SEA Arabako enpresaburuen elkartea eta Arabako Merkataritza Ganbera «oso kezkatuta» azaldu dira Talgoren etorkizunarekin. Beldur dira enpresak ez ote dituen euskal erroak galduko, enpresa erosteko hautagaien artean Poloniako PFR funtsa agertu ostean. Euren kezkaren berri emateko, gutunak idatzi dizkiete, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Iragarri dute Talgo deslokalizatzen bada «ondorio negargarriak» izango direla «Araba eta Euskadi osoarentzat»: «Gure industria sarearentzako ezinbesteko motorra da». Zehaztu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan laurehun hornitzaile baino gehiago ditu guztira Talgok, eta 5.000 pertsona baino gehiagori ematen die lana.
Ikusi gehiago
PFR funtsak Pesa markaren bitartez bereganatu nahi du Talgo. Pesaren kapitala erabat publikoa da. Horregatik, SEAk eta merkataritza ganberak ez dute zalantzarik PFR funtsak Poloniako hornitzaileak hobetsiko dituela, bertakoen kaltetan.
Agintariei eskatu diete presio egiteko eta PFRren aukera oztopatzeko. Abuztuan, Espainiako Gobernuak uko egin zion Magyar Vagon Hungariako taldeak aurkeztutako eskaintzari, «segurtasun nazionaleko arrazoiak» argudiatuta.
Halaber, Sidenorren alde hitz egin dute. «Mahai gainean bada euskal enpresa baten eskaintza bat. Etorkizuneko proiektu bat bultzatzeko aukera duen eskaintza industrial bat da». Urriaz geroztik negoziatzen ari dira.