Ardoa

Arabako Mahastiak hamabost bat upategik abiaraziko dute, aurten

Ardogileak zain dira Bruselaren jakinarazpena noiz jasoko jatorri izenaren eskaera dela eta. Arabako Errioxa osoan zabalduko da zigilu berria: Guardian, Samaniegon, Lantziegon, Villabuenan...

Samaniegoko (Araba) upategi bateko langileak mahats bilketan, iaz. JAIZKI FONTANEDA /FOKU
xabier martin
2022ko ekainaren 3a
11:23
Entzun

Arabako Errioxako hamabost bat upategi txiki prest daude Errioxako zigilu ahaltsua utzi eta ardoa beste jatorri izen batekin merkaturatzeko. BERRIAk jakin duenez, ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak ez du jaso oraindik Europako Batzordearen jakinarazpenik Arabako Mahastiak izen jatorriaren inguruan.

Espainiako Gobernuak Bruselara igorri du proiektua berriki, dagokion postari lana eginda, nahiz eta, aldi berean, Arabako upategi txikien eskaera baztertzeko eskatu duen, txosten birrintzaile baten bidez. «Bidali dutela jakinarazi zuen, baina epeak luzatzeko asmoarekin», salatu dute Arabako Mahastiak sor-markaren inguruko iturriek.

Baina, batera edo bestera, Arabako Errioxako upategi txikien beste zigiluak aurten bertan ikusiko du argia merkatuan, betiere tramitazio epeak gehiegi atzeratzen ez badira.

Guardiako, Samaniegoko, Villabuenako, Lantziegoko eta eskualdeko beste zenbait herritako upategi txiki batzuek azken urratsa egiteko erabakia hartu baitute. Zigilu berriko ardoak Arabako Errioxa osoan aurkitu ahal izango dira, beraz.

Azken pausoa

Hamabost bat upategiren jabeak Errioxako sor-marka uzteko bide orria lantzen ari dira egunotan, eta abokatuen aholkularitza berezko garrantzia hartzen ari da izen jatorri berriaren azken fasean. Izan ere, Errioxa sor-marka uzteko azken pauso hori ematea ez zaie erraza izango erabaki gogor hori hartu dutenentzat.

Errioxako upategi handiek eta Logroñoko gobernuak beren neurrira gidatzen duten jatorri izenaren kontseilua «ahal den guztia» egiteko prest dago Arabako Mahastiak oztopatzeko, eta ikusteko dago zer esango duen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarritako salaketa baten inguruko epaiak.

Kontseiluak Eusko Jaurlaritza salatu du, euskal sor-marka berriaren tramitazioari ateak ireki baitzizkion iazko martxoan, eta luze gabe espero da ebazpena. Ez da segurua, ordea, endredo juridiko hori Arabako Mahastiak merkatura iristea galarazteko gai izatea. Ziurra dena da Arabako upategi txikien taldetxo batek Errioxako marka uzteko borondate irmoa duela.

Eskaera Eusko Jaurlaritzari

Izan ere, Arabako Errioxan aspaldikoa da upategi gehienen etsipena Errioxako jatorri izenaren inguruko jarrera dela eta. Eragile gehienek behin eta berriro azaldu dute aterki handi horren azpian galdu egiten direla eskualdeko izaera eta ardogintzan aritzeko modua, eta, modu batera edo bestera, Errioxaren itzaletik atera behar dutela bizirik irauteko. ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak Arabako Mahastiak proiektua abiarazi zuen 2016an, eta, orain, upategi talde batek bide orri bat osatu du azken oztopoak gainditzeko.

Europatik iritsi behar duen jakinarazpen ofiziala da plan horren lehen mugarria. Hura eskuratzean, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko Sailera joko dute, hark eman dezakeen behin-behineko baimenaren bila. Arantxa Tapiaren sailak argi utzi du ez duela inolako oztoporik jarriko baimen hori emateko tramitean «betebehar administratibo eta juridiko guztiak badituzte». Europako Batzordearen behin betiko oniritzia iritsi arte, balekoa izango da Lakuaren baimen hori Espainiako Estatuaren barruan izen jatorri baten babesarekin saltzeko.

Esportazioak egin ahal izango ote dituzten, ordea, ez da ziurra. Arabako Mahastiak bultzatzen dutenek uste dute ez dutela «inolako arazorik» izango kanpoan saltzeko, nahiz eta ez den izango «estatuaren barruan sor-markak izango duen izen babesarekin». Alegia, Arabako Mahastiak zigilupeko ardoa Ipar Euskal Herrian saldu ahal izango dute, kasurako, baina ez Hegoaldean izango duen sor-markaren babes berarekin.

Ondutakoekin, zer?

Gainera, bada beste arazo bat Errioxako sor-markarekin duten lotura erabat hausteko: Euskal izen berriarekin aritzekoak diren upategietan bada upeletan zain dagoen ardoa; ardo onduaren eta erreserbaren etiketekin merkaturatzeko da. Ardo hori ere Arabako Mahastiak zigilupean merkaturatzeko moduak aztertzen ari da proiektuaren lantaldea.

Beharbada, soluzio bat izan daiteke mahastia Errioxaren izen jatorriaren barruan uztea eta upategia sor-marka berrira aldatzea. Kontua da upeletako ardo horri behar bezalako etekina atera nahi diotela, upeltegi bakoitzaren produkturik preziatuena izan ohi denez.

Urteko ardoarekin, berriz, ez legoke arazo hori: behin-behineko baimena garaiz iristen bada, aurtengo mahats bilketaren fruitua Arabako Mahastiak zigilupean merkaturatuko dute sor-marka berrira aldatzeko erabakia hartu duten ardogileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.