Arartekoak ontzat jo du garraio kutsagarria gogorrago zergapetzea

Autoak hiriguneetan sartzeko tasak aztertzea proposatu du. «Gizarte hitzarmena» sustatuko du, trantsizio energetikoaren bidea adosteko

Ibilgailu trafikoa A8 autobidean, Bilborako noranzkoan, Muskiztik hurbil. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun

EAEko Arartekoak uste du diru gutxiegi biltzen dela ingurumenari lotutako zergen bidez. Bereziki, garraioaren sektorean zergapetzea gogortzeko tartea egon badagoela iruditzen zaio, oinarrizko filosofia batetik abiatuta: gehien kutsatzen duenak ordaindu behar duela gehien. Datuak ikusita, fiskalitate berdeari buruzko eztabaida ireki behar dela ondorioztatu du herri defendatzaileak.

Trantsizio energetikoari buruzko azterketa prestatu du Arartekoak. Atzo, txostenaren ale bat eman zion Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari, eta eduki nagusiak aurkeztu zituen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa energia eredu iraunkor batera bideratzeko hainbat gomendio egin dizkie Arartekoak administrazio publikoei.

Manu Lezertua arartekoak zehaztu zuen ez dagokiola berari esatea non eta nola zergapetu behar diren ibilgailu kutsagarrienak. Hala ere, gomendio zerrendan hainbat neurri posible propio aipatzen dira. Azpiegiturak erabiltzeagatik «ordainsari» gehiago paratzeko aukera ote dagoen aztertzeari interesgarri deritzo, eta, horri lotuta, administrazioei aholkatu die sartzeagatik autoei tasa bat ezartzeko aukerari erreparatzea.

Bestalde, hiri eta herrietako eremu jakin batzuetan autoa aparkatzeagatik tasak ipintzea ontzat jo du azterketak, «hiri espazioetan ibilgailuak erabiltzea pizgarririk gabe utzita, bereziki trafiko mugatua duten eremuetan edo isuri txikiak dituztenetan». Lezertuak ez zituen neurri horiek diesel autoetara mugatu, horiek kutsagarrienak ote diren oraindik ere eztabaidatzen ari den zerbait delako.

Gehien kutsatzen dutenak zigortzea bada filosofia, gutxien kutsatzen dutenak diruz laguntzea ere begi onez ikusiko luke, besteak beste, ibilgailu hibridoei edo elektrikoei zerga hobariak eskainita. Ibilgailu elektrikoak sustatzeko estrategia «berrikusi» beharra aipatzen du txostenak. 2020rako %10 izatea zen Jaurlaritzaren kalkulua, baina, gaur-gaurkoz, %1 inguru dira.

Adostasun oso zabalak

Deskarbonizazioa erronka handia dela onartu zuen Lezertuak, eta ohartarazi zuen «adostasun oso zabalak» beharko direla horri heltzeko. Hori izan da Arartekoaren lehen gomendioa: trantsizio energetikoa bideratzeko moduari buruz «gizarte hitzarmen bat» sustatzea. Hori lortzeko eztabaida foro bat sortzea defendatu du.

Eredu jasangarriago batek segurua izan behar du, lehiakorra, eta ingurumen eragin ahalik eta txikiena izan behar du. Beste elementu bat ere gehitu beharko litzaioke. «Bidezkoa izan behar du, eta gizartearen oniritzia behar du», azaldu zuen Lezertuak, eta aintzat hartu behar dela herritarrek eskubidea dutela energia iturriak eskuratzeko, «arrazoizkoak diren prezioetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.