Arabako nekazariek protesta egin dute Eroski, Mercadona eta Lidlen plataformen aurrean

UAGAtik kanpoko nekazariak elkartu dira Jundizko industrialdean. Gipuzkoan, EHNEk, ENBAk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak traktore karabana antolatu dute etziko.

nekazariak
Jundizen bildutako traktoreek ez dute kamioien joan-etorria erabat oztopatu. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 28a
13:25
Entzun

Hiru asteko etenaren ondoren, traktoreak berriro atera dira Arabako errepideetara. Oraingoan, Jundizko industrialdea aukeratu dute, Gasteizen, han baitaude Eroski, Lidl eta Mercadona kateetako plataforma logistikoak. Saltoki handiek gutxi ordaintzen dietela da nekazarien ohiko salaketa bat.

25 traktore inguru elkartu dira Jundizen, eta poliki ibili dira industrialdean zehar, kamioien sartu-irtenak blokeatzera iritsi gabe. Ertzainak eta Gasteizko udaltzainak hara joan dira, baina ez da istilurik izan, eta poliziek ez dituzte nekazariak identifikatu. Protestak gauera arte iraungo duela azaldu dute.

Arabako nekazarien artean UAGA da ordezkaritza duen bakarra, baina gaurko protesta ez du hark antolatu, beste plataforma «independente» batek baizik.  Azken asteetan Europa osoko nekazariek egindako salaketa berak egin dituzte —gutxi ordaintzen dietela beren produktuen truke, burokrazia handia eskatzen diela Nekazaritza Politika Bateratuak...—, baina beste aldarrikapen bat ere plazaratu dute: otsailaren hasierako protestan parte hartzeagatik Ertzaintzak jarritako isunak bertan behera uztea.

Gipuzkoan, etzi

Nafarroan ere izan dira nekazarien protestak azken egunotan, sindikatuetatik kanpoko taldeek antolatuta. Gipuzkoan, berriz, EHNEk, ENBAk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak aterako dituzte traktoreak, etzi. Legorretan, Orion eta Errenterian biltzeko deia egin dute, eta handik, geldialdi batzuekin, Donostia erdialderako bidea egingo dute. Eguerdian, Batzar Nagusien aurrean elkartuko dira, «zintzarriz eta dunbaz hornituak», eta han ekitaldia egingo dute, beren aldarrikapenen berri emateko. Alderdi politiko guztietako ordezkariei eskura emango dizkiete beren eskaerak.

EHNEk, ENBAk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak traktore karabana egin behar dutenei eskatu diete ikurrinak jartzeko beren ibilgailuetan, eta «norberak irizten duen leloa» duten kartelak ere jartzeko, baina «errespetuz» jokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.