharko esanda —urtean 38,4 euro gehiago—. Kontsumitzaileen elkarteentzat, ordea, gobernuak gaizki egin ditu kontuak, igoera bikoitza izango dela uste baitute: hilean sei eta zapi euro artekoa, eta urtean 80 eurotik gorakoa.

Aurten, ia beste %10 inguru garestitu da argindarra: %2,64 urtarrilean, %4,8 urrian eta %2 uztailean, balio erantsiaren zerga %16tik %18ra igo zutenean. Lau urtean argindarraren prezioa ia %50 igo da Hego Euskal Herrian.

Igoera jasango ez duten bakarrak gizarte bonua dutenak izango dira. Gehienez hiru kilowatteko potentzia kontratatuta duten erabiltzaileek, familia ugariek, gutxieneko pentsioa jasotzen duten erretiratuek eta kide guztiak langabezian dituzten sendiek dute bonu hori eskatzeko eskubidea. Haientzat, azken bi urteetako prezio berean jarraituko du argindarrak gutxienez 2014ra arte.

2. Gas naturala

Bihartik aurrera, gas naturala ere garestiagoa izango da Hego Euskal Herriko erabiltzaileentzat. Batez beste %3,9 gehiago ordaindu beharko dute Azken Aukerako tarifa dutenek. Ordea, bi tarifa mota bereizi behar dira: T.1 tarifa, gasarekin ibiltzen diren berogailurik ez dutenentzakoa, %4,14 garestituko da; T.2 tarifa, gainontzeko guztientzakoa, %3,87 garestituko da.

Espainiako Gobernuaren kalkuluen arabera, T.1 tarifa duten sendiek batez beste 0,56 euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilean; T.2 tarifa dutenek, berriz, 1,66 euro gehiago. Azken tarifa hori dute Espainiako eta Hego Euskal Herriko zazpi milioi familiak.

3. Butano bonbona

Butano bonbonak ere salneurri berria izango du bihartik aurrera. Hamabi kilo eta erdiko bonbona batek 12,79 euro balio ditu gaur; bihar, ostera, 40 zentimo gehiago, 13,19 euro hain zuzen.

Etxean butanoa erabiltzen duten Espainiako eta Hego Euskal Herriko zortzi milioi familientzat urtebetean bosgarren prezio igoera izango da biharkoa: iazko urtarrilean %3,36 garestitu zen bonbona, apirilean %5,75, uztailean %6,6, urrian %2,8, eta orain beste %3,13 garestituko da.

4. Garraio publikoa

Trenez eta autobusez bidaiatzea ere garestiagoa izango da bihartik aurrera. Renfek %3,1 igoko du aldirietako eta distantzia erdiko bidaia txartelen salneurria. Euskotrenek, berriz, %2,77 garestituko ditu zerbitzu guztiak, eta txartelik gabe bidaiatzeagatik jartzen duen isuna handituko du: aurrerantzean, txartelaren prezioaz gainera, 50 euro ordaindu beharko ditu erabiltzaileak. Bizkaibusek, ostera, txartelen prezioa ez igotzea erabaki du bigarren urtez jarraian. Soilik uztailean garestitu zituen prezioak, balio erantsiaren zerga %16tik %18ra igo zutenean.

Hego Euskal Herriko hiriburuetan leku batetik bestera mugitzea ere gaur baino garestiagoa izango da bihar. Igoerarik handiena iruindarrek antzemango dute, %3,5 gehiago balioko baitu Villavesan bidaiatzeko txartelak. Gainera, azken urteetan pilatutako defizita txikitzeko, zerbitzua %4 murriztuko duela iragarri du enpresak. Hala, Noaingo aireportua hirigunearekin lotzen duen 21. linea eta Zizur eta Ardoi lotzen dituen 24. linea kendu egingo ditu.

Donostiako hirigunean ibiltzen diren autobusetan, %0,6 igoko dute bidaia txartelaren prezioa eta zentimo bat bonobusarena. Gasteizen ere zentimo bat garestituko dute Tuvisako bonobusa, eta 50 zentimo karnetaren hileroko kuota. Baliabide ekonomiko urriak diztuztenentzako doako bidaia txartelak kendu egingo dituzte gainera; bihartik, 11 zentimo ordaindu beharko dituzte bidaiako. Familia ugarientzako txartelak eta bonuak ez dituzte garestituko. Tranbian bidaiatzea, ordea, %2,77 garestiagoa izango da.

Bilbon, Bilbobus autobus zerbitzuak prezioei igoerarik gabe eutsiko die. Aldiz, batez beste %3 inguru garestituko dute metro zerbitzua: txartel arrunt batek eta joan-etorriko txartelak %3,57 gehiago balioko dute bihartik aurrera; Creditrans txartelaren erabiltzaileentzat, berriz, %2,85 igoko da bidaia baten salneurria. Tranbian bidaiatzea ere %2,77 garestiagoa izango da bihartik aurrera.

5. Taxi zerbitzua

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko taxi gidariek %2 igoko dituzte tarifak. Gainera, urte berriarekin gaueko tarifa berria sortuko dute, ostiral, larunbat eta jai bezperetarako. Oraingo asteburuetako tarifa baino %3 inguru garestiagoa izango da berria. Iruñean, berriz, %3,8 igoko dituzte, baina soilik egunekoak.

6. Ibilgailuak

Bigarren urtez jarraian, Bilboko eta Iruñeko udalek izoztu egin dituzte zerga eta tasa guztiak; horrenbestez, baita ibilgailuei dagozkienak ere. Gasteizkoak %2igoko du zirkulazio zerga, eta %1,8 Donostiakoak. Era berean, garabiaren tasa iaz baino %11 handiagoa izango da Donostian, eta %2 handiagoa Gasteizen. Hala, Donostian autoa garabiak eramaten dionak 126 euro ordaindu beharko ditu berreskuratzearen truke; Gasteizen, berriz, 134,9 euro.

TAO gunean autoa aparkatzea ere ez da broma izango Arabako hiriburuan. Iazko azaroan hirukoiztu egin zen zerbitzuaren prezioa, aurtengo urtearen hasieran beste hamar zentimo igo zuten, eta bihar beste horrenbeste egingo dute. Donostian, Bilbon eta Iruñean ez dute iragarri prezio igoerarik. Autobideetako bidesariak ere ez dira garestituko urte berriarekin, uztailean igo baitzituzten prezioak balio erantsiaren zerga igoera baliatuta.

7. Zaborra

Zaborrak kudeatzeko zergaren igoerarik handiena antzemango dutenak gasteiztarrak izango dira, %5ekoa hain zuzen. Hala, sendi bakoitzak batez beste 49,52 euro ordaindu beharko ditu datorren urtean, aurten baino 2,36 euro gehiago. Donostian, berriz, %2,8 igoko dute zaborrari dagokion zerga. Familia bakoitzak batez beste 116 euro ordaindu beharko ditu 2011n, aurten baino 3,15 euro gehiago. Bilbotarrek eta iruindarrek aurtengo kopuru bera ordainduko dute.

8. Ura eta saneamendua

Uraren eta saneamenduaren zergan ere igoerarik ez dute izango bilbotarrek eta iruindarrek. Donostiarrek, ostera, aurten baino %5 gehiago ordaindu beharko dute, urtean bost bat euro gehiago. Gasteiztarrek igoera handiagoa jasango dute, %13,8koa. Europako Batasuneko zuzentarau batek dio 2012tik aurrera kontsumitzaileek ordaindu beharko dituztela uraren kudeaketa gastu guztiak. Arabako hiriburuak neurri horretara urtez urte egokitzeko erabakia hartua du; horregatik horrenbesteko igoera. Aurten beste %12,5 igo zuen uraren zerga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.