Araba

Araban, hezkuntzan izan du eraginik handiena

Hezkuntza publikoko langileen %70ek egin dute bat grebarekin Araban, Steilasen arabera. Industrian, enpresa ertain eta handietan lanuzteak egon badira ere, grebaren erantzuna apalagoa izan da.

Gasteizen eguerdian eginiko manifestazioko irudi bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2020ko urtarrilaren 30a
11:37
Entzun

Askotariko eragina izan du greba orokorrak Araban, baina hezkuntzan eta osasun arloan izan dira lanuzterik handienak. Industrian, ordea, gehienek normal eutsi diote eguneroko jardunari, eta gutxiagok bat egin dute grebarekin, gainerako lurraldeekin alderatuz gero. Enpresa ertain eta handietan izan ziren lanuzteak, hala ere. Gasteizen denda, taberna eta merkataritza gune gehienak ere irekita egon dira egun guztian, eta soilik piketeen protesten eraginez edo eguerdiko manifestazioaren unean itxi dituzte.

Goizean goiz hasi dituzte protestak enpresa handietan eta industrialde garrantzitsuenetan. Pikete informatiboak egin dituzte, eta sarrerak oztopatu. Mercedesen, esaterako, poliziak babestuta sartu dira grebarekin bat egin ez duten langileak. Michelinen ere izan dira protestak, baina ez da istilurik izan. Aldiz, sindikatuen arabera lanuzteak nabarmenak izan dira, Inauxan, Amurrio Ferrocarrilen, Aguraingo Arcelor Mittalen, Laminaciones Arregin, Legutioko Sidenorren, Laudioko Envases Metalurgicosen, Jezen, Aurian, SDAn, Guardian eta Fronerin. SEA patronalak, berriz, greba "hutsala" izan dela esan du, eta lanuzteak denera %6 izan direla. 

Goizak aurrera egin ahala, Gasteizeko kaleetara igaro da protesta. Hainbat zutabe abiatu dira hiriko zenbait lekutatik, eta dendak eta merkataritza guneak izan dituzte jomugan denek. El Corte Ingles eta Boulevard saltoki gune handiak ixteko ahalegina egin dute horietako batzuek, eta tentsio une handiak izan dira. Istilurik handienak zutabe feministan izan dira: Ertzaintza oldartu egin zaie grebalariei, eta hainbat zauritu dituzte; hiru lagun identifikatu ere egin dituzte. Eguerdiko manifestazioan 25.000 lagun inguru bildu dira antolatzaileen arabera, eta istilurik gabe egin dute Bilbo plazatik Andre Maria Zuriaren plazara arteko bidea. Sindikatuek ontzat jo dute grebak lurraldean izandako erantzuna : «Mugarri bat da greba hau, eta ez gara konformatuko makillaje hutsarekin: erroko aldaketak nahi ditugu», adierazi du Arantxa Vazquez LAB sindikatuko ordezkariak, goizeko protesta hasi berritan.

Hezkuntza publikoan, langileen %70ek egin dute bat grebarekin Steilasen arabera, eta EHUko Arabako campusean fakultate gehienak itxi egin dituzte. Osasun arloan, berriz, jaiegunetako langileek bete dituzte gutxieneko zerbitzuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.