Arabako metalgintzan lanuzteak hasiko dituzte

ELAk ez du deitu mobilizaziora, baina batzeko prest agertu da. Salatu dute patronalak ez duela urratsik egin lau urteko negoziazioetan

Lanuzteetara deitzeko Gasteizen eginiko mobilizazioa, atzo. BERRIA.
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Sektoreko lan hitzarmenaren negoziazioa «blokeatuta» dagoela iritzita, sindikatu batzuek urratsa egitea erabaki dute, eta lanuzteak iragarri dituzte metalgintzako enpresetan. Aurrenekoak apirilaren 8an egingo dituzte, eta bi ordukoak izango dira, lan txanda guztietan. ELAk ez du babestu deialdia, eta berak ditu ordezkari gehien sektorean (%40 ia). UGTk ere ez du bat egin.

LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek antolatu dute lehen mobilizazioa, eta espero dute aurreragokoetan besteak ere batzea. ELA prest azaldu da horretarako. «SEA patronalak ez badu erremediorik jartzen, mobilizazioetan sakonduko dugu», ohartarazi dute deitzaileek. Haien ustez, «jauzi kualitatibo bat» egiteko garaia da. «Langileek ezin dute gehiago itxaron, eta borroka proposamen sendoagoa eskaini behar zaie».

Arabako metalgintzako itunaren pean 15.500 behargin aritzen dira. Aurreko hitzarmena duela bost urte iraungi zen, baina testu horretan jasotakoak indarrean daude oraindik, aurrerako eragina zuelako. Baldintza berriak negoziatu nahi dituzte sindikatuek, baina azaldu dute azkenengo lau urteetan 22 bilera egin dituzten arren ez dela egon «aurrerapausorik». Pandemia dela eta, elkarrizketak geldirik egon ziren, eta aurten ekin diete berriz. Alabaina, egoera are gehiago konplikatu dela eta jarrerak urrun daudela azpimarratu dute. KPIa %6,5 igo izana oztopo handia bihurtu da, eta, sindikatuek azpimarratu dutenez, azken urteetan langileen erosteko ahalmena %8 apaldu da. Soldatari ez dagozkion eskakizunak ere badituzte; besteak beste, aldi baterako lan enpresen erabilera mugatzea, azpikontraten subrogazioa itunean sartzea eta lanorduak doitzea.

«Aitzakiak» eta «beldurra»

Arabako metalgintzaren egoera ez da salbuespena: Bizkaiko eta Nafarroako itunak ere iraungita daude. Soilik Gipuzkoan dago indarrean, urte amaierara arte, eta, hitzartu bezala, langileek KPIaren araberako soldata igoera izan dute aurten.

Bizkaian, berriz, FVEM patronalak hiru urteko akordioa eskaini du, soldata urtero %2 igota. Esan du gehiago igotzeak «enpresa batzuk ixtea» eragingo lukeela. Sindikatuek ez dute onartu eskaintza hori, benetako KPItik oso urrun dagoelako. Horrez gain, ia 50.000 langileri eragiten die Bizkaiko itunak.

Atzo, negoziazio mahaiko bosgarren bilera egin zuten. LABek patronalari leporatu dio sektorearen ikuspegi «faltsua» ematea, horiek «aitzakia» gisa erabiltzea, eta «beldurra» zabaltzea, «langileei eskubideak murrizteko». Gogoratu du egoera ekonomikoari buruzko FVEMen azken txostenaren arabera enpresen %77,9k espero dutela irabaziak izatea edo handitzea aurten.

ELAk, berriz, atzoko bileraren ondoren, ondorioztatu du mobilizazioak indartu behar direla. Hark ere nabarmendu du sektoreko enpresek lan karga eta eskaera handiak dituztela aurrera begira, eta iaz «irabazi handiak» izan zituztela: «Beraz, badago tartea soldata igoera esanguratsuak lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.