Tubacexek ateak ireki dizkio urre beltzaren erreinuko diru freskoari. Arabako hodigileak iragarri du Abu Dhabiko Mubadala funts subiranoari saldu diola emirerrietan duen negozioaren zati bat. Zehazki, gasaren eta petrolioaren ustiaketari lotutako negozioaren erdia erosi dio Arabiako funtsak, eta horren truke 138 milioi euro ordainduko dizkio.
Gaur sinatu dute akordioa bi aldeek, Tubacexek Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) jakinarazi dionez. Funtsak filialaren akzioen %49 erosiko dizkio, eta, horrez gain, dirua jarriko du Arabako hodigilea Abu Dhabin eraikitzen ari den ekoizpen planta berria egiteko —Arabiar Emirerri Batuetako emirerritako bat da Abu Dhabi—. Aurreikuspenen arabera, 30 milioi euro inguru izan daitezke.
2022an adostu zuen ADNOC Abu Dhabiko Petrolio Konpainia Nazionalarekin fabrika hori eraikitzea, eta urtearen amaierarako martxan egotea espero da. Emirerri horretan ustiatu nahi dituzten gas hobietarako 30.000 tona hodi ekoitziko ditu Tubacexek han, eta horretarako 100 milioi euroko inbertsioa egingo zuela iragarri zuen. Arabako hodigileak inoiz sinatu duen kontraturik handiena izan zen hura, hain zuzen ere.
Esne mamitan
Tubacexek nabarmendu duenez, operazioa bat dator joan den azaroan aurkeztu zuen plan estrategikoarekin, helburu gisa jarri baitzuen negozioa handitzen lagunduko zioten bazkideak bilatzea. Horrez gain, adierazi du gas eta petrolio ustiaketen sektoreko hodien merkatuan duen lidergoa sendotzen lagunduko duela, eta enpresak Arabiar Emirerri Batuetan duen presentzia estrategikoa egonkortuko duela.
Izan ere, Arabako hodigileak jakin du azken urteetan gasaren eta petrolioaren ustiaketan egin diren inbertsioei etekina ateratzen. Ez alferrik, esne mamitan dago Tubacex: 2021ean kaleratzeak egiten saiatu zenetik etengabe ari baita hazten, eta emaitza onak ari da kateatzen urtez urte. Iaz, 36,3 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen, 2022an baino %79,5 gehiago. Gainera, konpainiak 1.400 milioi euroko eskari zorroa du, eta espero du erritmo horri eusten badio gai izango dela 2027rako 1.200-1.400 milioi euroren salmentak lortzeko.