Arabako Mahastiei atea itxi die EAEko Auzitegi Nagusiak

Epaileek bertan behera utzi dute Araban sor-marka propioa sortzeko Eusko Jaurlaritzak emandako baimena.

Mahatsa biltzen Lantziegoko barruti batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Mahatsa biltzen Lantziegoko barruti batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iker Aranburu- Aitor Biain
2024ko azaroaren 7a
15:05
Entzun

Guztiz jaio aurretik hiltzen ari dira Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko proiektua. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere egin du Errioxa jatorri izenaren kontseilu arautzailearen helegitea, eta atzera bota du Arabako Errioxan ardo marka propio bat eratzeari Eusko Jaurlaritzak emandako baimena.

2022ko urrian argitaratu zuen EAEko Aldizkari Ofizialak Arabako Mahastiak sortzeko baimena, baina bide laburra izan zuen oniritzi horrek, 2023ko apirilean eten baitzuten epaileek, Errioxako Kontseilu Arautzaileak egindako eskaerari erantzunez. Auzitegiak argudiatu zuen zigilu berriarekin merkaturatutako ardoek «nahasmen handia» eragingo lioketela kontsumitzaileari, «eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako».

Behin-behineko baimen bat izan zen Jaurlaritzarena, eta aukera eman zien bultzatzaileei Hego Euskal Herrian eta Espainian label berria erabiltzeko, Europako Batzordeak gaiari buruz azken erabakia hartu aurretik —harena da jatorri izenak aitortzeko eskumena—.

Gaur jakinarazitako epaia, berriz, 2021ean Jaurlaritzak Arabako Mahastiak sor-marka onartzeko prozedurari berari dagokio. Haren aurka ere egin zuen  Errioxako Kontseilu Arautzaileak, eta orain epaitegiak arrazoi eman dionez, baliogabetuta geratu da.

Kontseiluak jakinarazi du bihar emango dituela azalpenak, baina nabarmendu du bere tesiekin bat egin dutela epaileek, hau da, Arabako Mahastiak sortu nahi izateak kalte egiten diola bere sor-markaren irudiari, eta baliatu egiten duela hark lortutako ospea.

BERRIAk eskuratu du epaia, eta zera dio: ez direla betetzen sor-marka berria sortzeko legeak ezartzen dituen baldintzak, hiru arrazoirengatik batez ere. Bat: ez dagoelako egiaztatuta Arabako Mahastiak izenaren «erabilera eta sona» merkaturatu nahi den produktuarekin. Bi: ez dagoelako justifikatuta sor-marka berriko ardoek Arabako Errioxako gainerakoen jatorri desberdina dutelakoa. Eta hiru: ardoaren nortasunari buruzko aipamenak kontsumitzailea nahastea ekarriko lukeelako, Arabako Errioxa marka gisa erregistratu zuelako Errioxako Kontseilu Arautzaileak 2000. urtean.

Epaileak bere egin du Espainiako Nekazaritza Ministerioaren menpeko erakunde batek sor-marka berriaren aurka egin zuen txostena. Txosten horren arabera, Arabako Mahastiak sor-marka berriaren eskaerak aurrera egiteko «zailtasun teknikoak» ditu, Europako legediaren hainbat artikulu urratu ditzakeelako. Besteak beste, kontsumitzaileari ardo bera bi sor-marka desberdinekin eskaintzea; legediaren arabera ezin baitira eremu geografiko bera, mahats barietate berberak, nekazaritza eta enologia praktika berberak dituzten bi sor-marka egon.

Erakunde horrek ez du eskumenik auzi honetan, baina epaiak dio oinarri eta zehaztasun handikoa dela, bazter utzi ezin dena. Epaileak aintzat hartu du, halaber, Errioxako Unibertsitateko katedradun batek eta irakasle batek egindako beste txosten bat ere. Dokumentu hori ere «ongi arrazoituta» dagoela dio epaiak, eta ez Eusko Jaurlaritzak ez ABRAk ez dutela haren aurkako «argudio sendorik» aurkeztu.

ABRAko iturriek azaldu dute ez dutela oraingoz adierazpenik egingo. Arratsaldean bilera izan dute abokatuarekin, hurrengo urratsak zeintzuk izango diren aztertzeko. Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera dute, 30 eguneko epean.

Eusko Jaurlaritzak ere ez du ezer esan oraingoz. Gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean izan da Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, datorren urteko aurrekontuei buruzko xehetasunak azaltzen. Taldeen galderen txandan zirela egin da publiko epaia, eta EH Bilduk aukera baliatu du sailburuari galdera egiteko. Sententzia «oso larria» dela esan, eta Eusko Jaurlaritzak zer egingo duen galdetu dio Itxaso Etxebarria legebiltzarkideak Barredori. Sailburuak, ordea, ez du azalpenik eman nahi izan. Esan du epaia aztertu ondoren erabakiko dutela zer egin: helegitea jarri edo sor-markaren ekimena behin betiko ezetsi.

Hamabosten bat upategi

ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak egin zuen sor-marka sortzeko eskaera, haren kide diren hamabosten bat upategik hala eskatuta. Kontseilu arautzailea ere sortu zuten, Emilio Aguillo Solar de Aiala upategiko arduraduna buru zuela.BERRIAri emandako elkarrizketan, Aguillo haserre azaldu zen Errioxa markako buruekin, eta proiektua defendatu zuen: «Errioxatik bereizi behar dugu desberdinak garelako, beste produktu bat egiten dugulako, eta jada ez delako errentagarria Errioxa ardoa hemen ekoiztea. Hondamendia da guretzat». Bultzatzaileak kexu dira upategi handiek asko handitu dutela produkzioa eta horren zati batek ez duela behar besteko kalitatea, baina zaildu egiten diela beren ardo hobea prezio errentagarri batean saltzea.

Arabako Mahastien proiektua trabatua zegoela ikusita  —eta kide guztien babesa ez zuela ikusita—, duela aste batzuk beste bide bati ekin zion ABRAk Arabako Errioxako ardogile txikien produktua bereizteko. A ikurra itsatsita duten botilak merkaturatzen hasi dira, batez ere barne merkatuari begira, Euskal Herriko kontsumitzaileei adierazteko ardo hori Arabakoa dela. Oraingoz 70en bat upategik egin dute bat proiektu horrekin, tartean Arabako Mahastien sustatzaileak. Hain zuzen ere, astelehenean hasi behar zuten promozio kanpaina, Bilbon.

ABRA
ABRAko upategiek Arabako ardoa bereizteko sortutako irudiaren aurkezpena. RAUL BOGAJO / FOKU

Ikur berriaren aurkezpenean, Itxaso Compañon ABRAko presidenteak argitu zuen ikurrak eta sor-markak ez dutela zerikusirik, eta bakoitzak bere bidea izango duela. Compañon bera da Arabako Mahastiak proiektuaren bultzatzaileetako bat, eta Errioxa uzteko asmoa adierazi izan du, bere proiektuarentzat «zama bat» delako.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.