Enpresak

Arcelor Mittalek urtea bukatu arte luzatu du aldi baterako erregulazioa

Altzairuaren multinazionalak UGT, CCOO eta LSB-USO sindikatuekin adostu du ABEEa. ELAren arabera, ordea, «ez du justifikaziorik».

Arcelor Mittalen Etxebarriko lantegia. JON HERNAEZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 4a
11:58
Entzun

Arcelor Mittalek aldi baterako enplegu erregulazioak (ABEE) kateatzen jarraitzen du. Apirilean, sei hilabetez bere 7.000 langileren lanaldia laburtzeko erregulazio bat adostu zuen CCOO, UGT eta LSB-USOrekin, eta orain, sindikatu horiekin beraiekin hitzartu du erregulazioak urtea amaitu arte irautea.

Altzairuaren multinazionalak hamarren bat lantegi ditu Euskal Herrian, eta horietako lauri eragingo die ABEEak: lanaldiaren %50 murriztuko diete Etxebarrin (Bizkaia), %40 Legasako AMDS Processingen (Nafarroa), %35 Lesakan (Nafarroa), eta %20 banaketan (Agurain, Araba). 650 langile inguru aritzen dira planta horietan. Erregulazioak eragina izango du Asturiasko lantegietan (%15) eta Valentziako Saguntekoan ere (%5).

Erregulazioan dauden langileek soldataren %90 jasoko dute, eta aparteko ordainketen eta oporren %100.

ELAk salatu du espedienteen erabilera «egiturazko» bihurtu dela altzairugintza enpresan, «hamalau urte baitira lege tresna hori praktikan etengabe aplikatzen dela». Sindikatu horrek erregulazioa arrazoitzeko informazioa eskatu dio enpresari ABEEaren negoziazio prozesua baina, «beste behin ere», ez du jaso. «Eskatutako dokumentazioa ez aurkezteak erakusten du espedienteak ez duela inolako justifikaziorik».

ELAk berriro eskatu dio zuzendaritzari Euskal Herriko lantegien etorkizuna bermatuko duten industria planak aktibatzea. «Ez da inbertsiorik egiten, eta langile gutxiago eta batez besteko adin handiagoko lantaldeak daude». Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari esku hartzeko eskatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.