Arabako Errioxako 109 upategi eta mahastizainek osatutako ABRA elkarteak Arabako Errioxa izena utzi eta Euskadi hartzea erabaki du orain gutxi. ABE Euskadiko Upategien Elkarteak izen berria eta proiektu berria ditu orain, elkartera bildu nahi baititu txakolin sor-marketako ekoizleak eta sagardogileak ere. Baina aldaketa horiek ika-mika handia sortu dute, erabakia hartzeko modua bera ere auzitan jarri baitute ABRAko hainbat kidek, besteak beste, aldaketa horiek erabakitzeko batzarrean soilik hogei kidek hartu zutelako parte.
Elkartearen erabakiaz eta ika-mikaz galdetu zioten atzo Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburuari Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta sailburuak nahiko argi adierazi zuen aldaketa ez dela Jaurlaritzaren gustukoa. Aurretik antzeko iritzia agertu zuen Arabako Aldundiak. Kritikatu egin zuen gauzak erabakitzeko elkartearen jokaera eta orain arte ABRAk jasotzen duen diputazioaren diru laguntza zalantzan jarri zuen.
«Elkarte pribatu bati buruz ari gara, eta, beraz, izena aldatzea erabaki pribatua da erabat», erantzun zion Arantxa Tapiak Alderdi Popularrak atzo egindako galderari, gaiari buruzko ardurak kokatzeko asmoarekin. Hori bai, berehala gaineratu zuen Jaurlaritzak aldaketaren berri prentsaren bidez jakin duela. «Hilabete bat lehenago egin genuen bilera elkarteko buruzagi berriekin, eta horrelako aldaketa bat ez zen aipatu inongo momentutan», azaldu zuen Ekonomiaren Garapeneko sailburuak .
Elkartearen izen berriari buruz, Arabako Errioxa marka bazterrera uztea «ez da estrategia egokia», sailburuaren arabera. Aldiz, uste du «mundu globalizatu honetan estandarizazioak balioa galtzea» dakarrela, eta «ulertezina» zaio izendapen propioari uko egitea. Arabako Errioxa marka eta haren espezifikazioa «bultzatu egin behar dira, ez ezkutatu», uste du Tapiak.
Arabako Errioxako upategiek txakolin sor-markekin eta sagardogileekin elkarte bakarra osatzeko aukeraz, sailburuak uste du halako elkarte bat «haien guztien borondatetik» sortu beharko litzatekeela, eta ez soilik alde bakar baten ekinaldiz.
ABE Euskadiko Upategien Elkarteko zuzendari nagusi Ines Baigorrik herenegun azaldu zion BERRIAri elkarte zabalago baten xedea zein den: «Erakundeen aurrean sendoagoak ginateke, eta, aldi berean, Errioxako sor-markaren barruan desberdinagoak, gehiago desberdintzeko helburu garbia ere hor baitago».
Baigorriren arabera, kontua ez da Arabako Errioxa marka bazter uztea. «Ez dugu ABEren izenarekin saltzen, Arabako Errioxarenarekin baizik», esan zuen Baigorrik. «Zigilu horren barruan desberdintzeko da ABE, garena indartzeko eta kontsumitzaileentzat errazagoa izateko nor den nor desberdintzea».
Batzar berria ikusmiran
ABEk batzarra egin zuen ostegunean, eta, bilkuraren ostean, aldaketak eta proiektu berriak aurrera jarraitzen duela adierazi zuen zuzendaritzak. Dena den, batzarrean zenbait bazkidek beste bozketa bat eskatu zuten, eta zuzendaritzak beste batzar bateradeitzeko konpromisoa hartu duela azaldu zuten.
Beste batzar hori aipatu zuen atzo Arantxa Tapiak berak, eta gaineratu «gauzak argitzeko baliagarria» izango dela.
«Arabako Errioxa marka sustatu egin behar da, ez ezkutatu», esan du Tapiak
Jaurlaritzari ez zaio gustatu upategi txikien ABRA elkarteak ABE izena hartzea eta proiektua zabaltzea. Albistea prentsaren bidez jakin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu