Eusko Jaurlaritzak ez du joko Gorenera Arabako Mahastien auzian

Jaurlaritzak iragarri du «gogoeta prozesu bat» egingo duela sektorearekin, «adostasun handiagoko aukerak» aurkitzeko.

Mahasti batzuk Lezan, Arabako Errioxan. RAUL BOGAJO / FOKU
Mahasti batzuk Lezan, Arabako Errioxan. RAUL BOGAJO / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abenduaren 3a
13:10
Entzun

ABRA Arabako Errioxako Upategian Elkartea bakarrik geratu da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du helegiterik jarriko Espainiako Auzitegi Gorenean EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka: auzitegi horrek baliogabetu egin zuen Arabako Mahastiak jatorri izena sortzea.

Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako azterketa juridiko baten ondoren hartu dute erabaki hori. Prentsa ohar batean, sail horrek onartu du EAEko auzitegiaren epaia «ahula» dela, baina gaineratu du Gorenean kasazio errekurtsoa jartzea «salbuespenezko» zerbait dela, eta tramiterako onartu dezaten «oso baldintza zorrotzak» bete behar direla. «Zaila da egiaztatzea kasazio interes objektibo bat dagoela eta Gorenak erabaki bat hartzea komeni dela».

Azaroaren 7an EAEko auzitegiak bere egin zuen Errioxa jatorri izenaren kontseilu arautzailearen helegitea, eta, hala, atzera bota zuen Arabako Errioxan ardo marka propio bat eratzeko aukera. Jaurlaritzak behin-behineko baimen bat emana zien bultzatzaileei, Europako Batzordeak gaiari buruzko azken erabakia hartu aurretik.

Auzitegiaren arabera, baina, baliteke sor-marka berriaren eskaerak Europako legediaren hainbat artikulu urratzea; besteak beste, kontsumitzaileari ardo bera bi sor-marka desberdinekin eskaintzea.

ABRAk dio epaia «guztiz irregularra» dela, eta auzitegiaren jokabidea salatu du.

Jaurlaritzak iragarri du «gogoeta prozesu bat» egingo duela sektorearekin, «adostasun handiagoko aukerak» aurkitzeko, «Arabako Errioxako ardoen kalitatea bereizteko bidean» aurrera egin ahal izateko. Adierazi du prozesua hilabete honetan hasiko dela, eta asmoa dela mahastizain, upategi eta erakunde guztiek parte hartzea, «salbuespenik gabe, proiektu eta eredu berriak defendatzen dituztenak barne hartuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.