Ardo zuriaren ajea Errioxan

Kexu da Arabako Nekazarien Elkartea. Hainbat urtez, mahats zuria landatzeko eskatu diete upategiek, eta, orain, uko egin diote erosteari. Ondorioz, mahatsaren prezioak behea jo du.

Arabako Errioxako mahats biltzea, 2014an. RAQUEL MANZANARES / EFE.
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Ika-mika piztu da Arabako Errioxako mahastietan. Mahastizainak eta upategi handien jabeak aurrez aurre daude, mahats biltzea hasteko aste gutxi falta direla. UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko kide Jesus Bauzak azaldu duenez, duela bost urte inguru, upategiek exijitu zieten mahats zuriaren barietate gehiago landatzea, nazioarteko eskariari erantzuteko. Orain, ordea, ardo zuriaren eskaria jaitsi egin da, eta upategiek ez dute mahats zuririk erosten. Ondorioz, mahats zuriaren prezioak behea jo du, eta nabarmen zaildu da nekazarien etorkizuna.

2006. urtera arte egin behar da atzera auzia ulertzeko: «2006.urtean, Aurreikuspen Kontseilua bildu zen, eta, mundu mailako eskariari erantzuteko, mahats zuriaren barietate gehiago landatu behar zirela esan ziguten nekazarioi». Hori horrela, azken urteetan, inbertsio «handiak» egin dituzte mahats zuriaren aldaerak landatzeko, «upategien eskaerari erantzunez». Urte batzuetan, upategiak mahats zuria erosteko prest agertu dira, eta ondo ordaindu dute.

Orain, ordea, egoera bestelakoa da. Inbertsio horien bidez, 150 hektarea prestatu zituzten mahats zuria landatzeko; 100 hektarea soilik landatu dituzte orain arte. Araban 914 hektarea daude mahasti zuriekin —mahastien %7 inguru—, eta eskaerak kopurua nabarmen igotzea zekarren. «Duela bi urte landatutako hainbat hektarea oraindik ez daude ekoizpen fasean, eta dagoeneko upategiek esan digute ez dutela mahats zuririk erosteko asmorik; erosten dutenek erdi prezioan erosten dute, gainera: lotsagarria da». Bauzaren esanetan, UAGAren jarrera landaketa «masibo» horien aurkakoa izan da beti, baina ez dute erabakiari aurka egiteko ahalmen nahikorik: «Sor-markaren %11 gara, gutxiengoa».

Zergatik egiten diote orain uko upategiek mahats zuria erosteari? Bauzaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak emandako sententzia bat da arrazoi nagusia. Epai hori atera aurretik, Arabako Errioxako upategiek Errioxako mahastiekin egindako ardoa Errioxa sor-markaren barruan atera behar zuten. Epai horri jarraituz, ordea, beste sor-marka baten hektareak eros ditzakete, eta mahats horien bidez egindako ardoa lehen erabiltzen zuten marka berarekin sal dezakete. Ekoizle handiagoak direnez, prezioak merkeago jartzeko ahalmena dute. Ondorioz, upategiei merkeago ateratzen zaie mahatsa ekoizle horiei erostea.

Galera handiak

Prozesu horrek eragin handia izan du mahastizainengan, eta dagoeneko galera «handiak» izan dituzte: 3.000 mahatsondo landatu dituzte, eta 4.500 euro inbertitu dituzte landaketan soilik. Horretaz gain, hektareako 20.000 euroko inbertsioa egin dute orubearen prestaketa egiteko. «Zortzi edo hamar urteren buruan, errentagarri bihurtu behar litzateke inbertsioa». Bi urte igaro dira, eta Bauzak ez du aurreikuspen onik egin: «Urtebete produzitu gabe igaro dugu, eta, oraingoz, galduan atera gara».

Era berean, upategiek mahats zuririk erosten ez dutenez, hektareak ez dira errentagarriak, eta ekoitzitako mahatsaren balioa txikitu egin da: «Bideragarritasun gutxiko mahats kilo ugari dagoenean, errentagarritasuna txikiagoa da, eta prezioak behera egiten du». Hori ikusirik, nekazariei aukera bakarra geratu zaie: mahatsa merkeago saltzea. Horrela, ez dute galerei aurre egiteko irabazi nahikorik sortzen.

Egoera horretan, etorkizunera begira jarri dira, eta lan egiteko beste modu baten bila hasi dira. Arabako Errioxa izenarekin lan egin nahi dute, baina beste sor-marka baten barruan: «Arabako Errioxak ez du etorkizunik 70.000 hektarea ekoizten duen sor-marka baten barruan. Merkatua lau multinazionalen esku geratuko da; sobran gaude gainontzeko guztiak».

Horretarako, ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko kideekin hitz egiten ari dira. Argi dute zein den ekoizle txikien etorkizuna: «Multinazional horietatik ezberdinduko gaituena eskaini behar dugu: kalitatea, eta gertuko produktua, kontsumitzaileek gugan konfiantza jarri, eta gure produktuari dagokion balioa eman diezaioten».

Bide hori, ordea, ezin dute bakarrik egin: upeltegi handien aldetik ez dute «ezer» espero, baina instituzioetan dute esperantza. «Arabako Errioxako nekazaritza ez da negozio hutsa: bizitzeko modu bat da; familia ugari bizi da nekazaritzatik, edota nekazariek jasotzen dituzten diru sarreretatik». Hori dela eta, uste du erakundeen zeregina dela «Arabako Errioxan tradizio handia duen bizitzeko modua» garatzea.

UAGAko kideek ia hiru urte daramatzate Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin lanean: «Gure ereduaren, negozioaren, paisaiaren, bizitzeko moduaren eta merkaturatze txikia garatzearen aldeko apustua egiten dute, eta badakite eskualde bat garatzeko modu bideragarria dela». Bauzaren ustez, «baldintza burokratiko eta administratiboak erraztu behar dituzte, lur eremu txikiak bideragarriak izan daitezen».

Nazkatuta daude nekazariak: azken urteetan hartutako erabaki estrategikoek ondorio «negargarriak» izan dituzte ekoizle txikientzat. «Hutsegiteetatik ikasteko garaia da, eta denentzat onuragarriak izango diren erabakiak hartzekoa». Ikusi beharko da nekazariek galerei aurre egin eta egoera ilunari buelta ematen dioten, Arabako Errioxak etorkizuna bermatuta edukiko duen seinale izango da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.