Luze jo du, baina iritsi da. ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak bultzatutako Arabako Mahastiak sor-markak badu Eusko Jaurlaritzaren baimena merkaturatzen hasteko. EAEko aldizkari ofizialak gaur jaso du Gasteizko gobernuak eman zezakeen behin-behineko baimena ardoa zigilu berriaren pean merkaturatzeko. Mahats bilketa bukatua da, ordea, Araban, eta Errioxako jatorri izenetik aterata zigilu berrira aldatzeko prest daudenek datorren uztari itxaron beharko diote.
Errioxako markapeko upategi gisa bildu dute uzta ez alferrik, eta ezinezkoa ematen du aurtengo ardoa zigilu berriaren pean merkaturatzeak. Aukera hori bazterturik dagoela esan zioten BERRIAri sor-marka berria bultzatzen ari den upategien taldetxo baten hurbileko iturriek, mahats bilketa hasi zenean, irail bukaeran. Baina marka berria abiarazteko proiektuak aurrera jarraituko du, «ahal denean gauzatu dadin». Alegia, zigilu berria sustatzen ari diren upategi txikien artean ez da desagertu beste sor-marka batekin saltzeko borondatea. BERRIAren iturrien arabera, gaur-gaurkoz hamabost bat leudeke prest Errioxa uzteko urratsa egiteko. Dena den, oso litekeena da datorren urtera arte ez ikustea inor Errioxako marka uzteko urratsa egiten.
Errioxatik ateratzeko prest
Jaurlaritzak eman duen baimena Espainiako Estatuaren barruan saltzeko da, jatorri izen bati dagokion babes kategoriarekin. Behin betiko baimena, ordea, Europako Batzordeak eman behar du, eta hura iritsi artekoa da Gasteizko gobernuak gaur ofizialdu duena. Edonola ere, azken urrats bat egin beharko du Arabako Mahastiak zigiluak merkatuan egoteko. Sor-markaren estatutuak onartu beharko dituzte, eta, horretarako, batzar bat egin beharko dute markaren eskatzaileek, Arabako Aldundiak eta Jaurlaritzak berak. Jatorri izen berriari ateak irekiko dizkion bilera hori luze gabe egingo dute, egun gutxi barru.
Ikusi gehiago:Arabako Aldundiak nahiago du Arabako ardoak Errioxa izendapenaren barruan jarraitzea
ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko upategi eta mahastizain batzuk dira sor-marka berrira aldatzeko prest daudenak, baina Bruselatik azken oniritzia iritsi arte ez da jakingo zehazki zenbatek emango duten azken pausoa Errioxako zigilua uzteko. Nolanahi ere, ez da erabaki erraza izango inorentzat. Orain arteko oztopo ezagunei traba gehiago gehitu baitizkie Errioxako kontseiluak berriki: upategien esklusibotasuna bakarrik ez, mahastiena ere blindatzeko urratsa egin du iraileko azken bilkuran. Arabako Mahastiak markako upategi bati mahatsa salduz gero, mahastizainak ezingo lieke gero Errioxa sor-markako upategiei saldu. Errioxako kontseilua oso estu hartzen ari da matxinotzat jotzen duen talde hori.
«Mahastizainei eskaini nahi genien bi marken arteko lehia zapuztu du horrek», onartu dute zigilu berria sustatzen dutenek. Alegia, mahatsaren prezioa igotzeko balio behar zuen tresna hautsi egin du Errioxako kontseiluak. Arabako Mahastiak zigiluaren bultzatzaileek ez dute esklusibotasun hori eskatu Jaurlaritzara igorritako marka eskaeran. Ardoa gehienbat jatorri izen berriko mahatsarekin egin beharra ezarri dute agirian. Gainera, kontseilu berrian Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari lekua egingo diete, ahotsa eduki dezaten, baina boto eskubiderik gabe.
Uztailaren hasieran jaso zuen Jaurlaritzak Arabako Mahastiak erabiltzen hasteko eskaera. Duela bost hilabete, Espainiako Gobernuak —derrigorrezko postari lana eginda— jatorri izen berriaren espedientea entregatu zuen Bruselan, eta, orduan, Gasteizko gobernuak baieztatu zuen oniritzia emango ziola behin-behineko eskaera bati, Bruselaren azken baimena iritsi artean erabil zedin. Upategi eskatzaileek irailerako espero zuten, mahats bilketaren atarirako, baina ez dute garaiz jaso.
Errioxako kontseilua «ahal den guztia» egiten ari da Arabako Mahastiak oztopatzeko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusira ere jo du, Jaurlaritzak ateak ireki zizkiolako zigilu berria tramitatzeari. Ardoaren gatazka gori-gori dago Arabako Errioxan, eta aspaldian egin zuen salto politikara. PPren eta PSOEren arteko lehian eduki garrantzitsu bihurtu da Errioxan (Espainia), eta Araban ere marka berriaren aldeko eta aurkako posizioak hartu dituzte alderdiek.
Handien neurrira beti
Upategi handiek beren neurrira gidatzen dute Errioxako jatorri izenaren kontseilua betidanik, eta Arabako upategi gehienen interesen aurka; eskualdeen artean desberdintzeko bideak itxi ditu, eta homogeneizazioak mesede egiten die kantitatean lehiatzen direnei, eta kalte, aldiz, kalitatea bereizgarri gisa aukeratu dutenei.
Hori ikusita, desberdintzea da Arabako upategien eskaera nagusia azken urteotan, hala zigilu berria sustatzen ari direnen artean nola Errioxako izenean gelditu nahi dutenen artean. Ardogileek sarritan esplikatu dute Errioxaren aterki handiaren azpian galdu egiten dela Arabako Errioxako izaera eta ardogintza desberdina.