Klima larrialdia

Argentina egarriak jota dago

Lehorte historiko bat are gehiago estutzen ari da herrialdeko ekonomia, eta aurtengo nekazaritza esportazioak iazkoak baino 14.000 milioi dolar txikiagoak izango dira.

Behi bat lehortearen ondorioz hilda, Argentinako Corrientes probintzian. Suteek ere gogor jo dute probintzia hori. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Alberto Fernandezen gobernuan gertatutako guztia gutxi balitz bezala —pandemia betean sortu zen; Mauricio Macriren gobernuak hartutako zor historikoaren inguruan negoziatu behar izan zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin; eta 2022aren bukaeran ia %100eko inflazioa zuen—, azken 60 urteetako lehorte gogorrenak bizkarreko handia eman dio Argentinako ekonomiari.

Adituen aurreikuspenen arabera, litekeena da aurtengo nekazaritzako esportazioak iazkoak baino ia 14.000 milioi dolar gutxiagokoak izatea. Horrek eragina izango du estatuaren diru erreserbetan. Dena den, ez dizkie ondorio berak ekarriko ekoizle txikiei, ertainei eta handiei, eta, gobernuak zenbait laguntza neurri hartu dituen arren, badirudi inor ez dagoela pozik.

Urtarrilean Argentinako Errepublikako Banku Zentralak (BCRA) aurreikusi zuenez, esportazioen beherakadak 3.900 milioi dolar inguruko galera eragingo du. Iaz 41.450 milioi dolarren esportazioak egin ziren, eta aurten 37.550 milioikoak espero dituzte. Nolanahi ere, BCRAk argitu zuenez, esportazio efektiboak eta likidazioa ez dira gauza bera: «Esportazio efektiboak salgaiak ontziratzen direnean erregistratzen dira. Dibisen likidazioa, berriz, esportatzaileek merkatuan lortzen dituzten dolarrak dira».

Beraz, kontuan hartuta 2022an sektoreak 44.050 milioi dolarreko likidazioa izan zuela —inoizko handiena— eta Esportazioak Ugaritzeko Programaren (PIE) bi aldietan inoiz baino dolar sarrera handiagoak erregistratu zirela, espero dute likidazioa 33.550 milioi dolarrekoa izatea aurten. Alegia, iaz baino 10.700 milioi dolar gutxiagokoa.

Gainerakoan, muturreko lehorteak bestelako ondorio batzuk ere izan ditu; besteak beste, milaka ganadu buru hil dira, eta uztak galdu. Santa Fe probintzian, esaterako, lehortu egin dira zenbait erreka eta urmael. Probintzia horretan, Parana ibaiaren emaria nabarmen txikiagotu izanak kalte egin dio arrain espezie batzuen ugalketari, zenbait erakunde ekologistak baieztatu dutenez.

Neurri eske

«Ekaitz perfektua da. Kostu arazoei eta kreditu faltari lehorte handia gehitu zaie, eta horrek sektore guztiei eragiten die, baina bereziki familia nekazaritzari eta ekoizle txiki eta ertainei», azaldu du Manuel Martinok, Ekoizpenerako eta Errotzerako Landa Federazioko Panpa eskualdeko zuzendariak. Dena den, landa eremuko krisia aspaldikoa da, eta egungo egoerak larriagotu egin du: «Gaur egun, chacarero-ak [nekazaritzako langileak] ia %40 gutxiago dira 1988an baino, eta horrek zerikusia du lurren jabetzaren kontzentrazioarekin, hura ia neurri berean handitu baita».

Ekoizle txiki eta ertainek kreditu falta ere pairatzen dute, eta ezin diete aurre egin interes tasa altuei. «Nekazaritza enpresa esportatzaileei mesede egitea da gobernuaren politikaren helburua, haiek ekartzen baitituzte dolarrak. Baina gobernuak ez du zaintzen herrialdeko jendearentzako elikagaiak sortzen dituen sektorea». Otsail hasieran, gobernuak iragarri zuen 70.000 milioi peso (330 milioi euro) jarriko zituela ekoizleei laguntzeko.

Txikiei bizkarra emanda

«Gobernua nekazaritza enpresa esportatzaileekin bakarrik biltzen da. Iragarritako neurriak txikiei ez zaizkigu iritsi. Soja dolarra izan zen neurri eraginkor bakarra, baina esportatzaileei egin zien mesede», salatu du Martinok. 2022ko abuztutik irailera egon zen indarrean soja dolarra. Kanbio mota bat zen, eta, haren bidez, ekoizleak soja likidatzera bultzatu zituzten, horrela dibisak lortu eta Banku Zentralaren erreserbak handitzeko.

Duela zenbait egun, Argentinako Nekazaritza Federazioko ekoizleek protestara deitu zuten, eta Argentinako Landa Konfederazioak eta Argentinako Landa Sozietatea ere batu ziren. Askok oportunismo kutsua hartzen diete protestei; izan ere, datuak alde dituenean ere protesta egiten du, eta boterea izan ohi du gobernu guztietan.

Nolanahi ere, hutsegite propioak, oinordetzan hartutakoak eta hondamendi naturalak direla eta ez direla, Fernandezek eta haren gobernu taldeak ez dute lortu hauteskunde urte honetan ekonomiako datuak hobetzea, eta badirudi haien asmoek erreka jo dutela, urik gabeko herrialde batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.