Arcelor Mittalek Legasako plantako 33 langile kaleratu nahi ditu, eta bertako ekoizpena eten

Bertako jarduna Aguraingo instalaziora eramatea da asmoa. 2016an 120 langile zeuden Legasako lantegian, eta egun 45 inguru dira.

Arcelor Mittalen ikurra, lantegi bateko sarreran. J.M. / FOKU.
Arcelor Mittalen ikurra, lantegi bateko sarreran. J.M. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko apirilaren 11
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Arcelor Mittal altzairutegiak Legasan (Nafarroan) duen lantegiko ekoizpen lerroa itxi nahi du. Sindikatuek jakinarazi dutenez, enpresak lan erregulazioa egin asmo du eta 40 langileri eragingo lioke. Neurriak Legasan diharduten 33 langileri eta Aguraingokoaren (Araba) zazpiri eragingo lioke.

Legasako langileen kopurua erdira murriztu da azken hamarkadan: 2016an, 120 langile zituen; orain, 45 inguru. Sindikatuek salatua zuten zuzendaritza nahita ari zela kopurua murrizten errelebo kontratuen —postu berria beste instalazio batzuetan sortuta— eta ordezkatu gabeko erretiroen bitartez, eta erregulazioa beste pauso bat litzateke.

LAB sindikatuak salatu du Arcelor bide beretik doala Lesakan: tantakako langile murrizketa eta inbertsiorik ez ekoizpen lerroetan

Legasako ekoizpen lerroan pieza tubular galvanizatuak egiten ditute —autogintzan asko erabiltzen dira—, eta 33 langilek dihardute hor. Beste langileak komertzialak, bulegoetakoak eta abar dira. Arcelorrek urteak daramatza planta txikiak ixten, eta kasu honetan ekoizpen lerro hori Aguraineko lantokira eramango dute. Ikusteko dago Legasako eraikina salduko duten edo biltegi moduan erabiliko duten.

Enpresako langile batzordeak hiru ordezkari ditu, UGTko bi eta ELAko bat. ELAko hori Ibon Requejo da eta erran.eus agerkariari esan dio zurrumurruak bazebiltzan arren, ez zutelako horrelakorik espero. Halaber aurreratu du planta ez ixtea izango dela haien helburua eta ahalegin guztiak egingo dituztela eragozteko: «Planta ixteko arrazoirik ez dagoela erakutsi nahi dugu eta enpresak berak aitortu du erabakiaren gibelean ez dagoela arrazoi ekonomikorik, estrategikoa dela».

Nafarroako Gobernuaren mahaia

Gauzak horrela, Arcelorrek ekoizpen zentro bakarra izango du Nafarroan, Lesakakoa hain zuzen. Bertan 300 langilek dihardute, baina Asier Calderon LABek Nafarroan duen industria arloko ordezkariak ohartarazi du enpresa Legasako estrategia erabiltzen ari dela bertan. «Urtez urte, langile kopurua murrizten ari da, eta han ere ez du inbertsiorik egiten makineria berritzeko», salatu du.

Nafarroako Gobernuak ere atsekabez hartu du erabakia eta negoziazio mahai bat sortuko du Arcelorrekin biltzeko. Mikel Irujo Industria kontseilaria dagoeneko harremanetan jarria da enpresako arduradunekin eta kalteturiko langie kopurua ahalik eta txikiena izan dadin saiatuko da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.