Negoziazio kolektiboa

Arabako metalgintzan lanuzteak hasiko dituzte

ELAk ez du deitu mobilizaziora, baina batzeko prest agertu da. Deitzaileek salatu dute lau urteko negoziazioetan patronalak ez duela urratsik egin.

Lanuzteetara deitzeko Gasteizen eginiko mobilizazioa, astelehen  honetan. LAB
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 28a
19:47
Entzun

Sektoreko lan hitzarmenaren negoziazioa «blokeatuta» dagoela iritzita, sindikatu batzuek urratsa egitea erabaki dute, eta lanuzteak iragarri dituzte metalgintzako enpresetan. Aurrenekoak apirilaren 8an egingo dituzte, eta bi ordukoak izango dira, lan txanda guztietan. ELAk ez du babestu, eta berak du ordezkari gehien sektorean (%40 ia). UGTk ere ez du bat egin.

LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek antolatu dute lehen mobilizazioa, eta espero dute aurreragokoetan besteak ere batzea. ELA horretarako prest azaldu da. «SEA patronalak ez badu erremediorik jartzen, mobilizazioetan sakonduko dugu», ohartarazi dute deitzaileek. Haien ustez, «jauzi kualitatibo bat» emateko garaia da. «Langileek ezin dute gehiago itxaron, eta borroka proposamen sendoagoa eskaini behar zaie».

Arabako metalgintzako itunaren pean 15.500 behargin aritzen dira. Aurreko hitzarmena duela bost urte iraungi zen, baina testu horretan jasotakoek indarrean jarraitzen dute, aurrerako eragina zuelako. Baldintza berriak negoziatu nahi dituzte sindikatuek, baina azaldu dute azkenengo lau urteetan 22 bilera egin dituzten arren ez dela izan «aurrerapausorik». Pandemia dela eta, geldirik egon ziren elkarrizketak, eta aurten ekin diote berriz. Alabaina, egoera are gehiago konplikatu dela eta, jarrerak urrun daudela azpimarratu dute. KPIa %6,5 igo izana oztopo handia bihurtu da, eta, sindikatuek azpimarratu dutenez, azken urteetan langileen erosketa ahalmena %8 txikitu da. Soldatetatik haragoko eskakizunak ere badituzte; besteak beste, aldi baterako laneko enpresen erabilera mugatzea, azpikontraten subrogazioa itunean sartzea eta lanordu kopurua doitzea.

«Aitzakiak» eta «beldurra»

Arabako metalgintzaren egoera ez da salbuespena: Bizkaiko eta Nafarroako itunak era iraungita daude. Soilik Gipuzkoan dago indarrean, urte amaierara arte, eta, hitzartu bezala, langileei KPIaren arabera igo diete soldata aurten.

Bizkaian, berriz, FVEM patronalak hiru urteko akordioa eskaini du, urtero soldata %2 igota. Esan du gehiago igotzeak «enpresa batzuk ixtea» eragingo lukeela. Sindikatuek ez dute onartu eskaintza hori, benetako KPItik oso urrun dagoelako. Horrez gain, Ia 50.000 langileri eragiten die Bizkaiko itunak.

Astelehen honetan, negoziazio mahaiko bosgarren bilera egin dute. LABek patronalari leporatu dio sektorearen ikuspegi «faltsua» ematea, horiek «aitzakia» gisa erabiltzea, eta «beldurra» zabaltzea, «langileei eskubideak murrizteko». Gogoratu du egoera ekonomikoari buruzko FVEMen azken txostenaren arabera, enpresen %77,9k espero dutela irabaziak izatea edo handitzea aurten.

ELAk, berriz, gaurko bileraren ondoren, ondorioztatu du mobilizazioak indartu behar direla. Hark ere nabarmendu du sektoreko enpresek lan karga eta eskaera garrantzitsuak dituztela aurrera begira, eta iaz «irabazi handiak» izan zituztela: «Beraz, badago tartea soldata igoera esanguratsuak lortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.