Arabako Mahastiak sor dadin lanean jarraituko duela agindu du Tapiak

Sor-markaren bultzatzaileei erantzunez, ziurtatu du ez zuela merezi helegitea jartzea zigilua eten duen Auzitegi Nagusiaren ebazpenari

Arabako Mahastien bultzatzaileak, Lakuan, apirilaren 21ean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iker Aranburu.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Ez zuen merezi, erantzuna bera izango zelako. Beste hitz batzuekin bada ere, horrela justifikatu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenekosailburuak zergatik ez duten helegiterik jarri Arabako Mahastiak zigilua behin-behinean ez erabiltzeko EAEko Justizia Auzitegiaren ebazpenaren aurka. «Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek uste dute aurretik aurkeztutako argudioen eta orain aurkeztu behar zirenen artean ez dela alderik izango; argudio ezagunak dira eta areto horrek berak baztertu egin ditu. Horregatik ez dugu justiziaren bidean jarraitu». Halere, bide juridikoan eta administratiboan lanean jarraituko duela agindu du Tapiak, Arabako Mahastiak «errealitate bat» izan dadin.

Arabako Mahastiak sor-markaren sorrera Eusko Legebiltzarrera itzuli zen atzo. Gobernuaren kontrol saioan, EH Bilduko Itxaso Etxebarriak Jaurlaritzari aurpegiratu zion nahikoa ez egitea Arabako Mahastiak babesteko, eta bereziki aurpegiratu zion EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurkako helegiterik ez jartzea: «Jaurlaritza mutu geratu da. Ez duzue zuen lana egiten». Antzeko salaketa egin zioten sor-markaren bultzatzaileek Jaurlaritzari, duela bi aste Lakuan egindako elkarretaratze batean.

«Zergatik ez du Jaurlaritzak helegite bat aurkeztu berak emandako baimen baten aurka doan auto bati? Zergatik ez du bere lana eta kudeaketa defendatu Errioxa jatorri izenak emandako argudio eta txostenak ez dituela behar bezala ezeztatu esaten duen auzitegiaren aurrean?», galdetu zuen Etxeba- rriak.

Gainera, bere txostenetan sor-marka berriaren aldeko argudioetan motz geratzea ere egotzi dio EH Bilduk Gasteizko gobernuari. «Auzitegiak autoan dioenez, bi jatorri izenak bereizten dituzten elementuak agerikoak eta funtsezkoak dira, eta jatorri izen horien arteko bizikidetza baketsua eragozteko oztoporik ez dagoela besterik ez du adierazten Jaurlaritzak. Baina, auzitegiaren arabera, era orokorrean egiten ditu baieztapen horiek, inolako peritu irizpenik aurkeztu gabe. Autoaren arabera, Jaurlaritzak ez du kontsumitzailea nahasteko arriskua errefusatzeko argudiorik eman. Ezta Errioxa jatorri izenari eragin lekiokeen kalte erreputazionala edo ekonomikoa indargabetzeko ere».

Eskua sartzerik ez

Salaketa horien aurrean, Tapiak adierazi du bere gobernuak «bere zeregina» bete duela. Hau da, Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko eskaria iritsi zitzaiola, administrazio prozedura guztia bete egin zuela, eta horren barruan eman ziola behin-behinean Hegoaldean eta Espainian zigilu hori erabiltzeko baimena, Europako Batzordeak bere azken erabakia hartu bitartean.

Ukatu egin du, gainera, EH Bilduren beste salaketa bat: aukera eman diola Espainiako Gobernuari gaian «eskua sartzeko». Izan ere, sor-marka eskatzeko dosierra egitea Jaurlaritzari zegokion —bere lurraldeko ekoizleei soilik dagokielako eskaera—, baina Bruselara bidalitako txostenean Espainiako Nekazaritza Ministerioaren kontrako iritzia ere gaineratu zuen. Prozeduraren arauei jarraituz, ministerioak «legitimitate osoa» zuen baimenaren ukatzea eskatzeko. «Gustuko al dugu hartu duen norabidea? Ez. Baina ez da eskua sartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.