Arcelor Mittalek produkzioa murriztuko du Europan

Alemaniako, Frantziako eta Espainiako lantegietan iragarri ditu aldi baterako geldialdiak. Oraingoz, ez du zehaztu murrizketek Euskal Herriko lantegiei eragingo ote dieten

ArcelorMittalen Avilesko lantegia (Espainia). J. L. CEREIJIDO / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Aldi baterako «egokitzapena» iragarri du Arcelor Mittal altzairugintzako erraldoiak Europan. Jakinarazi du murrizketa plan bat ontzen ari dela kontinenteko bere lantegien produkzioa merkatuaren eskarira moldatzeko; hau da, ekoizpena jaitsiko du Europako lantegietan. Oraingoz, konpainiak esplikatu du murrizketek eta geldialdiek Dunkerqueko plantei (Frantzia), Eisenhuttenstadtekoei eta Bremengoei (Alemania), Asturiaskoei (Espainia) eta Krakoviakoei (Polonia) eragingo dietela; halaber, azaldu du Italiako lantegien bidalketetan zuzendaritzak aurreikusitako igoerak apaldu egingo direla.

Zuzendaritzak ez du adierazi murrizketak eraginik izango ote duten konpainiak Euskal Herrian dauzkan plantetan: Bizkaiko Sestaon, Etxebarrin, Basaurin eta Derion; Gipuzkoako Olaberrian, Bergaran eta Hernanin; eta Nafarroako Lesakan, Legasan eta Berriobeitin.

Indiako multinazionalak ohar bat argitaratu du, eta idatzian bi arrazoi aipatu ditu Europako lantegietan produkzioa jaistea argudiatzeko: «Merkatuaren eskari ahula eta Europaren altzairu inportazio handia». Horiei, konpainiaren ustez, argindarraren faktura garestiegia gehitu behar zaie. Joan den maiatzaren 6an jada iragarri zuen Europan urtero hiru milioi tona altzairu gutxiago ekoitzi nahi dituela, eta Asturiasko fabrikan 700.000 tona gutxiago ekoitziko dituela.

Atzo produkzioa txikitzeko planaren xehetasunak eman eta gero, ArcelorMittalen akzioek %5etik gorako galerak izan zituzten, eta akzio bakoitzaren balioa 13,36 euroraino jaitsi zen.

Enpresako kontseilari Geert van Poelvoorde ordezkariak adierazi du «aldi baterako erabakia» dela, eta «merkatuko baldintzak hobetu ahala» ohiko produkzio mailetara bueltatuko direla Arcelor Mittalen plantak. «Beste erabaki zail bat izan da» produkzioa aldi baterako murriztea, kontseilariaren esanetan, baina uste du «erabaki zuhurra dela, merkatuaren ahultasuna kontuan hartuta». Altzairuaren sektorea 2014az geroztik ari da salatzen Txinaren altzairu inportazio merkeak Europako altzairutegiak itotzen ari direla.

Gero eta murritzago

Euskal Herriko lantegiei dagokienez, murrizketa handia 2016an egin zuen ArcelorMittalek: itxi egin zituen Zumarragako lantegia —315 behargin zituen— eta Sestaokoa —346 langile zituen—, nahiz eta gero Zumarragako planta txatarra banatzeko zentro bilakatu eta Sestaoko ACB oso su txikian jarri berriz ere martxan, lantalde erdia ingururekin eta produkzioaren %14an.

LABek dagoeneko 2017an salatu zuenez, Indiako Mittal konpainiak 2007an Arcelor bereganatu zuenetik hamarkada batera 1.758 lanpostu desegin zituen Euskal Herriko lantegietan, tokiko bertako langileen %51.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.