Ardi esnearen prezio txikiak ekoizpen kostuen azpitik dabiltzala salatu du EHNEk

Batez beste 1,4 euroan ari dira saltzen Idiazabalgo eta Erronkariko gaztak egiteko esnea, eta 1,62 da irabaziak izateko gutxieneko prezioa.

Ardiak Baztango haranean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ardiak Baztango haranean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2024ko abenduaren 11
18:10
Entzun

Iaz egin zuen salaketa, eta, funtzionatu zuela ikusita, aurten berriro egitea erabaki du EHNEk. Industriak artzainei ardi esnearen truke ordaintzen dien prezio txikiaz kexu da sindikatua, eta ez dela betetzen elikadura katearen legeak eskatzen duen baldintza: produkzio kostuak estaltzea. 

Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa) egin zuen iaz salaketa EHNEk, eta haren ondorioz industriak esnearen prezioa %15 igo zuela gogorarazi dute gaur Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNEko lehendakariak eta Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak, Donostian.

Gaur egun, Idiazabalgo eta Erronkariko gaztak egiteko ardi latxaren esne litroa gutxi gorabehera 1,4 euroan saltzen ari dira, eta, hortaz, ez da iristen Behatokik ezarritako gutxieneko 1,62 eurora —hori da kostuak estaltzeko eta irabaziak izateko behar dena—. Enpresa batzuek prezioak 0,036 euro igoko dituztela iragarri duten arren, gehienek iazko prezioei eustea erabaki dutela salatu dute.

Oro har, ardia haztearen errentagarritasun faltaz kezkatuta dago EHNE. Latxo Foroak Arkautin (Araba) egindako azken bileran, INTIA Nafarroako elkarte publikoak emandako datuak aztertu dituzte, eta esplikatu dute artzainek 2022-2023ko kanpainan ardi bakoitzeko sei euro irabazi zituztela urtean, baina duela bi urte irabazi hori 60 eurokoa zela. «INTIAko teknikariek bileran azaldu zutenez, hurrengo kanpainaren itxiera datuak hobeak izatea espero da, ekoizpen kostuetan beherakada txikiak izan direlako».

Ohartarazi dute gaztagintzako industriak ez dituela ekoizpen kostuak estaltzen, prezioak beste marka zuri batzuen mailan jartzen dituela, eta «kalitate eta tradizio handiko esne baten balioa gutxietsi eta ekoizpen horien iraunkortasuna arriskuan jartzen» duela horrek. Gainera, EHNEko kideek adierazi dute klima erronka berriek, lehorteek eta gaixotasunek egoera larriagotu dutela, eta horrek arriskuan jarri dituela «belaunaldien arteko erreleboa» eta «ustiategien bideragarritasuna».

Era berean, esan dute argi eta garbi ikusten dutela ez dela betetzen ez elikadura katearen legea ezta lehiaren legea ere. «Gure lurraldean ekoitzitako ardi latxaren esnea erosten duten industria urrien artean prezioak hitzartu eta artzainen banaketaren dinamikari jarraitzen diote», ziurtatu du Nazabalek. 

Neurri eske

Sektorearen iraunkortasuna bermatzeko eta ardi latxaren esnearen kalitatea zaintzeko, EHNEk hainbat eskaera egin ditu: lehenik, bermatutako gutxieneko prezioak, ekoizleei bidezko ordainsaria ziurtatzeko; bigarrenik, balio kate osoan, hau da, ekoizpenetik hasita banaketaraino gardentasun handiagoa izatea; eta hirugarrenik, administrazioak kontratuak ofizioz berrikustea, elikadura katearen legea betetzen dela bermatzeko eta abusuzko praktikak eragozteko.

Konpromiso handiagoa exijitu diete erakundeei, sektorearen iraunkortasuna bermatzeko eta ardi latxaren gaztaren kalitatea zaintzeko. «Gure herriko produktu adierazgarria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.