Arcelorrek sei hilabeteko lan erregulazioa ezarriko du

Euskal Herrian Etxebarriko, Lesakako eta Legasako plantei eragingo die neurriak. Lehengai faltagatik hartu dute erabakia

Arcelor Mittalen Etxebarriko lantegia. JON HERNAEZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Arcelor Mittaleko Etxebarriko (Bizkaia) eta Lesaka-Legasako (Nafarroa) langileei enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat ezarriko diete gutxienez sei hilabetez. Hala adostu dute enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek. Espedienteak multinazionalaren beste altzairutegi batzuei ere eragingo die eta guztira 7.000 behargini, baina Euskal Herrian hiru planta horietakoei soilik —650 inguru—.

Erabakiaren atzean martxoaren 22an Arcelorrek Gijonen (Asturias, Espainia) duen altzairutegian izandako istripua dago. Hango labe garai bat lehertu egin zen, eta labe horretan ekoizten zuten Etxebarriko eta Lesakako lantegietan erabiltzen duten lehengai gehiena. Istripuaz geroztik, planta horiek geldirik daude. Hasiera batean bi hilabeterako espedientea aurreikusi zuen enpresak, baina urte erdikoa izango da gutxienez.

Zuzendaritzak eta sindikatuek egindako hitzarmenari esker, denbora horretan langileek soldata gordinaren %90 jasoko dute, aparteko ordainsari guztiak barne, eta oporraldiak bermatuta izango dituzte. Nolanahi ere, sindikatuek Gijongo labea konpontzeko zuzendaritzaren konpromiso idatzia eskatu dute, eta espedientearen indarraldia gehiago zehaztea.

Sindikatuak, kezkatuta

Izan ere, ez da aurreneko aldia Arcelorrek Gijongo instalazioa gelditzen duena. Otsailaren 6an ekin zion berriro, sei hilabeteko etenaren ostean. Orduan, produktu siderurgikoen eskaerak behera egin zuelako hartu zuen erabakia enpresak. Planta 2025ean behin betiko ixtea aurreikusten du, eta ikatza erabiltzen duen egungo labearen ordez labe hibrido bat jartzea, argindarra eta hidrogeno berdea erabiliko duena. Espainiako Gobernuak 460 milioi euroko diru laguntza onartu zuen apirilaren 4an. Proiektuak 1.000 milioi euroko kostua du, baina multinazionalak ez dio oniritzia eman oraindik.

Horrekin batera, Arcelor Mittalen Espainiako zuzendaritzak eta sindikatuek hasi dituzte planta guztientzako oinarrizko lan hitzarmenaren negoziazioak. Enpresak %4ko soldata igoera proposatu du 2022rako, atzerako eraginez ezartzekoa, eta %1,7ko ordainsari bat; aurten, %3koa izango litzateke soldata igoera, eta %2,5ekoa 2024rako eta 2025erako.

Sindikatuek uste dute kopuru horiek ez direla nahikoak, eta mobilizazioak hasi dituzte. CCOOk 24 orduko greba batera deitu du hilaren 24rako, eta 16 orduko beste batera 28rako. Maiatzean protestekin jarraitzea aurreikusten du.

ELA eta LAB, berriz, negoziazio mahaitik altxatu ziren martxoaren 31n eginiko bileran. Enpresari egotzi diote ez duela haiekin negoziatzeko asmorik, eta Espainiako lantegietan ordezkaritza duten sindikatu nagusiak baino ez dituela aintzat hartzen. Sindikatu abertzaleek azpimarratu dute jarrera hori ez dela berria; salatu dute Euskal Herriko lantegietako arazoekin ez dagoela arduratuta eta «gutxieneko seriotasunik» duen plan industrialik ere ez duela aurkeztu bertako plantentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.