Azken urteak zailak izaten ari dira ardogintza sektorean. Kontsumo ohituretan izandako aldaketen ondorioz salmentak jaitsi egin baitira, eta gero eta zailagoa egiten ari zaie upategiei ekoitzitako ardoa merkaturatzea. Brexita dela, COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra... egoera larriagotu baino ez dute egin. Ataka horretatik nola atera ez dute argi sektorean, baina neurriak hartzen hasiak dira horri aurre egiteko. Denak, baina, ez daude ados eman beharreko pausoez eta egin beharrekoez.
Ikusi gehiago:Mahats uzta oso ona espero da, idorteak bilketa aurreratu arren
Ekoizpena murriztu beharra dagoela, hori argi dute. Azken urteetan kantitatera jo baitute upategi handiek, kalitatera baino, eta horrek desoreka handia sortu du sektorean, upategi txikien kaltetan. Izan ere, nabarmen ugaritu dituzte mahasti kopuruak, eta, ondorioz, gehiegizko ekoizpenak mahatsaren prezioa jaistea ekarri du, besteak beste.
Horri aurre egiteko, Errioxa sor-markako kontseilu arautzaileak ekoizpena mugatzea erabaki du: ez du den-dena babestuko, beraz, mahats gehiegi ekoitzi dutenek bota beharko dute irailaren 6a baino lehen. Eskutitz bana bidali die nekazariei eta upategiei horren berri emateko. Neurriak, baina, sektorearen haserrea eragin du, sor-markak adimen artifizialaren bidez kalkulatu baitu zein lursailetan egon daitekeen mahats gehiegi.
UAGAkoak kexu azaldu dira erabilitako moduengatik. Sindikatuak gaitzetsi du sistemak akats eta hobetu beharreko asko dituela. «Ekoizpena adimen artifizialaren bidez aurreikusteko modua ez da fidagarria izan kasu askotan; izotzak edo txingorrak hondatutako lursailetan, edo landaredia handiagoa den mahastietan... Hain izan da zehaztugabea, ezen ekoizpena jada murriztu duten batzuek ere jaso baitute».
Epeak ere salatu ditu sindikatuak, mahats bilketaren atarian jaso baitute abisua mahastizainek, horrek upategien eta langileen antolaketan eragin ditzakeen arazoak aintzat hartu gabe. Izan ere, bilketaz arduratzen diren behin-behineko langile asko beste fruta batzuen bilketa kanpainan ari dira, edo mahatsa biltzen hasiak dira jada, eta ezinezko zaie mahatsa kentzeko lanak egitea.
UAGAren iritziz, gainera, lan horiek orain egitea arriskutsua ere izan daiteke, kalteak eragin ditzakeelako lukuetan, eta, ondorioz, ekoitziko diren ardoetan. «Mahatsak kentzean, ebakiak eta zauriak egin daitezke gainerako mahats-lukuetan, gaixotasunak zabaltzea erraztu ditzaketenak, batez ere, datozen egunetan espero diren hezetasun handiko egunetan», ohartarazi du.
Mahatsaren prezioa garestituko duten neurriak galdegin ditu sindikatuak, «ekoizpen kostuaren azpitik» ordaindu zaielako mahastizainei azken urteetan.
Luzera begirako neurriak
ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak ere urteak daramatza kalitatearen aldeko apustua aldarrikatzen. Sor-markaren estrategia aldaketa galdegin du behin eta berriz elkarteak, horrek eraman duelakoan sektorea egungo egoerara. Horregatik, ez du uste ekoizpena apur bat murrizteak ezer konponduko duenik. Luzera begirako neurriak eskatu ditu ABRAk, sektorea egun dagoen atakatik ateratzeko.
Eta zer esan nahi du horrek? Bada, azken hamarkadetan egindako bidea kontrako bidean berregitea; hots, mahasti kopurua murriztea. Ez oso aspaldi patata edo erremolatxa ereiten zuten lurretan mahatsondoak landatu baitzituzten upategi handiek, sarri «egokiak ez ziren lurretan», eta, ondorioz, urtetik urtera handitu egin da mahastien hektarea kopurua. Zehazki, mahastien %10 kentzea galdegin zuen ABRAk urte hasieran.
Ekoizpena murriztea ezinbestekoa dela iritzi dio Eusko Jaurlaritzak ere, eta egun sektoreak duen arazoa konpontzeko neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu dio Errioxa sor-markako kontseilu arautzaileari. Gasteizko gobernua prest dago ekoizleei behar dituzten diru laguntzak emateko, mahastiak kendu behar badira, edo, pandemia ostean egin bezala, saldu gabeko ardoa destilatu behar bada. Zortzi milioi euro bideratu ditu berriki horretarako, hain zuzen ere.
Krisia Errioxatik harago
Edonola ere, Errioxa sor-markatik harago krisia ardogintza sektore osora ari da hedatzen, salmentak mundu osoan jaitsi baitira. Bordelen, esaterako, arazoari errotik heltzea erabaki dute, eta neurri zorrotzak hartu dituzte: milaka mahasti kentzen hasi dira jada. Han ere ekoizpena murriztu beharrean baitira, herritarren kontsumo ohitura aldatu egin direlako, eta haien erosle nagusiak, Txinak, ez dizkielako jada lehen beste ardo botila erosten. Gainera, gero eta idorragoa den eremuak eta gero eta altuagoak diren tenperaturak ekoizpena baldintzatzen ari dira.
Frantziako Gobernuak diru laguntzak eman dizkie mahastizainei eta upategiei mahastiak kentzeko. 200 milioi euroko plana onartu du sektorearentzat. Helburua da mahastien %8 inguru kentzea, hau da, bederatzi mila hektarea inguru. Horrez gain, merkaturatu gabeko ardoa destilatzeko laguntzak ere emango dizkie.
Mahats bilketa
Arazoari errotik heltzeko garaia
Gehiegizko ekoizpenari aurre egiteko, bilketa mugatu egin du Errioxa sor-markak. Uzta bota egin beharko dute mahats gehiegi dutenek. Moduek eta epeek sektorean haserrea eragin dute, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu