Ardogintza

Arabako Mahastien tramitazioa aurrera doa, Jaurlaritzak Errioxaren helegiteak atzera bota ondoren

Arabako sor-marka propioaren eskaera Bruselara bidaltzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Mahats bilketa Tierra upategiaren lurretan, Bastidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 4a
18:57
Entzun

Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko eskaera Madrilera iritsiko da. Eusko Jaurlaritzak atzera bota du Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluak tramitazioaren onarpenari jarritako helegitea, eta, hortaz, tramitazioak aurrera jarraituko du. Espainiako Nekazaritza Ministerioaren esku dago orain eskaera Europako Batzordeari helaraztea, hark duelako azken hitza.

Behin eskaera Bruselara iritsita, sor-marka propioa eskatu duten upategiek eskubidea lukete behin-behinean marka hura erabiltzeko. Ikusteko dago, ordea, EBra noiz iritsiko den. Errioxako Kontseilu Arautzaileak iragarri du irailean auzitara joko duela tramitazioa galarazteko, bere iritziz, inguru berean bi jatorri izen izateak «kontsumitzaileak nahastuko dituelako» eta bere bazkideen eskubideak bortxatuko.

Espainiako Nekazaritza Ministerioak ere ez du ezkutatu begi txarrez ikusten duela Arabako sor-marka propioa. Uztailaren hasieran jakinarazitako txostenean, ziurtatu zuen sor-marken Europako Legearen lau artikulu urratu ditzakeela. Txostenaren egileen iritziz, Arabako Mahastiak eta Arabako Errioxa ardo «bera» dira, «eremu geografiko berekoak, mahats bera darabilte, eta bilketa eta zukutze teknika berak erabiltzen dituzte». Are gehiago, azken horren «prestigioa» usurpatzea egozten die bultzatzaileei. Txosten hori Jaurlaritzaren eskaerarekin batera da Bruselara joatekoa.

2016an eskatu zuten Arabako Errioxako 40ren bat upeltegi txikik Arabako Mahastiak-Viñedos de Alava sor-marka sortzea. ABRA Arabako upeltegi txikien elkarteko kideak dira eskatzaileak, baina ez dira kide guztiak —120 inguru ditu—. Are gehiago, ardogile gutxi batzuk elkartetik atera dira, babes horren kontura. Eskatzaileen argudioa da azken urteetan asko handitu dutela ekoizpena upeltegi handiek, eta euren produktua bereizteko eta negozioa egiteko aukerarik ez dutela.

Matxinada zabaltzeko arriskua ikusita, Errioxako kontseiluakbere araudia moldatu zuen, eta aukera handiagoa eman zuen ardoa zein herritakoa edo eskualdetakoa zen nabarmentzeko. Keinu horrek tramitazioa etetera eraman zituen Arabako Mahastiaren bultzatzaileak, baina berriro abiatu zuten, Errioxak bere promes guztiak betetzen ez zituela ikusita.

Kutsu politikoa

Sor-marka berriaren inguruko eztabaidari kutsu politikoa eman diote Errioxako erkidegoan. Hango gobernuak eta alderdi politikoek «proiektu nazionalistatzat» jo dute Arabako Mahastiak, eta argudio horiek darabilzki kontseiluak ere. Azken organu horretan pisu handia dute ardogile handiek, Arabakoak barne, eta denak kontra dira.

Euskal Herrian, berriz, osagai politikoak indar txikiagoa izan du gaiari buruzko eztabaidan, baina iritzia ematera behartu ditu alderdiak. Marka berriaren aurka azaldu dira PP eta PSE-EE, eta alde EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu. EAJn, berriz, zatiketa dago: Jaurlaritzak, Arantxa Tapiaren taldeak, ez dio trabarik jarri, baina uzkurrago jaso du ekinaldia Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak. Arabako ardoak Errioxaren barruan gehiago bereiztu ahal izatea da haien apustua, eta horretan dabiltza neurri erdiko upeltegiak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.