Arabako Ogasunak 64 espediente zabaldu ditu Ticket Bai ez erabiltzeagatik

Horien artean txosna batzuk daudela berretsi du Ramiro Gonzalezek, baina ez du argitu erabakiak zenbati eta zeini eragiten dien.

Gasteizko txosnak, Andre Maria Zuriaren jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko txosnak, Andre Maria Zuriaren jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko irailaren 10a
15:30
Entzun

Ticket Bai iruzur fiskalari aurre egiteko fakturazio sistema telematikoa ez erabiltzeagatik 64 zigor espediente zabaldu ditu aurten oraingoz Arabako Ogasunak. Horien artean daude Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan jarritako txosna batzuk ere, Ramiro Gonzalezek berretsi duenez. 

Arabako ahaldun nagusiak ez du argitu zehazki zenbat salaketa dituen jarriak, ez eta erabakiak zeini eragiten dion ere: «Ezin ditut identifikatu, legez kontrakoa da hori. Baina, Gasteizko txosnei dagokienez, gutxieneko kopuru bat badago espedienteak irekita daudela jakinarazteko».

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Gonzalezek gogorarazi du Ticket Bai erabiltzea derrigorrezkoa dela, «gardentasun eta elkartasun printzipioengatik». Eta azpimarratu du txosnek ere gainerako zergadunen betebehar berberak dituztela. «Derrigorrezkoa da indarrean dagoen araudia betetzea dagokien guztientzat, eta, norbaitek bete behar ez badu, egiaztatu egin behar du», gogorarazi du.

Hala ere, zehaztu du espediente horiek tramitean direla oraindik, eta, beraz, helegitea aurkezteko aukera dutela salaketa jaso dutenek. Zigorra aplikatzen bazaie, isun ekonomiko handiak jaso ditzakete. Foru araudiak zehazten duenez, aurreko ekitaldiko negozio kopuruaren %20 edo 20.000 euro gutxienez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.