Negoziazio kolektiboa

Arabako metalgintzan hiru greba egun antolatu dituzte

Maiatzaren 18an, 24an eta 26an ekoizpena eteteko deia egin dute ELA, LAB, CCOO, USO, CGT eta ESK sindikatuek.

Martxoaren 24an egin zuten azkenekoz protesta Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko apirilaren 4a
13:05
Entzun

Azken hiru hilabeteetan lau aldiz elkartu dira patronala eta sindikatuak Arabako metalgintzako lan hitzarmena negoziatzeko. Hilaren 12an dute hurrengo hitzordua, baina sindikatuek ez dute erantzunik espero, SEA patronalak ez baitu negoziatzeko borondaterik erakutsi orain arte haien ustez. Hori dela eta, grebara deitu dute maiatzerako, patronalari «mugi dadila» eskatzeko. Hiru egunez ekoizpena eteteko deia egin dute ELA, LAB, CCOO, USO, CGT eta ESK sindikatuek: maiatzaren 18an, 24an eta 26an egingo dituzte lanuzteak.

Sindikatuek salatu dute sektoreko lan hitzarmena berritzeko ahaleginak lau urte daramatzala inolako aurrerapausorik eman gabe. Gainera, negoziazioak eten egin ziren COVID-19aren izurriaren ondorioz, eta uste dute patronalak ez duela hitz egiten jarraitzeko borondaterik agertu orduz geroztik. «Ozen eta argi diogu: denbora honetan guztian, SEAk bere horretan jarraitu du», salatu dute sindikatuek Gasteizen egin duten agerraldi bateratuan. Eta zalantza egiten dute lan gatazkaren irtenbiderik nahi ote duen ere: «Beti aurkitu ditu aitzakiak aurrera ez egiteko».

Arabako metalgintzako aurreko hitzarmena 2017an iraungi zen, baina itun horretan jasotako lan baldintzak indarrean daude oraindik, aurrerako eragina zuelako. Hitzarmen berria negoziatzeko plataforma bateratu bat eratzea adostu zuten ELAk, CCOOk eta LABek iazko abenduan, eta, ondoren, USO, ESK eta CGT batu zitzaizkien. Itun «duin» bat izateko negoziazioak egitea eta ekintza sindikalak bultzatzea da plataformaren helburua; izan ere, iritzi diote sektorean «arazoak eta prekaritatea» pilatzen ari direla. 15.500 langileri eragiten die hitzarmenak guztira.

Patronalaren jarrera eta sindikatuena «oso urrun» daude gaur-gaurkoz, edonola ere. Sindikatuen hitzetan, SEAk «geldi» jarraitzen du, eta ez du proposamenik mahairatu gatazka konpontzeko. «Ez du soldata igoeraz hitz egiten, ez lanaldia jaisteaz, ezta subrogazioaz ere. Ez die gure eskaera bakar bati ere erantzuten». Hori dela eta, «benetako negoziazioa» has dezala eskatu zioten azkeneko bileran, orain bi aste.

Lanuzteak ostiralean
Grebaren eta negoziazio mahaiaren hitzorduaren aurretik, halere, lanuzteak egingo dituzte ostiralean: bi ordukoak izango dira, eta lan txanda guztietan egingo dituzte. Aurreko astean iragarri zuten protesta LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek, eta gaur baieztatu dute bere horretan eusten diotela deialdiari.

Izan ere, sindikatu guztiek ez dute babestu mobilizazioa, grebarekin egin moduan. ELAk ez du bat egin deialdiarekin, eta berak du ordezkari gehien sektorean (%40 ia). UGTk ere ez du babestu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.