Arabako upategi txikiek urteak daramatzate Errioxako upategietatik bereizteko ahaleginean. Bide horretan, sor-marka berri bat sortzea izan da martxan jarri dituzten egitasmoetako bat: Arabako Mahastiak. Bide horrek, ordea, ez du ABRA elkartean biltzen diren upategi guztien babesik, eta ez aurrera ez atzera dago azken hilabeteetan. Sektorean duten krisia «larria» dela eta, uste dute «berebizikoa» dela Arabako Errioxako ardoak Errioxakoetatik bereizteko beste urrats batzuk egitea. Horregatik, erabaki dute «bide berri bat» jorratzea, bertako ardoen «identitatea eta kalitatea zaintzeko modua» emango dien bide bat.
Ez dute argitu zein den bide hori, baina zehaztu dute egitasmo hau abiatzeak ez duela esan nahi sor-marka berriarena alboratuko dutenik. «Sor-markaren bidea ez da itxi, upategi batzuek interesa baitute oraindik. Egitasmo hau paraleloan egingo da», azaldu du Itxaso Compañon ABRAko lehendakariak. «ABRA gisa, denok batera, elkarrekin egin nahi dugun bide berri bat da». Hau da, Errioxa sor-markaren barruan egingo dute bereizketarako ahalegin hori.
«Sor-markaren bidea ez da itxi, upategi batzuek interesa baitute oraindik. Egitasmo hau paraleloan egingo da. ABRA gisa, denok batera, elkarrekin, egin nahi dugun bide berri bat da»
ITXASO COMPAÑONABRAko lehendakaria
Datorren astean emango dituzte xehetasun gehiago, baina Compañonek azpimarratu du helburua dela kontsumitzaileei argi adieraztea erosiko duten ardo botila hori Arabakoa dela, eta ez Errioxakoa. «Begi bistan jarri nahi dugu. Gure kultura eta gure upategiak desberdindu nahi ditugu, kontsumitzaileari azaltzeko gu zer garen». Izan ere, adierazi du kontsumitzaileek sarri nahastu egiten dituztela biak, etiketan argi zehazten ez delako.
Hil edo bizikoa
Guardian egin dute ekitaldia, gaur goizean, horren berri emateko. Arabako Errioxako upategien elkartean lekua duten 80 upategietako ordezkariak bildu dira ohartarazteko hil edo biziko kontua dela. «Iraupen kontua da», azpimarratu dute. «Gure upategien bideragarritasuna bermatuko duten neurriak hartu behar ditugu, merkatu globalean duten esentziari, izaerari eta ospeari eutsi ahal izateko», dio irakurri duten adierazpenak.
Ardogintza sektorea ataka estuan dela adierazi dute: «Arabako mahastizaintzaren eta ardogintza sektorearen krisia larria da». Salatu dute azken bost urteetan 96 upategi itxi direla Arabako Errioxan, besteak beste mahatsaren prezioaren amiltzeak —2017an 1,19 euro ordaindu zen mahats kiloa, eta 2022an, 0,71 euro— eta ekoizpen kostuen garestitzeak itota. «Errentagarritasuna erabat murriztu dute, eta, ondorioz, askok jarduna bertan behera uztea ere pentsatu dute». Gaur egun 262 upategi daude eskualdean.
96Azken bost urteetan 96 upategi itxi dituzte Arabako Errioxan. 2015ean 358 upategi zeuden, eta gaur egun 262 dira. Upategi txiki askok jarduna eten behar izan dute ardoaren prezioaren amiltzeak eta ekoizpen kostuen garestitzeak itota.
Gainera, salatu dute Errioxa jatorri deituraren politikek eta banatzaile handiek kalte baino ez dietela egin upategi txikiei, «produktuaren homogeneizazioa» eta «botere metaketa» eragin dutelako. «Monopolio bat sortu da, upategi txikiei eta kalitateari eusteagatik borrokatzen ari direnei kalte egiten diena kantitatea lehenesten duen merkatu batean». Gainera, mahasti asko inbertsiogile handien esku geratzea ere eragin du, baita bertako familien eta mahastizainen ondarearen «galera» ekarri ere.
Horregatik daukate «funtsezkotzat» bereizketa. «Bereizketa hori funtsezkoa da merkatuan duten posizionamendua hobetzeko, haien produktuen kalitatea eta esklusibotasuna balioetsiko duten kontsumitzaileak erakartzeko». Bide horretan, bada, argi dute Arabako Errioxako upategiek kalitatea handitzearen aldeko apustuari eutsiko diotela. «Gure ardoak ez dira merkatuko produktu soil bat; mendeetako historiaren emaitza dira, artisau lanaren eta gure lurrarekiko errespetu zintzo baten emaitza».
Ziur daude soilik horrela lortuko dutela kontsumitzaileak erakartzea eta, bidenabar, sektoreari —eta eskualdeari— behar duen bultzada ematea. «Bide honek denon ahalegina behar du, baina erabakitasunez eta harrotasunez lortu egingo dela ziurta dezakegu, eta Arabako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreak bizirik iraungo duela, merkatu globalean erreferente gisa sendotuz».