ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartean ere ez dira gutxi AEBetako merkatura esportatzen duten upategiak, eta bada kezka, badakitelako ez dagoela haien esku konpontzea Donald Trumpen muga zergen arazoa. «Merkatu oso garrantzitsua da guretzat, ezin da ukatu», esan dio BERRIAri Ines Baigorri presidenteak: «Arazoak sor daitezke upategi batzuentzat, baina ezin dugu merkatu hori utzi, hori ere garbi daukagu sektorean, aukera handiak eskaintzen baititu».
Muga zergei aurre egiteko zein den gakoa? Baigorrik argi dauka: «Produktuak balio nahikoa ote duen salneurriaren igoera horri aurre egiteko. Ez badago behar bezain ondo kokaturik merkatuan, benetako balioa eta prezioaren arteko orekan, salmentak apaldu daitezke, noski». Edonola ere, «ez da albiste on bat» Arabako Errioxan ardoari esker bizimodua ateratzen dutenentzat, «baina ez dago gure esku muga zergak jar ez ditzaten negoziatzea, eta gure agintarien esku ere dezente urrun ematen du soluzioak, Europa baita zuzenean Trumpekin negoziatu behar duena».
Bada, ordea, Arabako Errioxako upategi txikiek egin dezaketen gauza bat esportazioak laguntzeko, hala AEBetara nola beste herrialdetara: merkatuak zabaltzeko lanean jarraitu, eskualdeko talde esportatzaile handiagotan dauden upategien antzera, eta alor horretan, lan eskergak ez du etenik izango. «Egun gutxi barru Bartzelonara goaz ABRAko hainbat upategi, hango azoka garrantzitsu batera, eta azaroaren 11tik 15era, AEBetako inportatzaile talde bat hartuko dugu etxean. Bederatzi upategik beren ardoak aurkeztuko dizkiete. AEBetako mendebaldeko zein ekialdeko kostaldeko eragileak dira, baita Texaskoak ere». Arazoak arazo, upategiek esportazioak handitzeko borrokan jarraitzeko borondate argia dutela dio Ines Baigorrik. Estatubatuarren ordezkaritza horrekin, gainera, Japoniako beste bat etorriko da. Eta, aurrerago, Txinara abiatuko da Arabako Errioxako upategi txikien ordezkaritza bat, gero eta garrantzi gehiago hartzen ari den merkatu horretan bezero berriak lortzeko helburuarekin. «Arabako Errioxa gisa joango gara, Arabako ardoak plazaratzera», zehaztu du ABRAko zuzendariak.
Izan ere, Arabako upategiak aspaldian daude sartuta buru-belarri Errioxa sor-markaren ozeanoan desberdintzeko ahaleginean. Helburu horrekin jarri zuen martxan ABRAk Arabako Mahastiak sor-marka eratzeko prozesua. Bi urtez geratuta egon ondoren, duela astebete berriro ere bere bidea egiten hasi da eskaera erakundeetan barna. Errioxako jatorri izenak duela bi urte onartu zuen Arabako Errioxako ardoak bereizteko etiketak eta sailkapenak zertxobait aldatzea, neurriz adibidez, eta, horren truke, Arabako Mahastiak sortzeko prozesua bi urtez geratu zuen ABRAk. Baigorrik dio ez dutela hartu berriro martxan jartzeko erabakirik, besterik gabe orduan eskainitako bi urteko epea agortu egin dela baizik, eta eskaerak aurrera egin duela. Desberdintzea oinarrizkotzat jotzen du sektore osoak, kalitatea eskainiz eta salneurria garestituz, geroa bermatzeko.
Arabako Errioxako upategi txikietan ere kezka sortu dute Trumpen muga zergek
AEBetako inportatzaileen talde bat dator azaroan Arabako Errioxara. Ardoak merkatuan duen kokapenak erabakiko du kaltearen neurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu