Argentina, koloniaren garaira itzultzen

RIGI sistemaren bitartez, Argentinak baldintzak samurtu dizkie herrialdean inbertitu nahi duten multinazionalei. Eskatzen zuten guztia eman diela salatu dute kritikoek, eta ingurumenari eta industria propioari kalte egingo diela.

Edukiontziak Buenos Airesko portuan, artxiboko irudi batean. ENRIQUE GARCIA MEDINA / EFE
Edukiontzi batzuk Buenos Airesko portuan, artxiboko irudi batean. ENRIQUE GARCIA MEDINA / EFE
Cecilia Valdez
2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

Javier Milei Argentinako presidenteak jada badauka atzerriko inbertsioak erakartzeko tresna bat. Inbertsio Handietarako Pizgarrien Erregimena izenekoa da, gaztelerazko RIGI laburduraz ezaguna. Joan den abuztuaren amaieran onartu zuen, Oinarrien Legearen barruan, eta, haren bitartez, 30 urtez zerga eta tasa txikiagoak eskainiko dizkiete Argentinan 200 milioi dolarretik gorako inbertsioak egiten dituztenei, honako sektore hauetan: basogintza, turismoa, azpiegiturak, meatzaritza, teknologia, siderurgia, energia, petrolioa eta gasa.

Gobernuaren arabera, RIGIren bitartez garapen ekonomikoa handituko du, lehiakortasuna handitu, eta esportazioak ugaritu. Baina kritika asko ere entzun behar izan ditu, askoren ustez herrialdea lehengaien esportatzaile huts bat bilakatzeko arriskua duelako, eta balitekeelako enpresa multinazionalen esku uztea sektore osoak, bertako sistema ekonomikoari onura gutxi utzita.

Erregimenak erabat liberalizatu nahi du merkatua, eta Argentinako Gobernuaren eta probintzietakoen esku hartzeak ahalik eta gehiena murriztu, azken horiek diren arren baliabide naturalen jabeak. Aldi berean, esportaziorako eta inportaziorako prezioak parekatuko ditu. Horren bitartez, herrialde barruko prezioak nazioarteko merkatuetakoak izango dira, eta Argentinako kontsumitzaileek petroliorik ez duten herrialdeetakoen prezioan ordainduko dute erregaia.

javier milei
Javier Milei Argentinako presidentea, iragan astean, parlamentuan. JUAN IGNACIO RONCORINI / EFE

Multinazionalak erakartze aldera, hainbat neurri ditu RIGI erregimenak: enpresek ordaintzen duten irabazien gaineko zerga %35etik %25era txikituko da, ordaindutako BEZa bizkor itzuliko zaie, egindako esportazioengatik ez dute tasarik ordainduko, eta 30 urtez bermatuko zaie ez dagoela aldaketarik haien gaineko zergetan eta aduana kontuetan.

Espero zenaren gainetik

Atzerriko konpainiek eskatzen zutenaren gainetik dago Mileik emandakoa. Izan ere, RIGIn eta hidrokarburoen sektorean araudian egin diren azken aldaketak multinazional horiei beraiei aholkatzen dieten talde juridikoek idatzitakoak dira. Gehienez zer lortu nahi zuten jarri zuten mahai gainean, ondorengo negoziazioetan fintzeko, baina azkenean proiektuek ia-ia eztabaidarik gabe egin zuten aurrera, ez baitzen benetako negoziaziorik egin.

RIGIren aurretik ere zenbait zerga abantaila bazituzten energia sektoreko proiektu handiek, hala nola GNL gas natural likidotuaren plantak (Petronas-YPF), gasbideen hedapenak (TGS), Vaca Muertako eta Palermo Aikeko hobien ustiakuntzak (CGC-YPF), eta kobre, litio eta potasio meategi berriek. Orain, onura horiek handitu egingo dira.

Baliabide naturalen jabeak probintziak direnez, haien esku dago RIGI sistemarekin bat egitea ala ez. El Cronista egunkariaren arabera, probintziak oso zatituta daude. Baiezkoa eman dute Rio Negro, Mendoza, Chubut, San Juan, Jujuy eta Tucuman probintziek, eta zer egin aztertzen ari dira Cordoba, Buenos Aires Hiria eta Santa Fe. Buenos Airesko probintziak, Panpak eta La Riojak, berriz, dagoeneko iragarri dute ez direla sisteman sartuko. Buenos Aires probintzia, zeina peronisten esku baitago, bere sistema propioa lantzen ari da.

Beste herrialdeetako esperientzia

Kanpoko inbertsioak erakartzeko antzeko erregimenak jarri dituzte indarrean Hego Amerikako beste herrialde batzuek, hala nola Txilek eta Peruk. Baina sektore jakin batzuetarako mugatu dituzte, hori baita, aditu askoren arabera, halako sistemek ongi funtzionatzeko baldintzetako bat. Argentinan, ordea, industria mota askok baliatu ahal izango dituzte pizgarriak.

Ingurumenaren gaineko kezkak eragin ditu RIGI sistemak. Enrique Viale Ingurumen Abokatuen Argentinako Elkarteko presidentearen arabera, kezkagarriena ez da legeak ez aipamenik egitea ingurumenari, baizik eta eredu estraktibista «paroxismoraino» eramaten duela. Argentina Espainiaren kolonia bat zen garaira itzultzen du, haren iritziz, eta gerta daitekeen «arpilatzea», garai modernoetan, soilik Nigerian eta Angolan ikusi izan da. 

RIGI eta hidrokarburoen sektorea arautzen dituen araua dira Oinarrizko Legearen (Ley de Bases) puntu nagusietako bi. Haien ondorioz, egiturazko aldaketa bat egingo da Argentinako erregai fosilen industrian. Orain arte, petrolioa eta gasa ustiatzearen helburu nagusia zen Argentina bera hornitzea. Baina, Alfredo Zaiat ekonomistak nabarmendu duenez, litekeena da Mileiren politikak hankaz gora jartzea eskema zahar hori, eta Argentina petrolio eta gas esportaziorako plataforma handi bat bilakatzea. Izan ere, hidrokarburoak ustiatzen dituzten enpresen esku geratuko da zer egin haiekin, eta, barne merkatuan eta atzerrikoan prezioak berak izanik, esportazioa hobetsiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.