Arabako foru gobernuak 700 milioi eurotik gorako aurrekontua proposatu du

Inbertsioetarako 170 milioi euro aurreikusi dituzte. Proposamena onartzeko, negoziazio bide guztiak «irekita» daudela esan du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak.

Gonzalez eta Gonzalo, gaur goizean, aurrekontuen proposamenaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gonzalez eta Gonzalo, gaur goizean, aurrekontuen proposamenaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2024ko azaroaren 15a
13:10
Entzun

Arabak inoizko aurrekonturik handiena izan dezake 2025. urtean, gobernu taldearen proposamena onartzen bada. 702 milioi euroko proiektua aurkeztu dute gaur goizean Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatuak, Arabako Foru Aldundiaren jauregian. «Helburua argia da: arabar bakoitzak kalitate goreneko baliabideak eta zerbitzuak eskura izatea», esan du Gonzalezek.

Ahaldun nagusiaren arabera, kontuak «lurraldeko proiektu estrategikoei behin betiko bultzada» emateko balioko dute. Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, Ardoaren Bikaintasun Zentroa, zergak digitalizatzeko proiektua, Zahartzearen Ikerketa Zentroa, Arabar Errioxako Kuadrillako garbigunea eta Eskalmendiko laborategiko instalazioen egokitzapena aipatu ditu, adibidez. Dena den, onartu du inolaz ere ez direla 2025. urte bukaerarako amaituta egongo.

Inbertsioetarako 170 milioi euro baino gehiago kalkulatu dituzte. «Funtsezkoa» dela azpimarratu du, «ongizateari eutsi nahi badiogu».

«Sinetsita nago laster aurrekontuen inguruko akordio bat izango dugula»

RAMIRO GONZALEZArabako ahaldun nagusia

Gizarte politiketarako ia 300 milioi euro erabili nahi dituzte. Arabar bakoitzeko, gutxi gorabehera, 900 euro. Zatirik handiena Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak hartuko luke, «egoerarik ahulenean dauden pertsonei eta familiei laguntzeko». Era berean, berdintasun politikak garatzeko, kultur eta kirol jarduerak sustatzeko eta euskararen aldeko politikak egiteko aukerak iragarri ditu.

Lurralde kohesioa hobetuko duen proposamena dela ere esan du Gonzalezek. Proposamen horren bidez, udalerri bakoitzak orain arte baino diru gehiago jasoko duela zin egin du. Gasteizek, hiriburua izateagatik, 6,5 milioi euroko gehigarria izango luke.

Ingurumena ere kontuan izan dute aurrekontu posible horiek diseinatzean. 44 milioi eurotik gorako diru saila prestatu dute mugikortasun eta garraio politikak garatzeko, biodibertsitatea eta espazio naturalak babesteko, zaborren kudeaketarako, ur azpiegituretan inbertsioak egiteko...

Negoziazioak

Aurrekontuen proposamena egiaztatzeko oposizioko alderdiren baten babesa beharrezkoa izango da. EAJren eta PSE-EEren gobernu taldea gutxiengoan dago, 51tik 24 biltzarkide dituztelako. Gonzalezek kontatu du negoziazioak aurrera doazela eta Elkarrekin alderdiaren, EH Bilduren eta PPren aukerak «zabalik» daudela. «Ea zertan bukatzen den. Baina sinetsita nago laster aurrekontuen inguruko akordio bat izango dugula».

Iaz ere lortu zuten akordioa, Elkarrekin taldearekin, baina oinarriek ezezkoa esan zuten, eta azkenean bakarrik gelditu zen foru gobernua. Horregatik, Arabak 2023ko aurrekontuen luzapenarekin funtzionatu du aurten. «Iazkoaren ondoren, Elkarrekin alderdiarekin konfiantza landu behar da. Hitz eginda lortzen da hori, eta horretan ari gara. Aldundiak aldez aurretiko jarrera ona du», zehaztu du.

David Rodriguez Elkarrekin taldeko bozeramaileak erantzun dio aurkeztutako aurrekontuari «hobekuntza garrantzitsuak» falta zaizkiola. Etxebizitzaren arloan, zaintzan eta mugikortasunean «funtsezko eta anbizio handiagoko» neurriak hartzeko eskatu dute.

EH Bilduk ere «neurri ausartak» eskatu dizkio foru gobernuari. Eva Lopez de Arroiabe batzarkidearen arabera, «bada garaia inertziatik ateratzeko eta mahai gainean ditugun erronkei erantzungo dieten politika publikoak abiatzeko». Lopez da Arroiabek eskua luzatu dio Gonzalezi, akordio bat lortzeko helburuarekin.

Alderdi Popularrarekin datozen egunetan elkartuko dira, aurrena gobernuaren proposamena jakin nahi zutelako. Ekainean bi aldeek ia 10 milioi euroko gehikuntza bat adostu zuten. «Hitz egiten jarraitu behar dugu. Arabako gizarteak hori eskatzen digu. Gaur aurkeztu dugun proiektua zabalik dago beste talde politikoek ekarpenekin osatzeko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.