Arcelor Zumarraga, arriskuan

Sindikatuen arabera, altzairutegia aldi baterako itxi nahi du zuzendaritzak, galera handiak dituelako.ArcelorMittalek merkatu ahulari eta argindar garestiari egotzi die egoera.370 langile ditu fabrikak

Iker Aranburu.
Donostia
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Azpeitiko Corrugadosen itxieraren oihartzuna oraindik desagertu ez dela, Gipuzkoako industriaren beste ikur bat arriskuan dago: ArcelorMittalen Zumarragako altzairutegia, Esteban Orbegozo izandakoa. Sindikatuen arabera, enpresako zuzendariek adierazi diete aldi baterako itxi egingo dutela irailaren amaieran edo urriaren hasieran. Zuzendaritzak ez duitxierari buruz hitz egin nahi izan, baina lantegia kolokan dagoela onartu du, eta enpresaren iraupena bermatzeko «hainbat aukera» aztertzen ari dela dio.

Enrique Baratta CCOOko industria federazioko Gipuzkoako arduradunak azaldu duenez,duela egun batzuk zuzendaritzako kideek dei egin zieten langile batzordeko kideei, eta orduan esan zieten enpresa aldi baterako baina epe jakinik gabe itxi egingo zutela.

Agiri baten bidez, enpresak ez du informazio hori baieztatu, baina ez du ezeztatu. ArcelorMittalek dio «galera handiak pilatu» dituela Zumarragako lantegiak. «Aukera posible guztiak aztertzen ari gara, eta enpresako zuzendaritza prest dago bide guztiak jorratzeko lantegiaren iraupena ziurtatzeko».

«Ez du itxura onik»

Zumarragako lantegi historikoak 370 langile ditu, eta altzairuzko hariak eta barrak egiten ditu. Batez ere eraikuntzarako eta ontzigintzarako erabiltzen dira altzairu horiek. Enpresak nabarmendu du merkatuak «ahul» daudela azkenaldian. Beste arrazoi bat ere eman du ArcelorMittalek Zumarragaren galerak azaltzeko: argindarraren prezioa oso handia da beste herrialde batzuekin alderatuta, eta bereziki egiten die kalte energia handia behar duten fabrikei, altzairugileei, esaterako.

Sindikatuek oso gaizki hartu dute aldi baterako itxieraren berria, behin betiko itxiera baterako lehen urratsa izan daitekeelako. «Aldi baterako itxierak ez du itxura onik. Zerbait okerragoaren itxura du. Gaizki bukatu duten beste aldi baterako itxieren adibideak izan baditugu», ziurtatu du Barattak. ArcelorMittalek berak Bergarako lantegiaren zati bat itxi zuen 2009an, eta ekoizpena Zumarragara eraman zuen. Sestaoko ACB altzairutegia ere itxi zuen 2011n, baina sei hilabeteren ondoren ireki zuen.

Azken adibide horri heldu dio Mikel Serrano (PSE) Zumarragako alkateak «zuhurtzia» eskatzeko. «Inondik inora ez da esan irailekoa behin betiko itxiera denik eta honek ez duela atzera bueltarik […] Hori gerta ez dadin negoziatu beharko dute enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek, eta administrazioek guri dagokiguna egin». Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du «guztien artean irtenbide bat» bilatu behar dela, eta gogorarazi du «gastuak modu askotara txikitu» daitezkeela. Gipuzkoako Aldundiak datorren astean egingo du bilera zuzendaritzarekin, Jon Peli Uriguen Berrikuntza diputatuak eskatuta.

«Ahalegin handiak»

Barattak gogorarazi du iaz ArcelorMittaleko langileek soldatak jaistea eta lanaldia luzatzea onartu zutela, baina enpresak ez duela askorik inbertitu lantegian. «Ahalegin handiak egin ditugu, eta, hala ere, prest gaude hitz egiteko, baina lehenbailehen aurkez dezatela plan bat idatziz, haren inguruan hitz egiteko».

Bere garaian lan baldintza gogorragoak onartzeagatik kargu hartu diete sindikatu abertzaleekCCOOri eta UGTri. «Arcelorren zuzendaritzaren eskutik denbora luzean funtzionatu» duela leporatu dio ELAk CCOOri. «Espero zen bezala, [akordio] horrek ez du inolako bermerik ekarri multinazional honetan. Bistan da multinazionalarentzat akordio hark zuen balioa», gaineratu duLABek. Itxiera «interes espekulatiboei» erantzuten diela ziurtatu du ELAk. Biek borrokara deitu dute.

Zumarragan CCOO da sindikatu nagusia, sei ordezkarirekin. ELAk lau ditu, UGTk bi eta LABek bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.