Energia

Arartekoak begi onez ikusten du gehien kutsatzen duten autoak zigortzea

"Gizarte hitzarmen bat" sustatuko du trantsizio energetikoaren bidez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eredu iraunkor batera bideratzeko.

Trafikoa A8 autobidean, Bilboko noranzkoan, Ugaldebieta inguruan. JAVIER ZORRILLA / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 29a
16:45
Entzun

EAEko Arartekoak txosten bat prestatu du trantsizio energetikoari buruz. Gaur goizean azterketaren berri eman dio Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari, eta, ondoren, nondik norako nagusiak azaldu dizkie Manu Lezertua arartekoak hedabideei.

Besteak beste, fiskalitatearen erabilerari buruzko eztabaida irekitzeko beharra jasotzen da gomendioetan. Lezertuak justifikatu du erabakia. "Gehien kutsatzen duenak gehien ordaindu behar duela da printzipio nagusia. Dieselak gehiago kutsatzen badu, gehiago ordaindu beharko du, baina horri buruz eztabaida handia dago oraindik", onartu du.

Arartekoak ez du uste berari dagokionik proposatzea zer-nolako zergak aldatu edo ezarri behar diren. Hala ere, zenbait adibide propio aipatzen dira aholkuen barruan. Azpiegiturak erabiltzeagatik "ordainsariak" ezartzeko aukera aztertu beharko litzateke haren aburuz, eta baita gehien kutsatzen duten autoei tasa bat jartzea ere hiriguneetara sartzeagatik.

Hiri eta herrietako eremu jakin batzuetan autoa aparkatzeagatik tasak ipintzeari erreparatu dio txostenak, "hiri espazioetan ibilgailuak erabiltzea pizgarririk gabe utzita, bereziki trafiko mugatua duten zonaldeetan edo isurketa baxuak dituztenetan". Gehien kutsatzen dutenak zigortzea bada filosofia, gutxien kusatzen dutenei laguntzea ere begi onez ikusiko luke. Esaterako, ibilgailu hibridoei edo elektrikoei zerga hobariak eskainita.

Adostasun zabalen beharra

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan energia kontsumoaren %80 eta %90 bitarte erregai fosilak dira. Arartekoak uste du lehen fruituak eman dituztela energiari eta klimari buruzko politikek; besteak beste, berotegi gas gutxiago isurtzen dela nabarmendu du. Haatik, punturik ilunena garraioa da: kontsumoak eta isurketak gora egiten ari dira sektore horretan, etenik gabe.

Deskarbonizazioa erronka handia dela onartu du Lezertuak, eta ohartarazi du "adostasun oso zabalak" beharko direla horri heltzeko. Hori da Arartekoaren lehen gomendioa: trantsizio energetikoa bideratzeko moduari buruz "gizarte hitzarmen bat" sustatzea. Horri lotuta, energiari eta klimari buruzko erabakiak hartzeko eztabaida foro bat sortzeko eskatu du.

Hiru oinarri izan beharko ditu eredu jasangarriago batek, Arartekoaren arabera: segurua izan behar du, lehiakorra, eta ingurumen eragin ahalik eta txikiena izan behar du. Beste elementu bat ere gehitu beharko litzaioke. "Ereduak bidezkoa izan behar du, eta gizartearen oniritzia behar du", azaldu du Lezertuak. Horren haritik, azpimarratu du aintzat hartu behar dela herritarrek eskubidea dutela energia iturriak eskuratzeko, "arrazoizkoak diren prezioetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.