Errioxako jatorri izena utzi, eta Arabako Mahastiak zigilu berria sortu nahi duten upategiek baztertu egin dute 2022ko uzta sor-marka berri horren pean merkaturatzea. Bazegoen horretarako aukera bat, mahastizainak Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko baimenaren zain baitzeuden Arabako jatorri izen berria martxan jartzeko, baina aukera hori zapuztu egin da ikusi dutenean mahats bilketa hasi egin dela eta ez dutela jaso Jaurlaritzaren baimena.
BERRIAk jakin ahal izan duenez, proiektuak aurrera jarraituko du, «ahal denean gauzatu dadin». Hortaz, zigilu berria sustatzen ari diren upategi txikien artean ez da desagertu beste sor-marka bat abiarazteko borondatea. Egunkari honen iturriek diote, gaur-gaurkoz, hamabost bat badirela Errioxa uzteko urratsa egiteko prest daudenak. Baina aurten ez da izango, bilketa hasi delako jadanik, eta Errioxa jatorri izeneko upategi gisa ekin diotelako.
Uztailaren hasieran, Arabako Mahastiak sor-marka erabiltzen hasteko eskaera jaso zuen Eusko Jaurlaritzak. Duela lau hilabete, Espainiako Gobernuak —derrigorrezko postari lana eginda— jatorri izen berriaren espedientea entregatu zuen Bruselan, eta orduan Gasteizek baieztatu zuen oniritzia emango ziola behin-behineko eskaera bati, Bruselaren azken oniritzia iritsi artean erabil zedin. Upategi eskatzaileek irailerako espero zuten hura, mahats bilketaren atarirako, baina ez dute garaiz jaso. Urriaren lehen erdirako eman beharko luke Gasteizko gobernuak marka berria merkaturatzeko baimen hori, epemuga bat baitauka horretako; baina upategiek uzta bilketari ekin diotenez, baztertu egin dute aurtengo uzta Arabako Mahastiak markapean merkaturatzea.
Ardoaren gatazka gori-gori
ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteko batzuk dira sor-marka berrira aldatzeko prest daudenak, baina Bruselatik azken oniritzia iritsi arte ez da jakingo zehazki zenbatek emango duten azken pausoa Errioxako zigilua uzteko. Ezin da ahaztu urtebetean litekeena dela gauzak aldatzea ere. Errioxako kontseiluak upategien esklusibotasuna bakarrik ez, mahastiena ere blindatzeko urratsa egin du azken bilkuran. Mahatsa Arabako Mahastiak markapeko upategi bati salduz gero, mahastizainak ezingo luke gero Errioxa sor-markako upategiei saldu, hortaz.
«Mahastizainei eskaini nahi genien bi marken arteko lehia zapuztu du horrek», onartu dute zigilu berria sustatzen dutenek. Alegia, mahatsaren prezioa igotzeko balio behar zuen tresna hautsi egin du Errioxako kontseiluak esklusibotasunari lotutako exijentziarekin. Arabako Mahastiak zigiluaren bultzatzaileek ez dute esklusibotasun hori eskatu Jaurlaritzara igorritako eskaeran. Ardoa, gehien batean, jatorri izen berriko mahatsarekin egiteko derrigortasuna ezarri dute agirian. Gainera, kontseilu berrian Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari lekua egingo diete, ahotsa eduki dezaten, baina boto eskubiderik gabe.
Errioxako kontseiluak agindu du «ahal den guztia» egingo duela Arabako Mahastiak oztopatzeko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusira ere jo du, Jaurlaritzak zigilu berriaren tramitatzeari ateak ireki zizkiolako, iazko abuztuan. Ardoaren gatazkak politikara egin du salto azken urteotan, eta PPren eta PSOEren arteko lehian eduki garrantzitsu bihurtu da Errioxan (Espainia). Concha Andreu da erkidego horretako presidentea (PSOE), enologoa ogibidez eta Haroko upategi handi batekin familia loturak dituena.
Upategi handiek beren neurrira gidatzen dute kontseilua, Arabako upategi gehienen interesen aurka, eskualdeen artean desberdintzeko bideak mozten baititu. Homogeneizazioak mesede egiten die kantitatean lehiatzen direnei, eta kalte, aldiz, kalitatea bereizgarri gisa aukeratu dutenei.
Desberdintzea baita Arabako upategien eskaera nagusia, hala zigilu berria sustatzen ari direnen artean eta nola Errioxako izenean gelditu nahi dutenen artean. Eskualdean aspaldikoa da etsipena Errioxako kontseiluaren jarrera dela eta. Aterki handi horren azpian Arabako Errioxako izaera eta ardogintzan aritzeko modu desberdina galdu egiten dela esplikatu dute behin eta berriro.