Ardo esportazioen %14 kinka larrian jarri ditu Trumpen muga zergak

Arabako Errioxako ardoaren eta txakolinaren esportazioen heren bat AEBetara eta Erresuma Batura doa. Sektoreak asko du jokoan

Javier Ruiz de Galarreta Araexeko burua eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, atzo. XABIER MARTIN.
xabier martin
Bastida
2019ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskal ardoa hegazkinez ere badoa AEBetara; batek daki Airbus batean joango den. Ardoaren eta hegazkinen arteko lotura bakarra ez da hori, ordea, tamalez bai Arabako Errioxako upategientzat eta bai txakolin ekoizleentzat. Izan ere, Airbus eta Boeingen arteko norgehiagoka bete-betean sartu da Trumpek hasitako gerra komertzialean, eta, MME Munduko Merkataritza Erakundearen oniritziarekin, euskal ardoak ere nozituko ditu gerra horren ondorioak. Horrela izango da Europako Batasunak ez badu lortzen urria bukatu aurretik Etxe Zuria konbentzitzea bertan behera uzteko indarrean jartzekoak dituen ardoaren aurkako muga zergak.

Finean, Europako hainbat gobernuk —Espainiakoa ere bai— Airbusi emandako laguntza publikoak garesti aterako zaizkie esportazioen zatirik garrantzitsuenetakoa AEBetara egiten dituzten ardogileei, Arabako Errioxakoei eta Bizkaiko nahiz Gipuzkoako txakolin ekoizleei. Esportazioen %14tik gora AEBetara egiten baitituzte Toloñoko mendilerroa eta Ebro ibaiaren arteko mahastiak kudeatzen dituzten upategiek. Iazko ekainetik aurtengora, ia 26 milioi euroren salmentak egin dituzte Basque wine gisa saltzen den produktuaren ekoizleek (txakolina eta Arabako Errioxako ardoa). Kopuru horren gehiengoa Arabako upategiei dagokie (22,6 milioi).

Ez alferrik, esportazioen %14,2 Trumpen herrialdera egin zituzten 2018an, alegia, orain %25eko muga zergen zigorra izango duten merkatura. Garbi dago egoera zein den: Sektoreak asko du jokoan, Araex talde esportatzailearen presidente Javier Ruiz de Galarretak onartu zuenez, atzo, Bastidan (Araba). Esportazioen jomuga nagusia (%17,8) brexit-aren lurraldea: Erresuma Batua. Herrialde biek batera esportazioen %32 ordezkatzen dute. Kontuan hartuz gero 2018an sektoreak 196 milioi euroko salmentak egin zituela atzerrian, erraz uler daiteke ardogileek belarriak zutik edukitzea.

Suitza da hurrengoa zerrendan (%10), eta Alemania (%9) ondoren; Txinara begira ere hasia da Araex (Baigorri, Luis Cañas, Amaren, Lar de Paula, Herdedad de Baroja...). Hamar urte soilik daramatzate haiek ardoa kontsumitzen, baina mundu osoko ardoaren %21 erosten dute dagoeneko. Iaz, bulego bat ere ireki zuen han talde esportatzaileak, «munduko merkatu handienetako bat bihurtu delako».

2019, uzta historikoa

«Ezberdintzeko beharra» nabarmendu zuen, berriz, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak; Abra upategi txikien elkarteak Arabako Mahastiak zigilua sortzeko prozesua abiarazi duela jakinarazi zuen egun berean aritu zen Gonzalez desberdintzeaz, «baina beti Errioxako sormarkaren aterkipean». Kalitatea behar bezala islatzeko tresnak sortu behar direla esan zuen. Diputazioa, upategiekin elkarlanean, ziurtagiri bat sortzeko ahaleginean dela azaldu zuen. Gipuzkoako eta Bizkaiko kontsumitzaileei ere egin zien ohar bat: EAEn hartzen den ardoaren laurdena baino ez da bertan egindakoa. Beraz, kontsumitzeko ohituretan ere zer egina badela uste du Gonzalezek. «Euskadiko ardoa Arabako ardoa da», esan zuen ozen, txakolindegiei errespetua azaldu ondoren.

2019ko uztari buruz «oso albiste onak» eman zituzten, bestalde. Aurtengo uzta definitzeko, bikain hitza motz geratu zaie ardogileei: «historikoa» izango dela esan zuten, «urte askotako baldintzarik onenak» sortu dituelako eguraldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.