Argentinako justiziak atzera bota du Mileiren lan erreforma

Presidente hautatu berriak lehen oztopoa izan du ekonomia liberalizatzeko bidean. CGT sindikatuak hasi zuen erreformaren aurkako bidea; epaia behin-behinekoa da.

ARGENTINA PROTESTAS
Abenduaren 27an Mileiren 70/2023 dekretuaren aurka Buenos Airesen egindako protesta. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 3a
20:25
Entzun

Javier Milei Argentinako presidente berriaren motozerrak lehen enbor gogorrarekin egin du topo. 2023ko abenduaren 20an onartu zuen Mileik Beharraren eta Larrialdiaren Dekretua (70/2023), hirurehun neurri baino gehiago bilduta. Garrantzitsuenetako bat lan erreforma izan zen: lege berriak greba eskubidea mugatzen du, langileen probaldia luzatu, eta kalte ordainak murriztu. Bada, Argentinako Lanaren Apelazioen Ganberak behin-behinean atzera bota du Mileiren erreforma, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatuaren salaketari esker.

Abenduaren 20an iragarri zuen Mileik neurria, telebistan, eta handik bederatzi egunera sartu zen indarrean, abenduaren 29an. Astebete baino gutxiago egin du beraz lan erreformak, Andrea Garcia Vior eta Alejandro Suadera epaileek atzera bota baitute Mileik onartutakoa.

Hala ere, epaia behin-behinekoa da, eta dekretua indarrean egongo da behin betiko ebazpen bat egin arte.

Lan erreforma eta dekretua

Mileiren kanpaina presidentzialak aldaketa ekonomiko sakonak izan zituen ardatz, eta motozerra bat erabili zuen zer egingo zuen irudikatzeko. Boterea hartu bezain laster, martxan jarri zuen: sektore publikoan murrizketak egin, ministerioak gutxitu, enpresa publikoak pribatizatu, eta babes sozialerako hainbat lege bertan behera utzi ditu. Horietako asko abenduaren 20an aurkeztutako 70/2023 dekretuan egin zituen.

Dekretuaren laugarren tituluak egiten dio erreferentzia lan erreformari. Lan epaiketetan aldaketak egin nahi zituen Mileik, kontratuen hasierako probaldiak luzatu, haurdunaldi baimenak murriztu eta kotizazioak gutxitu.

CGT herrialdeko sindikatu nagusia da, eta lan erreformaren eta 70/2023 dekretuaren aurka mobilizatu zen Mileik iragarri bezain laster. La Rioja probintziako gobernadoreak ere Justizia Gorte Gorenari eskatu zion erreforma konstituzioaren aurkakotzat jotzeko.

Zuzenbide publikoko hainbat adituk ere gogor kritikatu dituzte Mileiren neurriak, Argentinako 1853ko Konstituzioaren aurkakoak direlakoan. Daniel Sabsay, Felix Lonigro eta Vilma Ibarra dira neurrien aurka agertu diren konstituzionalistetako batzuk.

Hainbat mobilizazio jendetsu egin dira Mileiren aurka hark boterea hartu zuenetik, eta horietako hainbatetan kaleak moztu dituzte manifestariek. Giza Kapitaleko ministroak, Sandra Petovellok, mehatxu egin zien manifestariei, esanez errepideak mozten dituenak ez duela langabezia kobratuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.